Abesbatzak bizirik eta osasuntsu jarraitzen du

Guaixe 2021ko eka. 29a, 11:57
Etxarri Aranazko Abesbatzak igandean eskainitako kontzertuan. UTZITAKOA

2021. urtean zehar Etxarri Aranazko Abesbatzaren 50. urteurrena ospatzen ari dira

Mende erdi batean Etxarri Aranazko Abesbatzak milaka emanaldi egin ditu: antzoki handietan zein txikietan, hirietan zein herri txikietan; Nafarroan, Euskal Herrian, Estatuko leku askotan, baita atzerrian ere eskaini dituzte emanaldiak. Lehiaketetan parte hartu dute, eta sari garrantzitsuak jaso dituzte estatu eta nazioarte mailan. "Bere lan ona eta hobetzeko grina ibilbide osoan zehar" nabarmendu direla aipatu du Maria Goikoetxea abesbatzako kideak.

Egoera
50. urteurreneko ekimenei abenduan eman zioten hasiera, hamarkada hauetan bildutako dokumentu eta argazkien erakusketarekin. Gainera, urte amaieran kontzertu bat egin behar zuten, urteurrenaren hasiera markatuko zuena. Baina osasun egoera zela eta, bertan behera utzi behar izan zuten. "Abesbatzan, bizitzan bezala, egoera berriei aurre egitea tokatzen zaigu. 2019an 50. urteurrena ilusioz beterik prestatzen hasi ginen: gauza berriak, gonbidatuak, sorpresak… pandemiak beste plan batzuk zituen eta gureak aldatu zizkigun", azaldu du Goikoetxeak. Hortaz, "ahal duguna" egiten jarraitu dute eta ilusioz prestatutako kontzertua eskaini zuten igandean, Etxarriko elizan. "Kontzertu polit bat eskaintzeko momentuan gaude, eta neurriak mantenduz, arriskurik gabe. Oso pozik gaude".

Grandes Hitos proiektuarekin bere ibilbidean "oso une garrantzitsuak" markatu dituen edo urtetan koroaren erreferente izan diren obren errepasoa egin nahi dute. 50 urtetan abesbatzan parte hartu duten koralisten lana omendu nahi dute ere, "baita hura gidatu duten zuzendarien ahalegina eta jakinduria ere". Kontzertua "ilusio handiz, beti bezala", prestatu dute, "eta etxean abesteak asko pozten gaitu". Gogorra ere izan dela aitortu du Goikoetxeak, "etenaldi batzuk egin behar izan ditugulako entseguetan, maskarakin abestea zailagoa delako, entseguen ordutegia eta lekua aldatu behar izan dugulako…". Ez da erraza izan, baina kide guztien lanarekin lortu dutela adierazi du. "Pozik eta harro gaude".

Urteurrena
"Mila ideia polit geneuzkan 50. urteurrenerako, baina pandemiak beste bide batzuetatik eramaten gaitu. Ez du inporta". Mende erdia ezin bada, beraz, 51. edo 52. urteurrenak ospatuko dituztela esan du Goikoetxeak. Pentsatutako proiektu "polit hauek guztiak" aurrerago egitea gustatuko litzaioke, "eta ziur lortuko dugula".

Pandemia hasi zenean eta egoeraren larritasunaz konturatu zirenean "inoiz izan dugun erronkarik bereziena" mahai gainean jarri zutela azaldu du abesbatzako kideak: "Hau dena bukatzen denean Etxarri Aranazko Abesbatza bizirik eta osasuntsu jarraitzea". Oraindik "arazoa ez da amaitu", baina bide onetik doaz.

Erlazionatuak

Mende erdia baino gehiago

Erkuden Ruiz Barroso 2020 urr 06 Etxarri Aranatz