Duela 85 urte gertatutakoa oroitarazteko, Martzelo Lasa Zeberio fusilatu zuten urteurreneko egunean, haren familiak oroigarria mustu zuen Lizarrustin. Han izen abizenekin batera, zera irakurri daiteke euskaraz: “Olaberritarra, abertzalea izateagatik fusilatu zuten hemen bi goierritar frankistek 1936ko abuztuaren 25ean 17 urte zituela. 82 urte pasa behar izan ziren, hezurrak aurkitu eta sorterrian atseden eman ahal izan arte”. 1936ko estatu kolpearen ondorengo errepresioaren biktima izan zen Lasa olaberriarra. Haren familiak historia memoria mantentzeko oroigarria jarri du eta Etxarri Aranazko alkate Silvia Marañon Chasco urteurrenaren ekitaldira gonbidatu zuten.
Aranzadi zientzia elkarteak Lizarrustin, Quifosa zenaren ondoan, Lasa zenaren hezurdura lurpetik atera zuen 2018ko irailaren 2an, eta DNA bidez identifikatu ondoren, hilabete hartako 21ean jaso zituen familiak gorpuzkiak. Lasa bilatzeko ezinbestekoa izan zen Francisco Lakuntza Larraza etxarriarraren lekukotasuna. Lakuntza zena 1936an Lizarrustin bizi zen eta 6 urte zituela gorpua arrastaka nola zeramaten ikusi zuen.