Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkarteak, hainbat sakandarren laguntzaz, 1936an Sozarretako bide bazterrean eraildako lau gizonen omenezko ekitaldia antolatu zuten. Ekitaldiak ehun bat pertsona bildu zituen, haien artean zeuden Etxarri Aranatz, Olatzagutia eta Berriozarko alkateak. Azken herri horretan bizi da Concha Diegez, eraildako haietako baten alaba eta gorpuak lur azpitik ateratzeko borroka nekaezina aurrera daramana. Guztiekin eta beste makina bat erakunderekin harremanetan izan da Concha. Horregatik zeuden ekitaldian Camino Mendiluze eta Garazi Urrestarazu Altsasuko alkate ohiak.
Elkartearen izenean Eneko Artetak eskuinak memoria historikoaren kontra duen jarrera salatu zuen. Han presente zen Concha Dieguezen moduko senideek 80 urtean “fusilatuaren umezurtz izatea, gerran garaitua izatea jasan behar izan dute haurrak zirenetik, zauriak dirau”. Halako mina haien senideen hezurrak berreskuratzeak soilik senda dezakeela nabarmendu zuen. Dieguezen hitzak gogora ekarri zituen: “demokraziaren kontrako horiek, inolako zigorrik jaso gabe, gu iraintzen, mintzen, umiliatzen gaituzte”.
N-1 errepide zaharra, NA-1000, zabaldu eta berritu egin da 1936tik eta haren azpian leudeke Claudio Doroteo Dieguez Loza etxarriarra eta Eustaquio Bengoetxea Bengoetxea, Hilario Goikoetxea Agirre eta Miguel Mikelez Agirre olaztiarrak. Aranzadi zientzia elkarteak 2010ean georradarra pasa zuen baina ez zuen gorpuen arrastorik opatu. Zezilio Oiarbidek 12 urte zituen eta aldameneko baserri batean bizi zen gorpuak ikusi zituenean. 2015ean harekin joan ziren tokia zehaztu asmoz. Errepidean zabaltze lanak lautan egin dira eta horrek erreferentziak galtzea ekarri du. Aranzadi elkartekoek hilobia opatzeko zailtasunak nabarmendu dituzte.
Ekitaldia
Camino Mendiluzek azaldu zuenez, “eskuindarrek, UPNkoek, esaten dute guk zauriak berriro zabaldu nahi ditugula. Ez, guk zauriak itxi nahi ditugu! Haien pertsona maitatu guztiak ondo gogoratuak izan dira, eta ondo daude haien lekutan. Guk guztiok gure izaki maitatuek merezi duten lekuan egotea nahi dugu”. Gobernuari lau hildakoak opatzeko ahalegina egiteko eskatu zuen, “senideek, azkenik, atseden hartu ahal dezaten”.
Ramon Arratibelek, Rayok, azaldu zuenez, “15 urtez erailda egondako osaba bat, amaren anai bat, izan genuen guk. 1952an, festetan, agertu zen etxean eta sorpresa hartu genuen. Barbaridade izugarriak kontatzen zituen”. Hark eskatu zien ez erabiltzeko fusilatu hitza: “guk ez dugu ezer egin, erail gintuzten”. Ondoren, ahanzturaren kontrako idatzi bat irakurri zuen. Lau hildakoen omenez Lanzko zortzikoaren doinura flamenkoa dantzatu zuen Dieguezen biloba batek. Ohorezko aurreskuaren ondoren, senideek lore eskaintza egin zuen. Haietako batek, Concha Dieguezek, Affnako kideekin batera pikotxa hartu eta, sinbolikoki, errepidea zulatzen hasi zen.
Eraildakoak
Claudio Doroteo Dieguez Loza
1904ko lastailaren 30ean jaio zen San Asension (Errioxa). Francisca Jaka Mendiolarekin ezkondu zen. Bikotea eta lau seme-alabak Etxarri Aranatzen bizi ziren. Bera Miranda de Ebron treneko sugina zen eta makina gidari postura igo zuten. Horregatik, Altsasura lekualdatu behar zuten. CNTko kidea zen. Mirandan atxilotu eta Altsasura eraman zuten. Sozarreta aldean 1936ko irailaren 14an hil zuten. Honakoak leporatu zizkioten: 1931n kartelak jartzea, Asturiasko iraultzakoen hilketen kontra edota hauteskundeetan emakumezkoen botoaren alde kanpaina egitea.
Eustaquio Bengoetxea Bengoetxea
1912ko irailaren 20an jaio zen Bonifacia eta Teodororen semea. Ezkongabea, nekazaria zen eta EAJko kidea. 24 urte zituela hil zuten, 1936ko irailaren 14an.
Hilario Goikoetxea Agirre
Nekazaria, abertzalea, 21 urte zituela erail zuten, 1936ko irailaren 14an.
Miguel Mikelez Agirre
1901eko apirilaren 29an jaio zen, Olatzagutian, Sebastiana eta Beremundoren semea. Ezkongabea, langilea, PSOEko kidea zen. 31 urte zituela hil zuten.
Pertsonaia: Concha Diegez
Claudio Doroteoren seme-alabetan hirugarrena da Concha eta larunbatean omenaldian izan zen. Aitak etxera egindako azken bidaian emandako aholkuak gogoratu zituen: “ona izan, inori ez minik egin, zure burua defendatzen ikasi, zaindu ama eta anaiak eta barkatzen ikasi”.
Conchak aitaren gorpuaren bila luze darama. Errekete etxarriar baten ahotik jakin zuen aitari tiro zeinek jo zion eta non, exekuziotik 10 urte pasa ondoren. Errekete hark jakinarazi zionez, salatzea eta hiltzea lana lortzeko prezioa omen zen. Conchak dioenez, aitari buruz ez zuen gehiago jakin, “hitz egiteko beldurra” zegoelako. Camino Mendiluze Altsasuko alkate zela, Conchak datu gehiago jaso zituen: erail eta gero, egunetara, txakur batzuk gorpuak lurpetik atera zituztela eta inguruetako baserritarrek berriro lur eman zietela edota 70ko hamarkadan errepidea zabaltzeko lanak egitean langileek hezurrak opatu eta zeuden tokian utzi zituztela.
Etxarrin gelditu zen familiari etxea erre zioten, abereak eta garia lapurtu zizkieten, txahala eta jasotako gari zaku bakarra errekisatu zieten, semeak atxilotu zituzten, apaizak ama haurrak kentzearekin mehatxatu eta hiru maitale zituela zabaldu zuen, etxetik bota zituzten eta Etxarriko udaletxeko estalopean bizi izan ziren, beste familia batek euren etxean jaso arte. Etxarrin zituzten lurrak merke saldu eta Altsasura lekualdatu ziren. Han lurrak zirenak baino garestiago erosi behar izan zituzten. Extraperloa izan zuten bizimoduetako bat, baina anaietako bat atxilotu zuten. Conchak berak lagundu zion muga pasatzen.
Ondoren ere markatua segitu zuen. Dantzaldietan baztertua izan zen. Lanean ere, fusilatuen alaba zelako, espedienteak izan zituen. Emakumeak larunbatean nabarmendu zuenez, “urte oso gogorrak izan ziren. Umiliazio eta bazterketa handia bizi genituen. Aita kendu ondoren ez dakizu zer den herritik bidaltzea”.
Aitaren gorpuaren bilaketa luzean Conchak aitortu zuen beste eraildakoen senideak topatzeko Olatzagutian eta Ziordian egindako ahalegina gogoratu zuen. Affnako kideek bere bilaketan Conchak opatutako oztopoak salatu zituzten. Hala ere, bilaketarekin jarraitzeko gogoa eman dio Nafarroako Gobernuan izandako aldaketak. Elkarteko kideek adierazi zutenez, “orain bere esanak kontuan hartzen dituzte”.
Osasunak eta urteek “indar gutxi” utzi diotela dio. Hala ere, Conchak: “ez dut etsiko justizia egin eta aitak dagokienekin atseden hartu arte”. Conchak gogorarazi zuen duela bost urte hil zen senarra “ona” izan zela, “zorte hori izan dut”. Aitortu zuenez, dituen hiru semeak eta ilobak dira haren bizipoza. Igandeetan Etxarriko Gure Ametsa jubilatu elkartera joaten dela eta disfrutatzen duela gaineratu zuen. Bere bilaketan lagundu dioten guztiei eskerrak eman zizkien.