Goñiren memoria bizirik mantentzeko

Guaixe 2020ko abe. 30a, 11:00
Antonio Goñi Igoaren argazkia goiko pantailan.

Burgosko prozesuaren testuinguruan Donostian atxilotu eta torturatu zuten Antonio Goñi Igoa etxarriarra. Haren oroimena ez galtzeko ekitaldia antolatu zuen Burgos 50 ekimenak.

Antonio Goñi Igoa bere buruaz beste egin zuela 50 urte bete ziren abenduaren 21ean. Goñi “beste asko bezala, ahaztutako biktima” bat dela esan zuten bere senideek hilaren 20an, Burgos 50 ekimenak Etxarri Aranatzen antolatutako ekitaldian. Horrekin batera, senideek adierazi zutenez, “hemen, egunen batean bizikidetza lortuko bada, garrantzitsua da biktima hauek aitortzea eta hau bezalako oroimen ekitaldiak egitea bere memoria bizirik mantentzeko”. 

Burgosko prozesua hasi ondoren Bizkaian eta Gipuzkoan salbuespen egoera ezarri zuen Espainiako Gobernuak. Hilaren 20an azaldutakoaren arabera, “Goñi eta beste bost lagun Alde Zaharrera joan ziren lana bukatu ondoren. Poliziak geldiarazi zituen eta bostak batera ezin zirela egon esan zieten, debekatuta zegoelako. Goñik protesta egin eta poliziak dokumentazioa eskatu zion. Etxarriarrak ez zuen gainean, eta poliziari Bodegas Anastasion ahaztua utzia zuela esan zion. Atxilotu eta 18 egunez erabat desagertuta eduki zuten”. 

Ondorioz, “Carmen emaztea polizia etxe guztietatik haren bila ibili zen senarraz galdezka. Ez zioten esan non zegoen. Askatu eta etxera bueltatu zenean desegindako gizona zen. Denetarik egin zioten, hazkazkalik ere ez zitzaion gelditzen eskuetan”. 18.000 pezetako (108,18 euro) isuna jarri zioten. Hura pagatzeko lankideen eta lagunen laguntza izan zuen. 

Akabo
1970eko abenduaren 21ean, Santo Tomas egun hartan lagunekin gosaltzeko hitzordura ez zen agertu. Bezperan familiak Etxarri Aranatzen txerria hil zuen eta anaia bat presentea eramatea Donostiara joan zen. Hark opatu zuen etxean bere buruaz beste egin zuen Goñi lurrean. Anaiak Goñik idatzitako oharra irakurtzeko aukera izan zuen (txakur horiek hilko naute!”). Poliziak oharra eta bere objektu pertsonal guztiak eraman zituen. Familia haiek berreskuratzen alferrik saiatuko ziren. 

Zortzi anai-arrebako familian sortu zen Goñi. Frankismo hasierako miseria gorria bizi behar izan zuten. Guztiak 11-13 urterekin atera ziren etxetik lanera, morroi. Gehienek Gipuzkoara jo zuten. Goñik soldaduska bukatu ondoren Donostian hasi zen lanean. Makina konponketan trebea, urteak egin zituen Gros auzoko Imprentas Valverde enpresan mantenu mekanikari lanetan. 

Aitortza eskaera
Burgos 50 ekimeneko ordezkariek gaztigatu dutenez, “ia gaur egun arte euskal herritarron kontrako tortura ezagutu behar izan dugu. Euskal Herrian, euskal herritarroi torturak utzitako oinazea aitortu eta erreparatu behar dira. Eta ez errepikatzeko bermeak behar ditugu oraindik ere”. Bestalde, Burgosko prozesua gogoan izanik, hura “frankismoa epaitzea, Euskal Herrian olatu berri bat sortzea lortu zen”. Orduko haria eten ez dela eta “gaur egun euskal errepublikaren alde borrokan jarraitzen dutela adierazi zuten. Ekimeneko bozeramaileak adierazi zuenez, “balore sozialista eta feministetan ardaztuko den herri baten aldeko borrokan berresten gara”.