Etxarri Aranazko Udalak 2.395.920 euroko aurrekontua onartu zuen otsailaren 21ean. Joan den urtean baino 197.591,52 euro gehiago. EH Bilduko hamar zinegotziek aldeko botoa eman zuten eta PPko bakarrak kontrakoa. Silvia Marañon Chasco alkateak azaldu digunez, “nahikoa inbertsio aurreikusi ditugu, beti dirulaguntzen menpe, Nafarroako Gobernuarenak, eta kasu batzuetan Europakoak. Baiezkoa dugunean eginen dugu inbertsioa. Bestela, egiteko gai garen edo hurrengo urterako uztea aztertu beharko dugu”.
Etxarri Aranatzen ur sarean presio arazoak dituzte. Horiek konpontzeko by-passa eta erregulatzaileak jarriko dituzte. Uraren behe-horniduraren hobekuntza lanak aurten eginen ditu Etxarri Aranazko Udalak. Marañonek azaldu duenez, “joan den urtean egitekoa zen. Lanak emanak daude. Baina burokrazia arazo batzuengatik ez zen egin eta aurten eginen da”. Marañonek azaldu duenez, “lanek hiru hilabete iraunen dute. Eragin handia izanen du. Eraikuntza enpresarekin hitz egin dugunaren arabera, dena prestatuko dute, eta egun batez ura moztuko da. Horrela, ahalik eta kalte txikiena eragin nahi dugu. Jakina, aurretik abisatuko dugu”. Lanak Construcciones Noveleta enpresak eginen ditu eta horren truke 78.800 euro jasoko ditu. Lan horiei aurre egiteko foru administraziotik 54.619 euroko dirulaguntza jaso du udalak.
Bai edo bai egin beharreko inbertsioen artean dago San Donato eskola publikoko galdararen aldaketa. “Gasezkoa da. Bere lana egin du, 36 urte dauzka jada, eta edozein momentutan porrot egin dezake. Biomasazko galdara jarriko dugu”. Alkateak lan handia aurreikusi du: “biomasako galdara ezin da bestea dagoen tokian jarri. Kanpoan etxola bat egin beharko da galdara jartzeko. Erre behar den materiala gordetzeko biltegia ere egin beharko da”. Horrek guztiak 130.000 euro inguruko inbertsioa ekarriko du. Hezkuntza Departamentuak dirulaguntza emanez gero udalak 60.000 euro jasoko lituzke.
Zatitze-gela
Etxarri Aranazko hiltegiari zatitze-gela bat gehitzeko proiektua ere jasoa dago udal aurrekontuetan. Marañonek esan digunez, “proiektua ez dago erabat definitua”. Sakanako abeltzainei eskaintzen zaien zerbitzua hobetu nahi du udalak. “Hemen hiltzen baduzu, baina zatitzeko gelarik ez baduzu, ez die merezi, eta gehienak beste toki batera eramaten dute eta han hiltzen eta zatitzen dute. Hau izanen da modu bat Sakanan bertan hazi, Sakanan bertan prestatu eta Sakanan bertan saltzeko”.
SGAko elikadura teknikari Nerea Viana Zugadirekin batera ari da lantzen proiektua udala. Hiltegiari zatitze-gela hori gehitzeak 325.838 euroko inbertsioa eskatuko dio Etxarri Aranazko Udalari. Inbertsioa egiteko dirulaguntza eskatu du udalak eta onartuz gero 200.000 euro jaso ditzake. Bestela, udalak ez luke eginen.
Sakanako Plan Estrategikoko 2018rako lehentasunetako bat izan zen zatitze-gelarena. Abeltzainek han haragia zatikatu edota manipulatzeko aukera izanen lukete eta osasun-zigilua jasota zuzenean salgai jartzeko aukera. Baina Nafarroako Gobernuak dirulaguntza berandu eman zuen, lanak egiteko epea zeharo murriztu zen eta, lanak egitea ezinezko bihurtu zen. Gainera, dirulaguntza eskatutakoa baino diru kopuru txikiagoa izan zen.
Bestelako inbertsioak
Lizarragabengoan abeltzaintza arloko hainbat hobekuntza lan egiteko dirulaguntza jaso du udalak. 51.972 euroko balioa dute lanek eta udalak 26.964,64 dirulaguntza jaso du. Argiteria publikorako 30.000 euro aurreikusiak daude. Kanpinean ere hobekuntza lanak eginen dira. Tartean dago igerileku handia konpontzea. “Zartatuak daude eta ura galtzen du”. 16.000 euro bideratu ditu horretarako udalak. Horrekin batera, kanpoko aparkalekua ere handituko da. 10.000 euro beharko dira Euskalerriari frontoiko argiteria berritzeko bigarren fasea egiteko. LED argiak jarriko dituzte.
Bernoako galtzada aitzaki hartuta, “Ibilbide Handi bat, GR bat, egitea lantzen ari gara, bai Sakanako Garapen Agentziako (SGA) turismo teknikari Paqui Urbitarterekin bai Lur Geroa enpresarekin”. Galtzada pasatzen den herri guztiak elkartu dira ekimen horretan: Etxarri Aranatz, Bakaiku, Iturmendi eta Urdiain. SGAk Europako Landa Garapenerako Programan dirulaguntza eskatu du.
Kontra
PPko zinegotzi Manuel Leal Villadangosen iritziz, “herriaren onura komunerako baino, aurrekontuak bideratuago daude nazionalismo erradikalaren kideko kolektiboen epaiketa gastuak ordaintzera”. Lealek beheko basotik kendutako monolitoaren gaia udal bilkurara eraman zuen. Jakina denez, Espainiako Auzitegi Nazionalak aginduta, hildako ETAkide etxarriarrak oroitzen zituen oroigarria kendu zuen udalak ilbeltzaren 27an. Lealen iritziz, “hura kentzeko lanak ez dituzte etxarriar guztiek pagatu behar, baizik eta oroigarria jarri zutenek”.
Aldi berean, PPko zinegotziak eskatu zuen herriko hainbat paretetan dauden “ETA banda terrorista gorestea helburu bakarra duten pintaketak kentzea”. Eta kritikatu zuen Garbiketa Ordenantza indarrean jartzeko mozioa atzera bota izana. Marañonek azaldu duenez, udalak barruko dokumentu bat badu eta “hiru hilabetetik behin-edo, begiratzen da zer dagoen, saiatzen gara, txukuntasuna mantentzen”. Udal eraikinetan dauden pintaketak irizpide horren arabera kentzen dituzte. “Baina batzuetan Espainiako Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzatik agindu bat iristen da non esaten duen: halako pintada borratu. Behartuta gaude eta momentuan borratzen dira”. Etxe partikularretan dauden pintaketen kasuan etxekoei pasatzen die abisua udalak.
Atzera begira
Etxarri Aranazko Udalak joan den urtean egindako inbertsioen artean daude: frontoiko teilatu txikia, Utzubar industrialdeko urbanizazioa, herri-argiterian LED argiak jartzea. Egitekoen zerrendan zegoen eskoletan LED argiak jartzea. Baina udaletxean jarri dituzte halako argiak. Joan den urtean ibilgailu bat erosteko asmoa zuen udalak eta ez zuen egin. Eta aurten ezta ere, “inbertsio potenteak” ditugulako.
Hitzarmena
Etxarri Aranazko Udalaren eta Lizarragabengoako Kontzejuaren artean hitzarmena sinatu dute aurten. Alkateak azaldu digunez, “udala legez hainbat zerbitzu kontzejuari ematera behartuta dago. Badaude beste batzuk behartuta ez gaudenak, baina, hala ere, ematen direnak kontzejuak horretarako baliabiderik ez duelako eta Etxarri Aranazko Udalari ez dio esfortzu handirik eskatzen. Beraz, dagoeneko egiten genuena paperean jasota gelditu da”. Udal eta kontzeju ordezkariak beste hainbat gairen inguruan hizketatzen ari dira eta gerta liteke hitzarmena zabaltzea.