Osasun publikoagatik Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak aurten herrietako festa guztiak bertan behera uztea eskatu zuten. Herriko festak hasteko hilabete eskas falta denean, Etxarri Aranazko Udalak jakinarazi du agorrileko ospakizunak bertan behera gelditu direla. Udalak gaztigatu duenez, “urruntze fisikoaren neurriak gehiegi erlaxatzen badira, litekeena da koronabirusaren zirkulazioa berriro aktibatzea. Mota horretako ospakizunetan birusaren transmisioa saihesteko beharrezkoak diren segurtasun-neurriak mantentzea zaila” delako hartu du erabakia udalak. Aurretik Festa Batzordeari jakinarazi dio. Batzordea ostegunean, 18:30ean, udaletxeko bilkura aretoan elkartuko da.
Udaleko kideak jabetzen dira “festa horiek etxarriar guztiendako duten garrantziaz jabetzen gara. Hori dela eta, erabaki hau atsekabe handiz hartu dugu, baina gauden egoeran bizitzak erdigunean jartzea ezinbestekoa dela uste dugu. Gauzak horrela, osasuna eta zaintzak mota guztietako ospakizun eta ohituren gainetik jarri behar dira, baita jai eremuan ere. Arduraz eta irmotasunez jokatu behar da, koronabirusaren zirkulazioan berragerpenak edo berraktibazioak saihesteko”. Azkenik, etxarriarrei “orain arte bezala, arduraz jokatzeko eta osasun-gomendioak betetzen jarraitzeko deia egiten diegu”.
Erabaki horren ondorioz ere, indarrik gabe gelditu da aurtengo agorrilaren 1, 2, 3, 4, 5, 6, 7 eta 15erako udalak taberna eta ostalaritza establezimenduei emandako ixteko baimen berezia. Beraz, ohiko ordutegi orokorrari segituz, 02:00etan itxi beharko dira establezimendu horiek.