Liburuaren eguna ostiralean

Guaixe 2021ko mai. 4a, 10:44
Kaxeta liburu dendak 'Hitzordu itsua liburuekin' ekimena egin zuen Liburuaren egunean. UTZITAKOA

Apirilaren 22an ospatu behar zuten Etxarri Aranazko Liburuaren eguna, baina perimetro itxieraren ondorioz, ekimena atzeratzea erabaki zuten. Hortaz, ostiralean, maiatzaren 7an, "galdutakoa" berreskuratuko dute. 

2021eko Liburuaren egun berezia prestatu zuten Etxarri Aranatzen. Apirilaren 22an ospatu behar zuten, Liburuaren nazioarteko egunaren aurretik. Baina pandemiaren eraginez, herria perimetralki itxi zuten eta ekimenak atzeratzea erabaki zuten. Herriaren itxiera maiatzaren 6an, osteguna, bukatzen denez, ostiralean atzeratutako Liburuaren eguna ospatuko dute Etxarri Aranatzen.

Ekimenak 17:00etan hasiko dira: Kaxeta liburu dendak liburuak saltzeko kalera aterako ditu eta, bitartean, liburutegian liburu trukea eginen da eta etxean irakurrita dituzte liburuak irakurri gabekoengatik aldatzeko aukera izanen da. Bestetik, 17:30ean Izaskun Mujika ipuin kontalariaren Ipuinen lapikoa saioa izanen da. 18:00etatik aurrera Monika Arratibel eta Xabier Etxaniz, Xabi Mintegi eta Jose Luis Erdozia Etxarri Aranazko egileek liburuak sinatuko dituzte. Ez da zertan bertan liburuak erosi behar, etxean izatekotan horiek sinatuko dituztela jakinarazi dute Etxarri Aranazko kultur zerbitzutik. 

Egitaraua

  • 17:00-19:30
    Liburu salmenta, Kaxeta liburu dendan
    Liburu trukea, liburutegian
  • 17:30-18:15, plazan
    Izaskun Mujika ipuin kontalaria
  • 18:00-19:30, plazan
    Etxarriko idazleen liburu salmenta eta sinadura: Monika Arratibel eta Xabier Etxaniz, Xabi Mintegi eta Jose Luis Erdozia

 

Erlazionatuak

"Kontatzearen momentua bera magikoa da"

Erkuden Ruiz Barroso 2021 api 20 Ihabar