Jardunek salatu du udalak oroigarriak kendu dituela

Guaixe 2021ko uzt. 27a, 13:54
Jardunek kioskoan jarritako salaketa pankarta.

Beheko basoan Axio, Pello eta Josu izenak eta izar bana zuten hiru zutoin jarriak zeuden. Eta haren aldamenean, laugarren batean “eusko gudariak” irakur zitekeen, izarra eta arrano beltza ondoan zituela. Auzitegiak hura kentzeko agindua eman zuen. 

Juan Ignazio Erdozia Larraza, Pello Mariñelarena Imaz eta Josu Zabala Salegi hildako ETAko hiru kide etxarriarrak oroitzeko oroigarria jarri zen 2019an, beheko basoan, Haritzen ibilbidearen hasieraren ondoan. Espainiako Auzitegi Nazionalak hura kentzeko agindu zion Etxarri Aranazko Udalari, eta “zabalik dauden bide juridikoek eragin ditzaketen ondorio penal larriak kontuan izanik”, 2020ko otsailaren 27an kendu zuen. 

Horren ondoren, toki berean, beste oroigarri bat jarri zuten, “Etxarri Aranazko hiru gudariak eta, aldi berean, eusko gudari guztiak oroitzeko”. Axio, Pello eta Josu izenak zituzten hiru zutarri eta “eusko gudaria” zioen laugarren bat jarri zuten. Udalak auzitegiaren jakinarazpena jaso ondoren kendu du. Jardunek salatu duenez, “Etxarri Aranazko Udalak basoan jarritako eusko gudarien oroitarri berriak estalian kendu, eta suntsitu ditu hilaren 11n”. 

Etxarriko Jardunek adierazi duenez, “oroitarrien kontrako eraso hauek, eusko gudariek egindako borrokaren kontrako eraso zuzenak dira. Beraien ibilbide militantea ukatzeko helburua dute. Horren aurrean, eusko gudarien borroka eta duintasuna oroitu eta aldarrikatzeko, oroitarriak behar den aldi guztietan jarriko direla adierazi nahi dugu”. Jardunek gaineratu duenez, “Euskal Herriaren askatasun nazional eta sozialaren alde, borrokan bizia eman zutenek ez al dute merezi beraien borrokaren zilegitasun eta duintasuna aldarrikatu eta oroitzeko espaziorik?” Oroigarria kendu izana salatzeko Jardunek astelehenean, 20:00etan, manifestaziora deitu du.