Azken bi urtetako etenaldiaren ondoren, bueltan da Etxarri Aranazko Txakurkrosa. Igandean, ilbeltzak 30, Etxarri Aranazko kanpinak txakurrekin lotuta egiten den lasterketa bizi eta ikusgarria hartuko du, 9:00etatik aurrera. Triku Trail taldeak antolatu du, Euskanikros elkartearen eta hainbat babesleren laguntzarekin, eta lasterketa Euskadiko Txakurkros Ligarako puntuagarria izango da. Aurretik, 8:00etan hasita, txakurrek egin beharreko albaitaritza kontrolak gainditu beharko dituzte.
Txakur krosean hainbat modalitate daude, eta Etxarri Aranatzen hiru jokatuko dira: Txakur krosa, txakurrari lotuta korrika egitea; patina, kirolaria bizikleta normal baten tamainako gurpilak dituen patin moduko batean doa, eta txakur bat edo gehienetan bi patinari tiraka; eta bikejoringa, parte-hartzailea bizikletan doa eta txakurra hari lotuta. Igandean, bikejoringak eta patinak izango dira azkarrenak: 9:00etan hasiko dira lanean. 10:30ean txakur krosean parte hartuko dutenen txanda izango da. 12:00etan umeendako txakur krosa antolatu dute, Etxarri Aranazko kanpinaren barruan egingo dena. “Urtero egiten dugu eta 20 neska-mutiko animatzen dira parte hartzera. Oso polita izaten da” azaldu du Triku Trail taldeko kide eta Etxarri Aranazko Txakurkrosaren arduradun Igor Artieda Galdeanok. Azkenik, sari ematea eta auzatea izango dira.
6 km-ko ibilbidea
Etxarri Aranazko Txakurkrosak 6 kilometroko ibilbidea prestatu du, aurreko edizioetako berbera, partaideek oso gustuko dutena. Kanpinetik aterata, ibilbideak herri aldera jotzen du, Polvorerara, Beheko Basoko bidea Soazuiko barruti ingurutik hartuko du, eta gero Artxanera helduko da, Haritz Zaharren Ibilbidera, eta basoan goraka joan gabe hor beteko ditu ibilbidearen 6 kilometroak, kanpinean despeditzeko. Ibilbide berezia da. “Ibilbide gehienak zuzen gune luzekoak dira, errebuelta gutxikoak. Hor txakur azkarrek nolabaiteko abantaila moduko bat dute. Baina gure ibilbidean denetarik dago: zuzen guneak, errebueltak, bidegurutzeak, aldapak… eta kasu honetan txakurra eta bere nagusiaren artean dagoen erlazioak du abantaila, izatekotan. Horrelako ibilbide tekniko batean aginduak hobeki betetzen dituen txakurrak emaitza hobeak izan ditzake txakur indartsu batek baino. Horregatik, Estatu mailan oso estimatua da gure lasterketa” nabarmendu du Artiedak.
Elkar ulertzea, ezinbestekoa
Hiru modalitateetan oso garrantzitsua da txakurra eta bere nagusiaren arteko elkar ulertzea eta txakurrak nagusiaren aginduak ongi betetzea. Baina bikejoringean eta patinetan, are gehiago. “Korrika zoazenean erraza da txakurra okertzen bada sokatik heltzea eta bidea zuzentzea. Bizikletan eta patinean ez dut esango ezinezkoa denik, baina txakurra okertzen bada frenatu behar izatea gerta daiteke, lurrera joatea... txakurra zuzentzea zailago izaten da. Horregatik diot Etxarriko ibilbidea zaila dela. Oso teknikoa da, aldapa gora, behera, bihurguneak, bidegurutzeak... dituelako. Denbora ez galtzeko oso garrantzitsua da gizakia eta txakurraren arteko elkar ulertzea milimetrikoa izatea” azpimarratu du Artiedak.
Igor Lanz eta Juan Bautista Urtasun beteranoek eta Harriet Artieda eta Israel Arbizu hasiberriek parte hartuko dute
Ehun partaidetik gora, lau sakandar
Azkeneko proban, 2019an, 133 parte hartzaile izan zituen Etxarri Aranazko Txakurkrosak. Orain arte lasterketa abenduan izaten zen, baina aurten ilbeltzera atzeratu dute berez abenduaren 26an antolatzea zegokielako eta Gabon ospakizunen artean ez zitzaielako data egokia iruditzen. 100-110 partaide espero dituzte, eta oso kontentu daude.
Tartean lau sakandar daude: Igor Lanz satrustegiarra (bikejoringa), Juan Bautista Urtasun urdiaindarra (patina) eta igandean txakur krosean mustuko diren bi etxarriar, Harriet Artieda eta Israel Arbizu. “Igor Lanz historikoa da bikejoringean. Beti giro onean etortzen den kirolari horietako bat da eta oso pozik gaude gurean egoteagatik. Baita Juan Bautista Urtasunen parte hartzearekin ere, urte luze daramatza” dio Igorrek. Harriet Artieda lehenengoz ariko da. Junior mailakoa da, baina nagusiekin batera aterako da, eta gogotsu dago. Baita Israel Arbizu ere. “Poztekoa da bi etxarriarrak lehenengoz animatu izana. Israel maila oso onean dabil, eta txakur oso ona du, asko ibiltzen da txakurrarekin mendian. Aurrean borrokan egoteko aukera asko ditu, baina txakurrak ez du inoiz halako lasterketarik egin eta horrek asko baldintzatu dezake. Aurreko postuetan lehian dauden korrikalarien txakurrek oso zentratuta egon behar dute, beste txakurrekin liskarretan ez sartzeko, eta elkar ulertzea primerakoa izan behar da. Euren lehen lasterketa izanda, ez dakigu nola aterako zaion, baina izugarri disfrutatuko du, hori ziur” gaineratu du.
Igor Artieda Luna bere txakurrarekin aritzen da txakur kros lasterketetan, baina Etxarri Aranazkoan ez da ariko. “Parte hartu ahalko nuke, atzetik lanean sekulako lan taldea dagoelako, baina probaren ardura nagusia nirea da. Lasterketa batean nagoenean gustatzen zait disfrutatzea, eta beste ardura horrekin ezingo nuke behar bezala gozatu” dio Artiedak, irribarrez. Abenduan Galdakaoko lasterketan parte hartu zuen, eta duela aste pare bat Zumaian. “Zumaian azkenak izan ginen Luna eta biok, baina izugarri gozatu genuen. Sekulako giroa zegoen, lagun askorekin berriro elkartzen hasiak gara, eta oso gustura. Ni txakurrarekin disfrutatzera ateratzen naiz. Ez dut makina horietako bat den txakurra. Batzuetan ongi egiten du korrika, beste batzuetan ez hain ongi, –uste dut kuxinetan arazoak izaten dituela–, eta beste batzuetan ni naiz nekatuta nagoena. Ahalik eta tentsio gutxienarekin atera, disfrutatu, eta lagunekin eta familiarekin egun ona pasatzea, hori da asmoa. Gutxika gurea bezalako lasterketak hasi dira antolatzen, eta poztekoa da” azaldu du etxarriarrak.
Igor Artieda: "Lasterketak ikusgarriak izaten dira, oso politak, eta sortzen diren giroa ere, ederra. Goiz ederraz gozatzera gonbidatzen ditugu sakandarrak"
Eguraldi bikaina
Txakur krosean aritzeko eguraldi bikaina iragarri dute iganderako. Zirkuitua ere zoragarri dago. “Aurreko edizioetan sekulako ur putzuak eta lohia zegoen. Baditugu hamabost egun pasa jarraian 0 graduz azpiko tenperaturekin, eta izotzak ibilbidea lehortu du. Ikusgarri dago. Bestalde, iganderako 0 graduko tenperaturak aurreikusten dira lasterketa unerako eta hori txakurrendako tenperatura hoberen hoberena da, zalantzarik gabe. Beraz, baldintzak ezin hobeak dira” dio Artiedak.
Ekitaldi ezberdinaz gozatzera gonbidatu ditu sakandarrak. “Haritz Zaharren ibilbideko edozein puntua ederra da lasterketa ikusteko. Eta irteera ere ikusgarria izaten da, tentsio une handikoa, oso zaratatsua eta polita. Beraz, jendea Etxarriko kanpinera etortzea animatzen dut. Lasterketak ikusgarriak dira, oso politak, eta sortzen den giroa ere, ederra. Eguraldiak ere lagunduko duenez, goiz ederraz gozatzera gonbidatzen zaituztegu” egin du gonbita.