Euria gogotik ari zuela jokatu zen atzo Udaberri elkarteak antolatutako Etxarri Aranazko 46. Mendira Joan Etorria mendi lasterketa. Plazatik abiatuta, Hartzabalera igo eta atzera ere plazara jotzea zuten erronka izena eman zuten 93 korrikalariek. Horietatik 81ek lortu zuten proba despeditzea, goiz oso desatseginean. Korrikalariek lohi asko topatu zuten bidean korrikalariek, eta guztiz lokaztuta iritsi ziren plazako helmugara.
Mikel Beunza izan zen azkarrena, Bargako joan etorria 45 minutu pasata egin eta gero (45:24). Alkotzeko korrikalariak 15 segundo atera zizkion Xabier Macias iruindarrari (45:39) eta Zegaman bizi den Beñat Katarain lakuntzarrak osatu zuen podiuma (46:33). Emakumezkoetan Maria Ordoñezek Virginia Perezek ezarritako emakumezkoen errekorra (52:18) apurtu zuen, 4 segundotan (52:14). Iruindarra oso ongi ibili zen, eta ia 8 minutu atera zizkion Haizea Ramirez de Alda altsasuarrari (1:00:02). Ilargi Perez iruindarrak osatu zuen podiuma (1:00:34). Lehen etxarriarrak Beñat Anda (54:24, sailkapen absolutuan 13. postuan) eta Eneritz Karasatorre (1:05:21, sailkapen absolutuan 56. postuan) izan ziren.