Etxarri Aranazko Udalak joan den astean zabaldutako mezua berretsi du, festak eta Ama Birjinaren eguna bertan behera utzi dituela: “festak ezagutzen ditugun bezala ospatzeko baldintzarik betetzen ez delako, Etxarri Aranazko Udalak, atsekabeturik, aurtengo festak bertan behera utzi dituela birgogoratu nahi die herritar guztiei”. Udalak aitortu duenez, “badakigu zein garrantzitsuak diren gurean ospakizun horiek, baina egoera zail honetan, beste arrazoi guztien gainetik, herritarren osasuna da udal honek lehenetsi duena”.
Udalak argitu duenez, “osasuna erdigunean jartzen dugulako, argi eta garbi adierazi nahi dugu udal honek ez duela inolako ekitaldi edo ekimenik antolatuko egun horietan, ezta balizko beste edozein ekimen babestu edo lagunduko ere”. Horrekin batera, Etxarri Aranazko Udalak dei egin du “Nafarroako Gobernuak COVID-19 gaitzaren kontra hartutako neurriak aintzat hartzeko eta betetzeko”.