Pandemia hasi zenetik lehenengo mendi lasterketa jokatu zen igandean Sakanan, Etxarri Aranazko Triku Traila. Korrikalariak bertan aritzeko gogotsu zeuden, eta horren isla izan zen soilik ordu bat eta 9 minutuko epean agortu zirela antolakuntzak zehaztutako 250 dortsalak. Normalean Etxarri Aranazko lasterketan gehienez 350 korrikalari onartzen dira, baina pandemia dela eta aurten 250 partaideko muga izan zuen probak.
Triku Traileko antolatzaileak goiz goizetik aritu ziren prestaketa lanetan. 120 boluntario inguru ibili ziren lanean guztia behar bezala ateratzeko. Osasun neurriak beteaz eta jende pilaketak ekiditeko, korrikalariendako eremu itxia edo burbuila prestatu zuten Etxarri Aranazko kanpinera heldu baino lehenago, ezkerraldean. Horrela, korrikalarien irteera, helmuga eta sari ematea bertan egin ziren, publikorik gabe. Korrikalariak animatzera hurbildu ziren ikusleek ibilbideko gainontzeko eremuetan jarraitu zuten proba, Fagamendiko dolmenean, Fagamendin, Auntzetxen eta Lizarrustin, esaterako. Asko izan ziren autoa Lizarrustiko aterpean utzi eta lasterketa jarraitzera hurbildu zirenak, eta giro polita egon zen.
Sakandarren eta bereziki etxarriarren parte hartzea ikusgarria izan zen
Triku Trail Etxarriko kanpin inguruetan jokatzen den 21 km eta 1.400 metroko desnibel positiboko lasterketa ederra da. Ez da lasterketa teknikoa, baina ibilbide gogorra da. Korrika egiteko aukera handiak ematen dituen ibilbidea da, azkarra, harizti eder batean hasi, pagadi bikainean jarraitu eta berriro hasierako hariztian bukatzen dena, hau da, beti itzalean jokatzen dena.
Eguna grisa esnatu zen, fresko, eta ibilbideko zenbait tokitan lainoa zegoen. Beraz, korrika egiteko eguraldi paregabea izan zuten korrikalariek. Kanpin ondotik aterata, Maitzegurrera jo zuten korrikalariek, Auntzetxen aurrera egin eta Axioren putzutik aurrera joz Lizarrustira heltzeko. Handik Txaradigorriko dolmenera eta Hirumugetara heldu ziren, tarte zailena, ondoren Otxentara jaitsi eta Fagamendira heltzeko. Bukatzeko, haritz zaharren bidetik iritsi ziren helmugara.
Azkarrena Leintz Gatzagako Aitor Ajuria izan zen (1:47:46). 23 urteko gazteak lehia oso estua izan zuen Iñigo Macias iruindarrarekin, helmugara ia batera iritsi ziren, baina azkenean Ajuriak 3 segundoko tartea atera zion eta eguna hamarrekoa izan zela adierazi zuen txapeldunak. Aitor Blancok osatu zuen podiuma (1:49:15). Lehen sakandarra Jokin Bereziartu altsasuarra izan zen, helmugara 12. heldu eta gero (1:56:46), eta lehen etxarriarra Aritz Munarriz, helmugan 18. (1:58:35).
Korrikalariek antolakuntzak proba prestatzeko egindako ahalegina eskertu zuten
Emakumezkoetan Sara Alonso donostiarra lehenengoz aritu zen Etxarri Aranazko proban, eta 22 urteko gazteak garaipen nahiko erraza lortu zuen (2:01:46), 3 minutu pasa atera baitzizkion Igorreko Onditz Iturberi (2:04:47). Aretxabaletako Ainara Urrutiak osatu zuen podiuma (2:09:37). Alonsok Triku Trail “proba oso dibertigarria” iruditu zitzaiola azaldu zuen, “21 kilometrokoa izateko oso exigentea”. Lehen sakandarra Marina Zabala lakuntzarra izan zen, 8. postuan (2:38:53), eta lehen etxarriarra Eneritz Karasatorre (2:39:35), 10. postuan.
Nabarmentzekoa da sakandarren eta bereziki etxarriarren parte hartzea ikusgarria izan zela. 45ek lortu zuten proba bukatzea. Antolakuntzak azaldu zuen etxarriarren parte hartze errekorra gaindituko zela, eta halaxe izan zen. Bestalde, korrikalariek antolakuntzak proba antolatzeko egin beharreko ahalegina eskertu zuten.
Sakandarrak Triku Trailean
Gizonak
1.Aitor Ajuria 1:47:46
12.Jokin Bereziartu 1:56:46
14.Eukeni Goikoetxea 1:57:12
17.Javi Gasanz 1:58:34
18.Aritz Munarriz 1:58:35
35.Asier Palacios 2:04:37
67.Joseba Galarza 2:13:54
68.Alber Razkin 2:13:55
77.Patxi Rubio 2:17:03
79.Juan Mariñelarena 2:17:18
91.Ibon Ubeda 2:19:26
92.Jorge Iradi 2:20:28
97.Carlos Mañeru 2:21:18
98.Unai Razkin 2:21:24
99.Joxeja Maiza 2:21:26
102.Mattin Altzelai 2:22:18
120.Juan Daniel Lakuntza 2:27:26
125.Xabier Mauleon 2:29:18
127.Fran Araña 2:29:39
132.Ivan Lopez de Sabando 2:31:50
133.Ibai Arrese 2:31:58
139.Jon Igoa 2:32:35
145.Adrian Jaka 2:34:06
147.Xabier Etxeberria 2:34:25
151.Oihan Barandalla 2:38:14
173.Goyo Rodriguez 2:45:54
181.Iban Verdugo 2:49:43
182.Xuban Mendiola 2:51:07
186.Gorka Elizalde 2:52:41
187.Bernardo Garziandia 2:53:27
188.Urko Rekalde 2:53:45
190.Jon Goikoetxea 2:55:23
192.Asier Larrion 2:56:16
193.Araitz Jaka 2:56:54
196.Aitor Salinas 2:58:20
205.Luis Goñi 3:16:10
206.Miguel Moreno 3:19:01
Emakumeak
24.Sara Alonso 2:01:46
154.Marina Zabala 2:38:53
156.Ainhoa Beraza 2:39:32
157.Eneritz Karasatorre 2:39:35
162.Aran Larrañaga 2:40:03
183.Erkuden San Martin 2:51:58
184.Raquel Sanchez 2:52:34
185.Maria Goikoetxea 2:52:35
197.Joana Senar 2:59:48
203.Txaro Ondarra 3:12:08