Astekaria

"Sakanako Torneoko finala oso gogorra izango da"

Maider Betelu Ganboa 2021ko abe. 24a, 12:00

 Nafarroako Binakako Bigarren Mailako txapela lortu berri, igandean Sakanako Nesken Torneoko Lehen mailako txapela jantzi nahiko luke Naroa Otxoa Garmendia palista etxarriarrak

Gure Pilota taldeko Naroa Otxoa Garmendia etxarriarrak azaroaren 26an Emakumezkoen Nafarroako Binakako Bigarren Mailako Paleta Goma Txapelketa irabazi zuen Larraungo Marian Saralegirekin. Nafarroako txapela buruan, igandean Gure Pilota Sakanako XVII. Nesken Pala Torneoko txapela jantzi nahiko luke Olatz Zulaikarekin batera, denboraldiari ginda jartzeko. 

Noiz hasi zinen palan?
18 urte urte ditut eta orain dela 11 urte hasi nintzen palan jokatzen. Anaia frontoian ibiltzen zen eta Gure Pilota elkarteko neskak ikusten nituen frontoian palan jokatzen. Azkenean, hastera animatu nintzen. 

Txikitatik hasi zinen finaletara sailkatzen eta bidea egiten. 
Horrek atzean zegoen lana erakusten du. Urtez urte txapelak lortzen joan naiz, orain arte. Ez dakit zenbat txapela izango ditudan, hamabosten bat inguru. Ia urte guztikoak dira, Nafarroako Txapelketakoak ez badira, Gure Pilota Sakanako Nesken Pala Torneokoak. Nafarroako selekzioarekin GRAVNI txapelketan aritu nintzen duela bi urte, baina gehienbat Nafarroako Pala Txapelketetan aritu izan naiz, eta Sakanakoa bezalako torneoetan. 

Aurten Larraungo Marian Saralegirekin osatu zenuen bikotea Emakumezkoen Nafarroako Binakako Bigarren Mailako Paleta Goma Txapelketan aritzeko. 
Gure Pilotan nire adineko palistarik ez dago, bera ere Larraun klubean bakarrik zegoenez, biak batu eta elkarrekin aritu ginen. Harreman ona dugu eta gustura aritu ginen.

Azaroaren 26an jokatu zenuten finala Gure Pilotako Ane Eskala eta Uxue Mendinueta taldekideen kontra. Final oso estua izan zen: 22ra berdindu, 27ra... 
Bai, final oso gogorra izan zen. Hasieratik tentsio handian geunden. Gu atzetik hasi ginen, baina 22na berdindu genuen, gero 27na, eta hortik zuzenean 30era joan ginen. Oso pozik, egia esan. 

Nafarroako txapela buruan, igandean beste txapela bat janzteko aukera duzu, Gure Pilota Sakanako XVII. Nesken Pala Torneoko Lehen Mailako finala jokatuko duzulako. Sakanako torneoak izen handia du, ezta?

Bai. Sakanako txapelketak urte asko daramatza, aurten 17. edizioa izango da, eta gutxika indar gehiago hartzen ari da. Txikitatik hasi nintzen txapelketa honetan parte hartzen, Lehen Mailara iritsi arte, eta oso kontentu nago bertan jokatzeagatik. Gero Elite mailakoak daude, baina hori beste pauso bat da. 

Arabako Olatz Zulaikarekin osatu duzu bikotea Sakanako torneoan. 
Olatz gasteiztarra da eta duela 2 urte ere Sakanako torneoa elkarrekin jokatu genuen. Finalera iritsi ginen, baina finala galdu egin genuen eta txapeldunordeak izan ginen. Aurten txapela lortzeko bigarren aukera dugu, ea posible den. Oso ongi komunikatzen gara eta oso kontentu nago berarekin. Ni atzelaria naiz, eta berak segurtasun handia ematen dit. 

Finalerdia Nahia Eizmendiren eta Andrea Lusarretaren kontra jokatu zenuten, asteburuan. Partida zaila izan zen?
Egun horretan Nahiak eta Andreak aurretik beste partida bat jokatu zuten, kanporaketakoa, baina hala ere lehia oso borrokatua izan zen. Gogotik lan egin behar izan genuen, eta 25 eta 16 gailendu ginen. 

Sakanako torneoko finalera sailkatzea espero zenuten?
Espero… ba ez dakit. Beti pentsatzen duzu lan eginez helburuak lor daitezkeela. Finalera iritsiko ginenaren esperantza bagenuen, eta iritsi gara. 

Igandeko finalean Paula Gorostiaga iruindarra eta Saioa Berakoetxea lekunberriarra izango dituzue aurkari. Nolako finala aurreikusten duzu?
Final oso zaila aurreikusten dut, egia esan. Paula aurrean oso bizkorra da eta Saioak indar handia du. Nahiko parekatuta ibiliko garela uste dut, baina ikusiko dugu. Lehen mailako finala igandean jokatuko da, abenduaren 26an, 11:00etatik aurrera Etxarri Aranazko pilotalekuan, eta ondoren Elite mailakoa izango da. Gaztetxoak kategoriako finalak ostegunean jokatuko dira, 16:30ean. 

Hortaz, egunotan turroi gehiegirik ez duzue jan beharko. 
Finalaren ondoren jango dugu, galdu edo irabazi (kar, kar…).  

Aurretik Gure Pilota Sakanako Nesken Pala Torneoko txapelak badituzu, baina Lehen mailakorik ez. 
Ez, beste mailakoak baditut, baina Lehen mailakoa ez. Azken edizioan arantza horrekin geratu nintzen, finala galdu genuelako. Ea aurten irabazteko aukera dugun. 

Eliteko finalean Amaia Irazustabarrenak eta zure taldekide Irati Igoa etxarriarrak Uxue Murillo eta Itsaso Erasun izango dituzte aurkari. Nola ikusten duzu?
Gure Pilotako Miguel Angel Aristorenak bikote oso parekatuak egin zituen Sakanako Nesken Pala Torneorako eta hau ere final gogorra ikusten dut. Elite mailan palista guztiek maila handia dute eta finalera iristen direnak zer esanik ez. Final gogorra izango da. 

Donostian zaude fisioterapeuta ikasketak egiten. Nola moldatzen zara palan entrenatzeko? 
Joan zen urtean nire adinetik bakarra geratu nintzen Etxarri Aranatzen eta bakarrik entrenatzen nuen. Donostiara etorri nintzenean hainbat bide aztertu nituen eta, gaur egun, astelehenetan eta asteazkenetan Astigarragan entrenatzen hasi naiz, beste hiru neskekin batera. Asteartetan eta ostegunetan Loiolan entrenatzen dut, mutilekin. Oso ongi hartu naute eta kontentu nago. Entrenamenduak guztiz ezberdinak dira. Neskek nire maila dute eta gustura. Mutilei nabaritzen zaie indar gehiago dutela eta gehiago exijitzen didate, baina hori niretako hobea da. 

Aste honetan azterketekin zabiltza. Nola planteatuko duzu igandeko finaleko prestaketa?
Astelehenean eta asteazkenean azterketak izan nituen baina burua arintzeko pixka bat entrenatzen saiatu nintzen. Ostegunean pala partida izan genuen Olatz Zulaikak eta biok Gasteizko Alde Zaharrean, eta finalerako entrenamendu gisa hartu nuen.

Zein giro espero duzue Gure Pilota Sakanako Nesken Pala Torneoko igandeko finaletan?
Sakanako finaletan beti giro ederra egoten da. Sakandarrak Etxarri Aranazko pilotalekura hurbiltzera gonbidatzen ditut ikusgarria izaten delako, giro eder eta hunkigarria, ikusteko oso polita. 

Sakanako Torneoaren ondoren zer? 2022 urteko helburuak zeintzuk dira?
Momentuz Euskal Herriko Txapelketarako ordezko gisa izena eman dut. Ondoren Irekiko Txapelketak iritsiko dira, baina momentuz ez didate ezer aipatu. Gero ikusi beharko da GRAVNI-a eta bestelako txapelketak egingo diren. Ikusiko dugu. 

Zer ematen dizu palak?
Txikitatik frontoira oso lotuta egon naiz. Aita ere hor egon da beti, ondoan. Nire betiko zaletasuna da pala, burua arintzera nonbaitera joan beharra badut frontoia da nire lehenengo aukera. Pala zerbait berezia da niretako. 

Goza dezazula Nafarroako txapelaz eta ea Sakanako Lehen Mailakoa lortzen duzun. 
Eskerrik asko!