Ur sareko arazoak konpontzeko lanak hasi dira

Guaixe 2020ko ira. 22a, 11:02

Lanek ur hodia agerian utzi dute errotondaren ondoan.

Herenegun hasi eta hiru hilabete barru despedituko dira. Lanen helburua da: uraren presioa kontrolatzea, ur-kontsumoa eremuka kontrolatzeko kontagailuak jartzea eta Lizarragabengoako ur hornidura hobetzeko by-passa jartzea.

Uraren behe-horniduran dauden arazoak konpontzeko lanak hasi ditu Construcciones Noveleta enpresak. Aurreikusitako lan guztiek 232.485,64 euroko aurrekontua izanen dute.  Silvia Marañon Chasco alkateak azaldu duenez, “hodietan urak duen presioa kontrolatzeko erregulatzaileak jarriko dira. Horrela lortuko da ura etxeetara eta enpresetara presio egokiarekin iristea”. Tren geltoki inguruko auzoan jarriko dira halako erregulatzaileak. 

Bestalde, alkateak jakinarazi du ur-kontagailu berriak jarriko dituztela bi industrialdeetan, nekazaritza poligonoan eta tren geltoki ondoko auzoan ere. Kontagailu horien bidez udalak ur kontsumoa eremuka kontrolatzeko aukera izanen du. Eta Marañonek gaineratu duenez, “uraren presioaren kontrolarekin ur-ihes batzuk saihestuko dira, eta ur-kontagailu berriekin errazago izanen da haiek atzematea. 

Langileek egin beharrekoen artean dago by-pass bat jartzea. “Zubi bat da. Hainbat zirkuituren arteko lotura egiten da eta alde batera edo bestera ireki dezakezu. Horrela, Lizarragabengoako ur hornidura hobetuko da”. Eta kontzejua aipatuta, Marañonek azaldu duenez, agorrilaren 8tik joan den astera arte hodi baten bidez hornitu behar izan dute herria. “Hornidura sarean ur-ihes batzuk zeuden eta haiek konpondu bitartean horrela bermatu dugu ura”. 

Dirulaguntza 
Etxarri Aranazko Udalak Nafarroako Gobernuaren 26.000 euroko dirulaguntza jaso du despopulazioaren kontrako neurriak hartzeko. Marañonek argitu duenez, “hainbat proiektu ditugu mahai gainean, baina oraindik ez dakigu zeintzuk gauzatuko diren. Gobernuaren oniritzia behar dugu, laguntza jasotzeko jarri dituen baldintzak bete behar baitira”.