San Adrian egun handia izaten da etxarriarrendako. Herritik bost kilometrotara dagoen sainduaren ermitaren ondoan ematen dute eguna etxarriarrek, festa giroan. COVID-19 gaitzak ospakizun guztiak bertan behera uztea ekarri du. Horregatik, aurten etxarriar gehienek ez dute beheko basorako biderik hartu. Hala ere, San Adrian egunarekin bazkari bat baino gehiago izanen dira. Udalak, bestalde, ekitaldi sinboliko gisa, gaur 11:30era arte ardo botilak banatuko ditu plazan. 18 urtetik gorako etxarriar bakoitzak jaso dezake halako bana, etxean banatutako txartelak erakutsiz gero. Botilak herriko plazako argazki zahar bat dute etiketan. Txistularien kalejira ere izan da eta kintoek aldi berean dantzatu dute dantzakia.
Etxarri Aranazko Udalak San Kirikorako eta San Adrianerako antolatutako ekitaldi sinbolikoak larunbatean hasi ziren, patroiaren egunean. Gaur bezala, larunbat goizean ere, ardo botilak banatu zituen Etxarri Aranazko Udalak. Etxarriarrek pozik jaso zuten udalaren oparia. 11:00ak aldera txistulariek eta udalak kalejira egin zuten. Hura despeditzean, 11:30ean, kintoek aldi bereko dantzakia dantzatu zuten udaletxe pareko zabalgunean. 12k dantzatu zuten. Bestalde, hainbat kuadrila bazkari, merendu eta afari izan ziren. Kuadrila bakarrak merendatu zuen betiko tokian, ermitako atzeko atearen ondoan, rafe zabala dagoen txokoan hain zuzen ere.
Bestalde, ospakizunen bezperetan ohi denez, ostiralean eta atzo txistulariek, 20:00etan, kalejira egin zuten. Ostiralekoan, udaletxetik Kale Nagusira atera ondoren Guardia Civilak txistulariak espaloitik joatera behartu zituen.