Trikuharriko kalteengatik zehapen-espedientea

Guaixe 2020ko mai. 6a, 20:43

Fagamendiko trikuharria zintaz inguratuta. Argazkia: Nafarroako Gobernua.

Ingurumen Sailak zehapen-espedientea irekiko dio Etxarri Aranazko Fagamendi izeneko monumentu megalitiko katalogatuan kalteak eragin dituen baso-lanen enpresari.

Mendizale etxarriarrek gaztigatu zuten Fagamendiko trikuharriaren gainetik baso-lanetako makinak pasa zirela, eta makinen jardunak Trikuharrien Ibilbideko markak eta xenda desagerrarazi zituztela. Larunbatean izan zen horren berri udalak ere eta Nafarroako Gobernuari horren berri eman zion. Gaur goizean bertan izan dira zonaldeko Ingurumen saileko basozainak, Sepronako kideak eta Ondare Historikoaren Zerbitzuko arkeologoak eragindako kalteen lehendabiziko balorazioa egiten.

Basozainen ikuskapen-aktan jaso dutenez, enpresaren makina astunak harrizko tumulu baten gainetik pasatu ziren, eta ondorioz haietako batzuk hondoratu eta beste batzuk mugitu eta tokiz aldatu ziren. Hala, trikuharriak bere jatorrizko formaren parte bat galduko zukeen, eta lur-arrastoak eta zuhaitz-adarrak geratuko ziratekeen inguruan. Basozainek aktan gaineratu dutenez, “gainetik pasatzea ez zen inondik inora beharrezkoa”, eta azpimarratzen du monumentu megalitikoak ondo-ondoan duela bere izaera azaltzen duen interpretazio-panela. Makinak pasatu ondoren, eremua zigilatuta dute, plastikozko zintaz inguratuta.

Udalak azaldu zuena berretsi du Nafarroako Gobernuak: “trikuharri horren kokapena, baita udalerriko Trikuharrien Ibilbidean dauden beste batzuena ere aldez aurretik adierazi zitzaion baso-lanen esleipena zuen enpresari”. Foru administrazioak gaineratu duenez, “enpresari bai basozainek eginiko entrega-aktan, bai Baso Kudeaketa Atalaren baldintza-orrian ere” trikuharrien kokapenaren berri eman zitzaion. Baso Kudeaketa Atalak akta igorri dio Kultura Zuzendaritza Nagusiko Erregistro, Ondare Higikor eta Arkeologia Atalari, egoera zein den jakin dezaten eta katalogatutako monumentu megalitiko horri eginiko kalteak balora ditzaten.