Etxarri Aranazko Udalak San Kiriko eta San Adrian ospakizunak bertan behera utzi ditu, “osasun agintariek egindako gomendioei jarraituz”. Hala ere, udalak egitarau sinbolikoa eginen du bi egun horietan. Aurretik, 18 urtetik gorako etxarriar guztien etxeetan txartel bana banatuko du. Txartel hori eskutan, nahi duenak San Kiriko eta San Adrian egunetan plazara joan daiteke, 09:30etik 11:30era, eta han txartelaren truke udalak botila bat ardo emanen dio ospakizunen oroigarri gisa.
Udal ordezkariek etxarriarrei gogorarazi dietenez, “gizarte-urruntze neurriak mantendu eta osasun agintariek emandako gomendioak betetzea guztion erantzukizuna da. Horregatik, etxarriar guztiontzat hain bereziak diren egun hauetan bizilagun guztiei arduraz jokatzeko deia egiten dizuegu: urruntze neurriak arintzen badira, birusaren zirkulazioa zabaldu daiteke”.