Santa Marina, Kontzezio, Lizarragako San Adrian, San Donato, Trinitatea, San Miguel, Putterri, Ganboa handi eta txiki, Hernio, Aitzkorri, Aratz… Rufino Unzilla Lakuntzak Etxarri Aranatzen duen txokoa ingurune zoragarri batean dago, mendiz inguratuta. Iturtxiki dermioan kokatu du bere erakusketa. Txikitatik daukan afizioak erakusketa osatzera eraman du, bizitzan jasotako tramankulu, tresna, lanabes, makineria eta abarrekin "Hau dena artistiko eta kulturala da. Duela mende bateko ingeniaritza da, eta piezak ikusgarriak dira. Tresna guztien atzetik historia bat dago". Historia eta artea dago jasota Rufinoren erakusketan.
Museo etnografikoa izan zitekeen. Rufinok jaso dituen gauzak nekazaritzari eta abeltzaintzari lotutakoak dira, gehienbat, baina arkeologia arrastoak dau ere, besteak beste. "Anaiak eta biok izan dugu betidanik afizioa. Duela urte eta erdi hasi nintzen ipurukoak edo kopetakoak egiten". Etxean idiekin lan egiteko tresna asko zituen, eta horiekin erakusketa egitea pentsatu zuen: uzterina, zatoa, gurditxoa, lepokoak eta abar.
Denborarekin erakusketa handitzen hasi zen, eta lan tresnak biltzen hasi zen Rufino. Irin errota, ereileak edo gari jasotzaile zaharrak daude ikusgai erakusketan. "Makina batzuk falta dira, baina gehienak hemen daude". Erakusketaren altxorretako bat Etxarri Aranazko Harinera San Migueleko irin errota makina da. "1933. urtean proiektua egiten hasi ziren, eta hiru urte eman zituzten sortzen. Lanean 1936. urtean hasi ziren eta 1975. urtera arte aritu ziren". Makinak hausten hasi ziren.
Bisita
Erakusketaren hasieran "hemengo gurdia eta gurdi erromatarra" dago. Ondoren, ereilea, gari jasotzailea, noria, patata ereilea, irin errotaren makineria guztia, alperra, atoia, prentsa, bostortza, golda… Erakusketa nekazaritzaren historian erabilitako tresneriaren artean pasatzen da. Rufinok berak erabilpena eta historia kontatzeko aukera dago.
Nekazaritza eta abeltzaintza zonaldetik "bi atarietara" pasatzen da bisitaria. "Erdi puntuko arkua dauka eta gero ateburu bat daukagu, leiho bat bere burukoarekin, Menhirra, estelak, ostiko harria…". Elementu artistikoetatik pasa ondoren, makineria handia dator. "Traktorea eta duela 90 urteko eta Ajuria markako gari jasotzailea".
Gari jasotzaileak istorio bitxia dauka atzetik. Rufinok lehengusuari erosi zion, "Juanito Igoa ‘Katxo’, arrain saltzaileari" eta berak erosi zion kasualitatez bere emaztearen aitona zenari. "Bederatzi sozio ziren, eta Irurtzunen ondoan dagoen herri batean zeukaten fabrika". 36 urtez bordan egon zen, eta Rufinok guztiz konpondu zuen. "Lan asko dauka".
Nafarroan horrelako sei gari jasotzaile omen daude. "Zaharkituta gelditu dira. Zaharkituak gelditu direnez eta herriak handitzen ari zirenez, makineria sua ematen zioten eta burdina txatarrera botatzen zuten". Desagertu dira. "Egurrezkoak dira, eta barruan burni asko dute". Ajuria marka Araiatik zetorren. Gizon batek Gasteizen lursail handiak zituen, eta Eusko Jaurlaritzak lursail bat erosi zion bertan eraikin bat egiteko, eta gizonak saldu zion baldintza batekin: Ajuria izena mantentzea. "Ajuria Enea hortik dator". Rufinoren erakusketako makina hauen atzetik historia dago. Ikusteko "oso politak" direla dio Rufinok.
Iringilea
Duela hamasei bat urte Juana Mari Jauregik museo bat egiteko bere makineria eskaini zuen. Etxarri Aranazko Udalak lekurik ez zuela erantzun zuen, eta, orduan, Arbizuko Jesus Mari Mendinuetak, garaiko alkateak, Arbizuko errotan egiteko aukera proposatu zuen. "Hemen dena desmuntatu, eta Arbizuko pabilioi batera eraman genuen". Baina errota egiteko plangintza aldatu zuten, eta bertan Olatzea hotela egin zuten. "Hortik atera behar zen, hemen jartzeko baldintzarekin". Arbizuk egindako donazioa da".
Erakusketa arkeologia piezekin amaitzen da, "kultura" deitutako sail batetik pasa ondoren. Bertan liburu zaharrak bildu ditu Rufinok. Arkeologian "oso zaharrak" diren gauzak erakusten ditu.
Rufinoren erakusketa Etxarri Aranatzen dago, eta bisiten prezioa borondatea da. Rufino galdera guztiei erantzuteko prest egongo da. Ordu eta erdi eta bi ordu arteko bisita izanen da. Aurretik hitzordua hartu behar da.