2020ko festa 'berriak'

San Kirikon eta San Adrianen ekitaldi sinbolikoak besterik ez

Guaixe 2020ko eka. 1a, 14:16
Kintoak dantzan San Kiriko egunean, patroiaren egunean.

Goizean izanen direla jakinarazi du udalak, joan den asteko festa batzordean hainbat iritzi entzun ondoren.

Sakanako udal guztiek ohar bateratua argitaratu zuten joan den astean eta iragarri zuten ibarreko herri guztietan, “orain arte ezagutu ditugun moduan ezin izanen direla ospatu”. Horren jakitun, Etxarri Aranazko Udalak joan den asteazkenean Festen Batzordearen bilera deitu zuen eta hainbat eragile, elkarte eta herritarrekin egoera aztertu eta iritziak jaso zituen. Horiek entzun ondoren, udalak erabaki du San Kirikon eta San Adrianen, garagarrilaren 13an eta 16an, goizean ekitaldi sinbolikoak egitean. Ekitaldi horien ondoren urteroko ardoa banatuko da, “baina berezitasun batekin: ardoa herritarrei kristalezko botiletan banatuko zaie, behar diren neurriak hartuta, modu sinbolikoan bakoitzak San Kiriko eta San Adrianeko oroigarria bere etxe edo txokora eraman dezan”.

Joan den asteko batzordean udalak festen inguruko hainbat iritzi entzun ziren ere. Udalak aurreratu duenez, “festak (agorrilaren 1etik 6ra) orain arte ezagutu ditugun moduan ospatu ezingo diren arren hilaren bukaeran beste bilera bat eginen da gaiari buruz hitz egiteko”. Etxarri Aranako Udalak festen inguruko erabakia denen artean hartzearen alde agertu da, “beti ere kontuan hartu beharko dira momentuan jarraitu beharreko jarraibide eta neurriak”. Bitartean, COVID-19 gaitzak eragindako pandemia garaian udalak arduraz jokatzeko eta zaintzeko deia egin du. 


Etxarri Aranazko festa egutegia

  • Garagarrilaren 13an San Kiriko.
  • Garagarrilaren 16an San Adrian.
  • Agorrilak 1-7 Festak.
  • Agorrilak 15 Ama Birjinan eguna.
  • Lastailak 3-4 Feriak.