Tortura salaketak ez ikertzearen soka

Guaixe 2021ko urt. 21a, 13:09
Iñigo Gonzalez eta haren kideak, herengungo prentsaurrekoan. Eskuinean Patxi Arratibel. Argazkia: Ekinklik Argazkiak

Ekinen kontrako polizia operazio batean atxilotutako seitik bostek tortura salaketak egin zituzten. Giza Eskubideen Europako Auzitegiak salaketei sinesgarritasuna eman eta Espainia salaketak ez ikertzeagatik zigortu du. 11. aldia da, haietatik seitan ikerketarik egin ez zuena Fernando Grande Marlaska izan zen.

Gaur egun Espainiako Barne ministro den Fernando Grande Marlaska 2011ko ilbeltzaren 18an Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailea zen. Eta egun hartan Guardia Civilari agindu zion Ekin erakundearen kontrako sarekada egin eta sei pertsona atxilotzeko. Haien artean zegoen Patxi Arratibel Gartziandia etxarriarra. Sarekada hartan atxilotutako sei nafarretatik bostek torturak salatu zituzten, Arratibelek bere polizia deklarazioan aztnugal izenpetu zuen, hau da, laguntza alderantziz. Atxilotutako hiruri Giza Eskubideen Europako Auzitegiak arrazoia eman die eta Espainia zigortu du haien tortura salaketak ez ikertzeagatik. Arratibeli Estrasburgoko epaitegiak 2015ean eman zion arrazoia, Xabier Beortegiri 2016an eta Iñigo Gonzalezi herenegun. 

Duela hamar urte atxilotuak izan zirenak Barne Ministerioaren Madrilgo egoitzara joan ziren herenegun eta Estrasburgoko hiru epaiak, Torturaren Prebentziorako Europako Batzordeak haien testigantzei sinesgarritasuna ematen zien 2011ko txostena eta gutun bat utzi zituzten Grande-Marlaskarendako. Dokumentazio horrekin agerian utzi nahi izan dute epailea zenak ez zuela atxilotuen segurtasun fisikoa eta psikologikoa bermatzeko ardura hartu aipatutako hiru kasuetan (Grande-Marlaskaren kontrako halako beste hiru epai gehiago eman ditu Europako auzitegiak). Bestalde, duela 10 urte izan ziren euskal herritarrek Madrilen azaldu zuten Espainiako komunikabideak eta alderdiak epaiaren inguruan isilik geratu izana “harritzen” dituela. 

Bestalde, atxilotuak izandakoek Nafarroako Gobernuari torturari buruzko ikerketa egiteko eskatu diote. Gogorarazi zuten Euskal Memoriak egindako ikerketak 5.655 tortura kasu aipatu zituela. “Beharrezkoa deritzogu erreparazioa, aitortza eta, batez ere, ez errepikatzeko bermea izatea”. 

Erreakzioak
Geroa Baik Estatuari epaia “aintzat” har dezala eskatu dio, baita “polizia dependentzietan tratu txar eta tortura jarduerak ekidingo dituzten protokoloak bermatzeko beharrezko neurriak har ditzan ere”. EH Bilduk eskatu du Fernando Grande-Marlaskaren presazko agerraldia egin dezala Espainiako Kongresuan. Koalizioak, bestalde, nafarrek 1978tik aurrera pairatutako torturak ikertzera premiatu du Nafarroako Gobernua.