"Beraien energia kontsumituko dute, euren teilatuan sortutakoa"

Guaixe 2020ko mar. 16a, 12:38
Leire Donazarrek (Goiener) eta Iban Azanzak (Andra Mari ikastola) sinatu zuten hitzarmena.

Nafarroako Ikastolen Elkarteak eta Goienerrek hitzarmena sinatu zuten otsailaren 17an. Bi aldeek energia kudeaketan eta energiarekin loturiko jarduerak eta estrategiak garatuko dituzte elkarrekin.

Aurreztea eta energia-eraginkortasuna ditu oinarri, baita energia berriztagarriaren kontsumo eta energiaren sorkuntza. Hitzarmen horren ondoren, Andra Mari ikastolaren eta Goienerren arteko hitzarmena etorri da, asteartean sinatu zutena. 

Otsailaren 17an hitzarmena sinatzerakoan, Nafarroako Ikastolen Elkarteak eta Goienerrek aipatu zenuten lehendik zegoen harremana “egonkortze aldera eta erlazio berriak sortzeko nahiarekin” sinatu zenutela. Andra Mari ikastolak eta Goienerrek erlazioa zuten aurretik?
Andra Mari ikastola hasiera-hasieratik Goiener kooperatibako bazkide eta bazkide kontsumitzailea da. Gurekin aspalditik daude energia berriztagarria eta bertako energia kontsumitzen. Sinatu zen hitzarmen horren ondorioz, Andra Mari ikastolan bere energia propioa eta bere teilatuak dituen baliabideak aprobetxatzeko eguzki instalazio fotovoltaiko bat proiektatzeko edo, behintzat, ikertzeko aukera bideratu zen. Hitzarmen horretan haien teilatuan eguzki instalazio fotovoltaikoa jartzeko akordioa sinatu genuen. Beraien energia kontsumituko dute, euren teilatuan sortutakoa. 

Hegoaldera ematen duen teilatu ederra du ikastolak. Zer nolako proiektua da? 
Gutxi gorabehera 380 metro karratu estaliko dituzte plakek. 192 plaka jartzea aurreikusten da. Instalakuntza horrek, guztira, 72 kilowatteko potentzia izanen du. 

Sortzen den argindar guztia bertan kontsumitzeko izanen da? 
Ikastolari bideratuko zaio kontsumitzen duen energiaren zati bat. Soberan dagoen gainontzeko energia sarera bota eta Goienerrek erabiliko du bere bazkidetza guztiari bideratzeko. Urteko egun guztiak kontuan izanda, ikastolak kontsumitzen duena baino % 47 gehiago sortuko da. Gauez argindarrik sortzen ez denez baina ikastolak kontsumoa duenez, energia instalazio honen bitartez kontsumituko duten % 60 euren teilatuan sortuko da. Gainontzeko % 40 sarera bota eta Goienerreko bazkidetzari zabalduko zaio. 

Horrek esan nahi du argindar fakturan aurrezpen handia izanen duela? 
Hasieratik instalazioaren amortizazioa bilatuko denez, aurrezpena, zuzen-zuzenean, ez da horren handia izanen. Aurreikusten da amortizatu eta aurrezpenak oso interesgarriak izatea ikastolarendako. 

Noiz hasiko da ikastola argindarra ekoizten?
Plangintza guztia prestatzen ari gara. Ikasleak daudenez, oporretan daudenean instalakuntza egiteko ahalmena izatea da interesgarriena. Ikastolak egutegia pasa digu eta, horren arabera, Aste Santuan  edo udan eginen genuke. Instalakuntza Aste Santuan egiten hasteko aukera izateko Etxarri Aranazko Udalarekin eta materialen hornitzaileekin saiatzen ari gara.  

Horrek guztiak inbertsioa eskatzen du. 
Inbertsioa Goiener kooperatibak hartuko du bere gain, Nafarkoop sorkuntza kooperatibaren bitartez. Inbertsio horietarako ireki dugun ekarpenetarako leihoa daukagu aukera moduan. Horrek zer esan nahi du? Goienerreko bazkidetza guztiari aukera ematen diogula horrelako proiektuetan; bankuan geldirik duten diru hori, interesik eta irabazirik ematen ez duena, Goiener kooperatibara ekarri, Nafarkoop kooperatiban ezarri eta diru-ekarpen horren truke kooperatibak urtero % 2ko interesa eskaintzen du. 

Orduan, Nafarkoop kooperatibak diru hori hartzen du eta errentagarriak, bideragarriak, sozialki etikoak eta jasangarri diren proiektuetan inbertituko du. Proiektu horiek sortuko ditu eta horren truke gure energia propioa, burujabetasuna eta energia berriztagarriak sortuko ditugu.  

Zenbatean espero duzu egindako inbertsioa amortizatzea?
Hori kalkulatzea ez da horren erraza. Etorkizunean egin behar den kontsumoaren araberako zerbait da. Eta inork ez dakigu etorkizunean nola kontsumituko dugun, ohiturak aldatzerik izanen dugun edo ez. Nahiz eta aurretik aurreikusi, beste urteetan izandako kontsumoekin-eta, kontuan izan behar dira instalazio horietarako bideratuta dauden dirulaguntzak. Guk egin ditugun kalkulu guztietan, eta erabakia aurrera eramateko erabili izan diren informazioak, dirulaguntzarik gabe eginak izan dira. Baina dirulaguntza horiek lortuz gero instalazioaren amortizazioa asko murriztuko delakoan gaude. Horregatik, ez gara datu bat ematera ausartzen. Baina datu bat esateagatik, 10 eta 15 urte bitartean egon daiteke, dirulaguntzarik izan gabe. 

Sakanan badugu beste ikastola bat, Iñigo Aritza. Halako asmorik baduzue han ere? 
Harremana badugu. Goienerreko bazkideak ere badira. Lehen proiektu sail honetan Andra Mari sartu dugu. Ez bakarrik instalakuntzaren erraztasunagatik bakarrik. Kontuan izan behar da sare elektrikora lotuta dagoen instalakuntza izan behar duela. Andra Marirenak baditu bere berezitasunak. Ez ditugu ateak ixten, hurrengoan Iñigo Aritza ikastolan egiteko aukera ikertzearena. 

Zer da Goiener? 
Irabazi asmorik gabeko kooperatiba bat da. Gizarteak, familiak, herriak, biztanleak, udalak, enpresa txikiak, enpresa handiak… Denetarik osaturiko familia handi bat gara. 13.000 bazkide baino gehiagoko kooperatiba gara. Bertan egiten duguna da gure faktura elektrikoa kooperatiba horren bitartez kudeatzea. Etxeetan, enpresetan, udaletan-eta kontsumitzen den energia Goiener kooperatibaren bitartez kudeatzen dira. % 100eko energia berriztagarria eskaintzen da. Irabazi asmorik gabeko kooperatiba moduan gure interesa da energia hori ahalik eta preziorik onenean jartzea. Energia izan dadila, ez dirua irabazteko eta poltsikoak betetzeko moduko produktu bat, baizik eta familia guztiei helarazi dakiokeen oinarrizko produktu bat. 

Bestalde, kontsumitu, baina baita sortu ere. Gure helburua gure energia propioaren burujabe izatea, bertan sortua izatea. Eta ez inguruko herrialdeen politikaren menpean egotea, edo petrolioaren prezioaren menpean egotea, baizik eta gure energia guk prezioa jarri, gure jabetza izan, eta, gehienbat, berriztagarria izatea. 

Horregatik Andra Mari ikastolako bezalako proiektuak, ezta? 
Bai. Hori oso garrantzitsua da guretako. Ez bakarrik gure energia sortzea, baizik eta bertako biztanleak halako proiektuetan sartu eta gure energiaren jabetza izatea. Energia hau guztiona izan dadila. Gure kontsumo puntuetatik gertu izan daitezela. Eta, noski, berriztagarriak izan daitezela. 

Goienerrek partikularren proiektuei laguntza edo babesa ematen die? 
Nafarkoop kooperatibaren bitartez autokontsumo zerbitzua zabaldu genuen. Sakanako Garapen Agentziak bideratuta, hiru herritan aurkezpenak egin genituen. Bertara joandako guztiek faktura elektriko bat ekarri ziguten. Faktura horren arabera, haien kontsumoak kontutan izanda, autokontsumoko zerbitzuaren bitartez, txosten bat helarazi genien. Han agertzen dena da zein izanen litzatekeen haien etxebizitzetan, haien kontsumoak kontutan izanda, beharrezkoa izanen luketen eguzki instalakuntza fotovoltaiko baten tamaina, inbertsioa eta ekonomia bideragarritasuna. 

Energia aholkularitza hori jaso nahi dutenek nora jo behar dute? 
www.goiener.com web orrira. Iruñeko Kale Berriko 111 zenbakian bulegoa daukagu (astelehenetik ostegunera 09:30etik 13:00etara eta 15:00etatik 17:00etara eta ostiraletan 09:00etatik 15:00etara). Edo telefonoz: 948 504 135. 


Jakingarriak
Eguzki plaken instalazioak sare elektrikoan energia % 100 berriztagarriaren kopurua handitzeaz aparte, CO2, NOx eta SOx emisioak murriztuko dira eta argindarraren garraioan eman ohi diren galerak ere bai.