Mendi lasterketak

Errekorrarekin itzuli zen Mendira Joan Etorria

Maider Betelu Ganboa 2021ko urr. 11a, 12:30

Maria Ordoñez, maldan gora.

Euriari, haizeari eta lohiari aurre eginez, Mikel Beunza (45:24) eta Maria Ordoñez (52:14) gailendu ziren 46. Etxarri Aranazko Mendira Joan Etorrian . Ordoñezek lau segundotan ondu zuen emakumezkoen errekorra. 35 sakandar sailkatu ziren, Beñat Katarain eta Haizea Ramirez de Alda buru zirela

Euria gogotik ari zuela jokatu zen igandean Udaberri elkarteak antolatutako Etxarri Aranazko 46. Mendira Joan Etorria mendi lasterketa. Plazatik abiatuta, Hartzabalera igo eta atzera ere plazara jotzea zuten erronka izena eman zuten 102 korrikalariek (10 km eta 557 metroko desnibela), eta horietatik 85ek hartu zuten irteera. Ziztu bizian abiatu ziren korrikalariak, eta horietatik 81ek lortu zuten proba despeditzea, goiz oso desatseginean. Euria, hotza eta lohia, lohi asko topatu zuten bidean korrikalariek, eta guztiz lokaztuta iritsi ziren plazako helmugara. Baina lasterketaren leloak dioen bezala, gustoko tokiyen, aldapaik ez. 

Kilometro Bertikalean bezala, Txurregi taldeko Beunza eta Ordoñez gailendu ziren Etxarri Aranatzen

Aipatzekoa da Etxarriko probak betiko lasterketaren itxura hartu zuela, guztiz. Nahiz eta eguraldiak ez lagundu, jende mordoa bildu zen plazan eta gertuko kaleetan korrikalariak animatzera, plazan artisauen azokako postuak zeudela eta gazta txapelketa erabakitzen ziren bitartean. Bukaeran, Udaberriko kideek eta boluntarioek prestatutako auzate ederraz gozatu zuten korrikalariek. 

Kilometro Bertikalean bezala
Partaideen artean izen oso ezagunak zeuden. Baita ezagunak direnak, baina bertakoak direlako, herrikoiak. Jakina, izen ezagun horiek sailkatu ziren lehen postuetan, eta duela bi aste Uharte Arakil-Beriain Kilometro Bertikalean gertatutakoa errepikatu zela esan daiteke. Kasu honetan ere, Beriainen bezala, Txurregi taldeko Mikel Beunza izan zen azkarrena, Bargako joan etorria 45 minututan egin eta gero (45:24). Alkotzeko korrikalaria atzera ere Xabier Macias iruindarrari gailendu zitzaion (45:39). Beriainen minutu pasako aldea atera zion Beunzak Maciasi, baina Etxarri Aranatzen, aldiz, aldea txikiagoa izan zen, 15 segundokoa. Beunzak azaldu zuen igoeran aldea atera behar zuela argi zuela, baina hasieratik Macias gertu izan zuela. “Atzean nuen, itsasita, eta azken txanpan ez dut atzera ere begiratu izan nahi” nabarmendu zuen, irribarrez primerako sasoian dagoen 46 urteko beteranoak. Denboraldi bikaina egiten ari da, eta baita Xabi Macias ere. Hirugarren postuan Zegaman bizi den Beñat Katarain lakuntzarra sartu zen (46:33). Beteranoen sailkapenean, Mikel Bunza, Sergio Serrano eta Joseba Lasarte izan ziren lehenak. 

 

Emakumezkoetan Maria Ordoñez izan zen podiumaren kaxoi altuenera igo zena, Uharte Arakilen bezala. Ordoñez lehenengoz aritu zen Etxarri Aranazko proban eta ikusgarri ibili zen: Virginia Perezek Joan Etorrian ezarritako emakumezkoen errekorra (52:18) 4 segundotan apurtu zuen (52:14). Beraz, txapela eta trofeoa jasotzeaz aparte, errekorra apurtzeagatik gazta ederra lortu zuen 28 urteko iruindarrak. Txurregi taldeko gaztea ongi moldatu zen lohi artean eta bere garaipena sendoa izan zen, ia 8 minutu atera baitzizkion Haizea Ramirez de Alda altsasuarrari (1:00:02). Ilargi Perez iruindarrak osatu zuen podiuma (1:00:34). “Indartsu atera naiz, eta mutilen parean aritzen saiatu naiz, gehiago motibatzeko. Gustura ibili naiz korrika, lasterketa asko gustatu zait” aitortu zuen Ordoñezek helmugan. Beteranoetan, Erkuden San Martin etxarriarra izan zen lehena (1:06:12), Beatriz Martinezen eta Gurutze Ubedaren aurretik. 

35 sakandar
Etxarri Aranazko proba osatu zuten sakandarren artean etxarriarrak ziren nagusi. Ildo honetan, antolakuntzak lehen hiru etxarriarrak saritu zituen. Gizonezkoetan Beñat Anda izan zen lehena (54:24), sailkapen absolutuan 13. postuan sartu zena, eta emakumezkoetan Eneritz Karasatorre (1:05:21), sailkapen absolutuan 56. postuan sailkatu zena. 

Beraz, eguraldi kaxkarrari aurre eginez egun eta lasterketa polita izan zen Etxarri Aranazkoa. 


Sakandarrak 46. Mendira Joan Etorrian
Gizonak
1. Mikel Beunza 45:24
3. Beñat Katarain 46:33
12. David Mutiloa 53:57
13. Beñat Anda 54:24
15. Joseba Galarza 54:59
17. Asier Ansa 55:24
18. Unai Razkin 55:26
19. Ioseba Iza 55:26
10. Ander Galarza 55:46
25. Mikel Satrustegi 57:20
27. Ibon Ubeda 57:25
28. Aimar Araña 57:30
30. Carlos Mañeru 57:37
31. Alberto Razkin 57:38
33. Joxeja Maiza 58:00
36. J. Daniel Lakuntza 59:22
43. Iñaki Agirre 1:00:58
45. Asier Gartziandia 1:01:05
46. Jon Igoa 1:01:06
47. Xabier Etxeberria 1:01:19
48. Juan Mariñelarena 1:01:25
49. Asier Urkia 1:01:30
50. Josu Jaka 1:02:16
51. Unai Kintana 1:02:16
52. Jose Antonio Salgado 1:02:27
57. Santi Agirre 1:05:27
58. Araitz Jaka 1:05:48
60. Marcos Jose Rocha 1:06:21
62. Rafael Lakuntza 1:06:48
79. Patxi Atxa  1:20:36

Emakumeak
9. Maria Ordoñez  52:14
37. Haizea R. de Alda 1:00:02 
54. Marina Zabala 1:03:10
56. Eneritz Karasatorre 1:05:21
59. Erkuden San Martin 1:06:12
63. Maite Zabaleta 1:07:25
71. Gurutze Ubeda 1:11:42

Erlazionatuak