Basoko txartela bost urterako izanen da

Guaixe 2020ko urt. 13a, 12:55
Frontoiak teilatu txikia berritua eta fatxada koloretsua ditu gaur egun.

Orain arteko txartela ibilgailuan itsatsiko den pegatina batek ordezkatuko du. Bestetik, aurten frontoiko argiteria berritzeko lanek segituko dute.

Basoko pisten eta bideen erabilerako ordenantzan aldaketak egin ditu udalak. “Aurreko legealdian basoko txartela indarrean jarri genuen. Aurreneko urtean ez zen ezer ordaindu behar, baina bigarrenean 10 euro ordaindu behar ziren. Administrazio tramiteak eta herritarren ekarpenak baloratu dira eta baso txartela urtero berritzea agian gehiegi da. Eta erabaki dugu bost urtetik behin berritu beharko dela, 10 euro pagatuz”. Orain arteko kartulinazko txartela autoan jartzeko pegatina bategatik aldatuko da; “pegatina askoz erosoa da. Herritarrak kexatzen ziren txartela galdu, busti, galdu… egiten dela”. Horren guztiaren berri emanez, etxeetara idatzia zabaldu zuen abendu bukaeran udalak. 

2015 aldera hasitako proiektuari bulkada handia eman zion udalak joan den urtean eta herri argiteriaren zati handienean LED argiak jarri zituen. “Herritarren ekarpenak egon ziren, euren kalean argi gutxi zegoela esanez edo. Guztiei erantzun zaie; batzuetan aldaketa eginez, besteetan beharrik ez dela ikusten esanez”. 85.000 euro bideratu ditu udalak eta Nafarroako Gobernuaren % 60ko diru-laguntza izan du. “Inbertsioa bost urtetan-edo amortizatuko da, faktura % 65 inguru jaitsiko baita”. 

Frontoia 
Euskalerriari pilotalekua kanpotik itxuraldatuta dago azaroaz geroztik. Harmailen gaineko teilatu txikia konpondu zuen aurrena udalak. Alkateak azaldu digunez, “frontoiko paretan muralak margotzeko eskaerak jasotzen hasi ginen. Artekaleko kideei proiektu txiki bat egiteko eskatu genien, zerbait homogeneoagoa, pixka bat txukunagoa gelditzeko. Eurek kolore progresioa egitea proposatu zuten. Eta eginen diren muralak kolore horiek errespetatzea”. Bi lanak 40.000 euro inguruko inbertsioa izan ziren, foru administrazioaren laguntzarekin egina. Frontoiko ateak eta beste ere begiz jota ditu udalak.  

Pilotaleku barruko argiterian ere aldaketak izan dira. Dirulaguntzarik jaso ez duenez, udalak bere egitasmoa bi zatitan banatu du. “Argindar gehien gastatzen zituzten argiak aldatu eta LEDak jarri dira. Argindarrarendako bi zirkuitu daude orain. Lehen argi guztiak piztu behar ziren. Orain beharren arabera pizten dira: pilota partida badago denak pizten dira, baina entrenamendurako aurrekoak, edo erdiak. Aukera gehiago ematen du”. Marañonek jakinarazi duenez, aurten gelditzen diren argiak LEDengatik ordezkatuko dituzte. 

Frontoiaren erabilera txarra egin zelako, zikinkeriagatik, aurreko neguan egun batzuetan frontoia itxita egon zen, behar bezala garbitzeko, bestela “udalak gutxieneko higienea ezin zuelako bermatu”. Alkateak gogoratu du frontoia pilota eskolak, ikastolak-eta erabiltzen dutela. “Horrelako zerbitzuak bermatu egin behar dira. Halakoetan ixten da eta zerbitzu horiek bermatzen dira. Beste guztirako itxita egoten da. Hala ere, beti dago aukera udaletxera etorri, giltza eskatu eta hartzeko. Horretarako problemarik ez dago”.  Marañonek azaldu duenez, azkenaldian erabilera ez da hain okerra izaten ari. “Bada denboraldi bat ez dena ixten. Zerbait egitea aurreikusten da, baina momentuz ez dakigu nola kudeatu”. 


Errepidean margotutako arrasto bikoitzak ibilgailuen abiadura murriztea du helburu.

Bestelakoak
Kultur etxeko teilatuko argi-zuloak daude haien inguruko hezetasunak eta mugitutako teila batzuk konpontzeko lanak egin ziren. Legeari egokitzeko suaren kontrako ate bat ere jarri zen. Lan horietara 5.000 euro inguru bideratu zituen udalak. Etxarri Aranatz iparraldetik hegoaldera zeharkatzen du NA-120 errepidea, Mandubite, Nagusia eta Zugarreta kaleak, hain zuzen ere. Nafarroako Gobernuak ibai gaineko zubia pasa eta berehala eta ia okindegia zen eraikinera arte errepideko erreiak banatzeko arrasto bakarra beharrean bi margotu zituen udazken hasieran. Foru gobernutik alkateari azaldu ziotenez, “bi arrastorekin margotzen ari dira, gidariaren bistara erreia pixka bat gehiago estutzen dute. Gidatzerakoan ikusten duzu bidea estuagoa dela eta horrek abiadura pixka bat moteltzera behartzen zaitu”. 

Enneco 
Nafarroa Bizirik fundazioak sustatuta, Enneco Haritzaren memoria egitasmoak Nafarroako historian murgiltzeko aukera emateko sortu zen. Etxarri Aranazko Udalak Basopokale eta Danbolintxulo artean lur sail bat horretarako esleitu zuen. Alkateak jakinarazi duenez, sustatzaileen aldetik “gutuna jaso genuen esleipen hori bertan behera uzteko eskatuz, printzipioz, proiektua bertan behera gelditu behar delako. Hala egin dugu eta lur sail hori udalaren eskutara bueltatu da atzera ere”. 

Erlazionatuak