Sakanako Plan Estrategikoaren aurtengo lehentasunetako bat Eraldaketa Gunea da. Sakanako Garapen Agentziako Aintzane Iriberri Berrostegietak azaldu digunez, “abeltzain eta nekazariek euren produktuak banaka eraldatu ezin dituztenez taldeka egitea izan daiteke aukera eta, horrela, esnekiak, marmeladak, haragia edo dena delakoa merkaturatu daiteke”. Sakanako Plan Estrategikoaren elikadura atalaren bitartez, lehen sektoreari bultzada eman nahi zaio horrela.
Sakanako Eraldatze Gunearen lehen fasea zatikatze gela izanen da. Etxarri Aranatzen eraikiko dute, Zumurdiñeta industrialdean, hiltegiaren iparraldeko hormari itsatsia. 84,15 metro karratu izanen ditu eraikinak eta haietatik 70,75 izanen dira erabilgarriak, horrela banatuko direnak: harrera- eta bidaltze-gunea (9,25 m2), biltegiratze hozkailua (19,15 m2), bukatutako edo ontziratutako produktuen hozkailua (12,7 m2), zatikatze gela (17,85 m2), izozkailua (9,15 m2) eta azkar izozteko makina (2,65 m2).
Gune berria hiltegiaren osagarri izanen da, baina independenteki erabiltzeko aukera izanen da. “Toki egokia zela iruditzen zitzaigun, hiltegian hiltzen diren animaliak eraldatze zentrora eraman daitezkeelako. Baina animalia batzuk kanpotik ekarriko dituzte, esaterako, txerriak, Etxarri Aranazko hiltegian ezin baitira hil”. Hala azaldu digu Begoña Goikoetxea Zabaletak, Belardiko kideak. Hiltegia kudeatzen duen kooperatibak bere azpiegiturak utzi ditu. Horrela, zatikatze gelak behar beharrezkoa duen osasun-zigilua lortuko du. Osasun-erregistroa duenez, obra sinple bat da eta horrek epeak asko azkartzen ditu. Pauso horiek SGAk koordinatu ditu. Bitartean ekoizle txikiak, hiltegiko kooperatibistak, udalak eta SGAk kudeaketa plana zehaztuko dute.
Etxarri Aranazko Udalak lurrak utzi eta llanak egiteko deialdia egin berri du. Interesatuek euren eskaintzak agorrilaren 9ko 14:00ak arte aurkeztu ditzakete (festengatik udaletxea 6tik 8ra itxita izanen da). Lanek 200.000 euroko aurrekontua dute eta bere osotasunean Nafarroako Gobernuak finantzatuko du.