Claudio Dieguezen gorpuzkiak jaso ditu familiak

Guaixe 2020ko abe. 18a, 14:24

1936ko estatu kolpearen ondoren fusilatu zuten eta bere hezurdurak Otsaportilloko lezean agertu ziren. Concha Dieguez alabak, aita bilatzeko eta historia memoria zabaltzeko ekintzaile nekaezinak, jaso ditu bere aitaren gorpuzkiak 

Claudio Doroteo Dieguez Loza etxarriarra 1936ko irailaren 13an Altsasun atxilotu eta fusilatu zuten. Haren gorpuzkiak Otsoportilloko leizeatik atera zituzten 2016an eta 2017an, eta haren alabak, Concha Dieguezek, Nafarroako Gobernuaren DNA banku publikoan utzitako lagin bati esker identifikatu ahal izan zituzten. Hipotesi hori, hasiera batean, ez zen kontuan hartu, lekuko guztien arabera, N-1 errepide zaharraren azpian lurperatuta egon zitekeelako, Sozarretan. Aita zenaren hezurrak jasotzerakoak Conchak beste 16 senitarteko izan ditu ondoan. Baita Etxarri Aranazko alkatea eta memoria taldeko kideak. 

Ekitaldian, Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariak gogorarazi duenez, Claudio Dieguez “Nafarroan errepresio frankistaren biktima gehienak bezala, bere ideia politikoengatik eta bere jarduera sindikalagatik soilik hil zuten. Gobernuak berretsi egin nahi du memoriaren, gorpuak hobitik ateratzeko eta identifikatzeko politika publikoekin duen konpromisoa, eta etenik gabe jarraituko dugu lan horretan”, gaineratu du.

Kontseilariaren arabera, konpromiso hori “ez da soilik jarduera publikora mugatzen (prospekzioak edo hobitik ateratzeak, adibidez), baizik eta ikerketa, dokumentazio, hipotesien kontraste, hobien maparen eguneratze eta berrikuspen edo profil genetikoen erkaketa isileko lan osora ere. Ziur egon zaitezkete, ikusten edo entzuten ez denean ere, Zuzendaritza Nagusiko taldeak lanean jarraitzen duela”, gaineratu du.

Kontseilariak Claudioren senideei eskerrak emanez despeditu du hitzaldia: “Claudio berreskuratzeko zuen poza pertsona askok partekatzen dute, batez ere desagertutako pertsona bat berreskuratzen eta bere familia entregatzen ikusten duten bakoitzean beraietako batekin daudela sentitzen duten familiek”.

Aurreikusi gabeko hipotesia
Claudio Dieguez 1900eko urriaren 30ean jaio zen San Asension (Errioxa) eta Etxarri-Aranatzen bizi zen, bere emazte eta lau seme-alabekin. Trenbidean lan egiten zuen, sutegi gisa, eta CNTrekin lotura zuen. 1936ko irailaren 13an, Miranda de Ebron lanean ari zela, atxilotu eta Altsasura bidali zuten. Gau hartan bertan, familiari jakinarazi ziotenez, Sorozarreta inguruan hil eta bertan lurperatu zuten.

Lekukotasun batzuen arabera, 50eko hamarkadaren akaberan, errepidean obrak egiten ari zirela, giza arrasto batzuk agertu ziren. Zenbait hipotesi zeuden horren inguruan: bertan edo laster utzi izana, edo hilerriren batera joan izana. Hala ere, Nasertic enpresa publikoaren laborategi genetikoak Otsaportilloko leizean 2016 eta 2017ko hilobitik ateratako gorpuzkien artean identifikatzea lortu zuen. Hipotesi hori ez zen kontuan hartu, eta, antza denez, norbaitek erabaki zuen gorpuzkiak jaso eta Urbasa mendilerroko leize horretara eramatea, ziurrenik 1936ko biktimak hil eta lurperatzeko leku gisa zuten balio sinbolikoak eraginda.

Erlazionatuak