Mende erdia baino gehiago

Erkuden Ruiz Barroso 2020ko urr. 6a, 13:46
Urtero bezala festen bezperan Etxarri Aranazko Abesbatzak salbea abestu zuen. UTZITAKOA

Etxarri Aranazko Abesbatzaren “aro modernoaren” 50. urteurrena ospatuko dute datorren abendutik aurrera. Gaur egungo korua ezin da aurreko tradiziorik gabe ulertu, eta urteurrenarekin “jatorrietara” joan nahi dute

Etxarri Aranazko Abesbatzaren 50. urteurrena ospatuko dute abendutik aurrera, edo, hobeki esanda, abesbatza modernoaren urteurrena. 1970. hamarkadan koroa “ofizialki” elizatik aldendu zeneko unea ospatuko dute, beraz, koro kideek. Baina aurretik, “agian 50 urte aurretik”, Etxarri Aranatzen abesbatzaren tradizio handia zegoela azaldu du Maria Jesus Palazuelos Markotegi abesbatzako presidenteak. Urteurren ospakizunak abenduan mustuko dituzte kontzertu berezi batekin, baina aurretik urtemugaren irudia izango dena aurkeztu dute: Rakel Otxagabia Zubietak egindako logoa.

“Ezin dugu gaur egongo abesbatza ulertu aurretik egon zena ez badugu ezagutzen”. Orain, mende erdia abesbatzaren jatorria ezagutzeko baliatu nahi dute: “Orain etxea ikusten dugu eta etxea ospatuko dugu, baina etxe hori zimenduen gainean eginda dago, eta horiek ezagutu nahi ditugu”. Horretarako, abesbatzako kideak izandakoen lekukotzak hartzen ari dira.

Korua ez zen bat-batean 1970. urtean agertu. Aurretik Etxarri Aranatzen “abesteko tradizio handia” zegoela esan du Palazuelosek. “Etxarri Aranatz artziprestazgo bat zenean sei edo zazpi apaiz zeuden hemen, eta derrigortuta zeuden beste bost edo sei haurri abesten irakastera. Haurrek oso ahots altua eta fina dutenez, tipleak abesten zituzten, sopranoen antzera”. Abesbatzak On Miguel Sagaseta Etxarri Aranazko apaiza izandakoari herrian izandako organo joleen zerrenda ematea eskatu diote. “On Migel dokumentuen eta historiaren zale bat da, eta dena gorde du”. XV. Mendeko organo joleen izenak jakin dituzte.

Aro berria
Abesbatzaren historia, beraz, 50 urtekoa baino luzeagoa da. “1938. urtean Kataluniako kapilau bat egon zen, Jose Potellas Casals, eta berak elizatik at zeuden abestiak erakusten zituen”. Antza denez, Potellas Espainiako gerrako errefuxiatua zen Etxarrin, eta bi urte egon zen herrian. Els Segadors, Virolai eta bestelako herri abesti katalanak erakutsi zituen. Habanerak eta sardanak ere abesten omen zituzten San Adriango erromerietan eta festetan. “Elizan ikasten zituztenez, naturaltasunarekin hartzen zuten”. Palazuelosen amak eta osabak, 92 eta 88 urtekoak, garai bateko koro horiek gogoratzen dituzte. “Oso naturala zela kontatzen dute”.

Julian Manccior Albisturrek hartu zuen Etxarri Aranazko eliz koroaren zuzendaritza 1941. urtean, eta berak emakumeak abesbatzan sartu zituen. Pedro Apeztetxea Albistur izan zen hurrengo zuzendaria 1955. urtetik aurrera. Abesbatzaren “aro modernoa” 1970. urtean hasi zen Francisco Villanueva Zazpe zuzendari zela. Villanueva 1965. urtetik izan zen zuzendari, eta 1970 urtea aipatu dute, “gutxi gorabehera” garai horretan “elizatik” atera zirelako. “Errealitatean ez ginen aldaketaren jakitun izan. Ez dago momentu jakin bat”. 1972. urtean Ejeako lehiaketara Etxarri Aranazko eliz abesbatza gisa aurkeztu ziren oraindik, eta, aldi berean, otxote lehiaketa batera aurkeztu ziren Zangozan. 1984. urtean Juan Maria Escalak hartu zuen gidaritzapena, 1991. urtean Mikel Garziandia izan zen zuzendari. Ondoren, hamar urtez, Igor Ijurra gaur egun Iruñeko Orfeoiaren zuzendaria dena izan zen Etxarri Aranazko zuzendaria eta 2003. urtean Alicia Armendarizek hartu zuen zuzendaritza. 2011. urtean Imanol Urzelaik lekukoa hartu zion, baina 2012an Armendariz zuzendaritzara itzuli zen, gaur egun arte.

Abesbatzaren historiaren pasarteak ezagutu nahi dituzte, eta horretarako 1938tik gaur egunera arte izandako abesbatzako kideen testigantzak jasotzen ari dira. coraletxarriaraz.com webgunean galdetegi bat jarri dute, eta urriaren 31ra arte erantzuteko aukera eman dute. “Orain arte zerbait egin dugu. Baina korotik pasa diren kide guztien lekukotzak nahi ditugun arren, gehien bat adineko jendearenak jaso nahi ditugu, izan ere, denborarekin desagertuko dira. Gehienak desagertu dira dagoeneko”. Testigantzak idatziz jasotzen ari dira, eta liburu bat egin nahi dute: “50. urteurrena eta gehiago. Nondik gatozen idatzita gelditzeko”.

Korua gehienetan elizarekin lotu izan da, baina Etxarri Aranazko Abesbatzak buelta ematea lortu du. “Jendea dagoeneko ez da elizara hainbeste joaten. Lehen jende guztia joaten zen. Pixkanaka banatzen joan ginen eta elizarako zena eta kontzertuetarako eta lehiaketetarako zena desberdin entseatzen hasi ginen”. Hortaz, elizako emanaldiak “une eta egun jakinetan” egiten zituzten: festetan, ferietan, ama birjinaren egunean, Gabonetan eta abar. “Baina mezetan mezara joaten zirenek abesten zuten”. Oraindik ere egun seinalatuetan abesten dute, eta festetako eta ferietako bezperan salbea abesten dute. Bihar, esaterako, salbe berezia abestuko dute, abuztuko festetan egin bezala. “Errepertorio sakroa egiten dugu oraindik”.

Gaur egun abesbatzaren jarduera nagusia kontzertuak eta “noizbehinka” lehiaketetara aurkeztea da. Esaterako, ETB1eko Ahotsak saioko lehenengo irabazlea izan zen Etxarri Aranazko Abesbatza. “Parte hartu dugun lehiaketa guztietan ez dugu irabazi, baina ez gara aurkezten aurkezteagatik. Asko pentsatzen dugu eta lan handia egiten dugu. Asko prestatzen gara. Intentzioa da guk ez galtzea, baizik eta gu baino hobeagoak direnei irabaztea”.

Bost hamarkadetan 600 kontzertu eta emanaldi baino gehiago egin ditu Etxarri Aranazko Abesbatzak, Euskal Herrian, espainiar estatuan zein atzerrian. “Nik ez daramatzat 50 urteak, baina ia. Lehenengo irteera Italiara izan zen eta garai horretan horrelako zerbait egitea oso handia zen. Orain errazagoa eta ohikoagoa da bidaiatzea, baina lehen korua zen lekuak ezagutzeko ia modu bakarra”. Argentina, Hungaria, Frantzia, Torreviejako lehiaketa… “Bidaiak oso politak izan dira”. Abesbatzara “disfrutatzera” joaten dira. “Elkar ezagutzen dugun talde bat gara, familiak ere ezagutzen ditugunak. Abestea baino zerbait gehiago da”.

Erronkak
Errepertorio luze, zabala eta desberdina du abesbatzak. “Izan ditugun zuzendari guztiak oso zorrotzak izan dira gurekin”. Taldearen ahalmenaren seinale izan daitekeela aipatu du Palazuelosek. “Erronka handietan sartu gaituzte. Gauza pentsaezinak egin ditugu”. Zuzendariak posiblea zela ikusten bazuen, “lanarekin” aurrera eraman zituztela azaldu du presidenteak. Azken urteetan izan duten erronkarik “handienetarikoa” Iruñeko Musika Garaikideko zikloan parte hartzea izan da, Palazuelosen esanetan. “Musika oso arraroa da eta abesteko oso zaila. Txipa aldatu behar izan genuen. Baina egin genuen”.

“Koruan 15 urterekin sartzen bazara, niri gertatu zitzaidan bezala, eta Haendelen Aleluya abesten hasten bazara normal balitz bezala, hortik aurrera… dena garapen bat izan da”. Abesbatzaren sekretua zuzendari guztiek “gehiago eskatu” dutela izan da. “Lehen estatikoak ginen, eta Aliciarekin agertokian mugitzen gara, partiturak alde batera uzten ditugu… Lehen pentsaezinak ziren gauzak”.

50. urteurrenaren hasierako kontzerturako abesbatzako zuzendariei interpretatu zituzten abesti “garrantzitsuenak edota nabarmenenak” aukeratzeko eskatu zieten. “Zerrenda izugarria lortu genuen”, eta batzordeak hamalau aukeratu ditu. Kontzertuarekin batera abesbatzaren historiaren argazkiekin, jantziekin eta abarrekin osatutako erakusketa mustuko dute. “Gauza gehiago” pentsatzen ari dira, baina urteurrena bi ekimen horiek hasiko dute.

Hamarkada hauetan “ezin dut esan” zenbat pertsona pasa diren abesbatzatik. Kasu batzuetan, belaunaldiz belaunaldi pasa da tradizioa. “Denetarik dago. Baditugu gurasoak eta seme-alabak, baditugu bikotekideak, abesbatzan elkar ezagutu duten bikotekideak eta beste batzuk gazte abesbatzatik etorri direnak”. Batu diren azken bost kideren kasua da. “Abesbatza txikia oso garrantzitsua da guretako”. Handitzen direnean, abesbatza “nagusira” pasatzen dira asko. “Mutilen kasuan ez hainbeste, oraindik ahotsa aldatu gabe dute, eta aldatzen zaienerako, dagoeneko ez daude abesbatzan”.

Gaur egun 48 pertsonek osatzen dute abesbatza. Gehiago eta gutxiago ere izan dira, “55 bat pertsona izatera iritsi gara, eta 30 bat ere egon gara”. Baina batez bestekoa 45 kide dira. Orokorrean, behin abesbatza probatzen dutenak “gelditzen” direla esan du Palazuelosek. “Lanagatik edo ikasketengatik ez bada, normalean jendea gelditzen da”.

Egoera berria
Martxoaren 12an entseguak eta abesbatzaren jarduera guztiak eten zituzten. Konfinamenduan harremana telematikoki izaten jarraitu zuten: “Uste genuen garrantzitsua zela talde izaera mantentzea, ezin genuen abestu, baina talde bat izaten jarraitzen genuen”. Besteak beste, taldekideen argazkiekin osatutako bideo bat kaleratu zuten, logo lehiaketa martxan jarri zuten eta abenduko kontzertua prestatzen hasi ziren. ekainaren 26an Nafarroako Abesbatzen Federaziotik antolatutako osasun langileei eskainitako omenaldian parte hartu zuten, eta berriz martxan jartzeko baliatu zuten.

Protokolo “zorrotza” jarri dute martxan. Entseguak Andra Mari ermitan egiten dituzte, bi taldetan banatuta. Asteartetan talde bat joaten da eta ostiraletan bestea. Ermitako auzokideei eta ermitauei eskertzeko, emanaldia egin zuten uztailean. “Oso pozik gelditu ginen”. Orain, abenduko kontzertuarekin lan eta lan ari dira.