EGAri buruzko dokumentala garagarrilaren hasierarako izanen da

Guaixe 2022ko ots. 16a, 13:07
Dokumentalaren aurrerapenaren eta urteurrenen aurkezpen ekitaldian musikari etxarriarrak aritu ziren. EGA

Etxean materiala duenak eta dokumentalerako eman nahi duenak gazteetxarri@gmail.com e-postara bidali dezake. Ikus-entzunezkoa “ospakizun haundine yonen dan astebuben mustuko da, garagarrillan aurrenekuen”

Lau hamarkada bete ditu Etxarri Aranazko Gazte Asanbladak (EGA), eta ibilbide horren berri jasoko duen dokumentala prestatzen ari dira gazte erakundeko kideak. Azaldu dutenez, “dokumentala batez ee 40 urte hoiten gazte asanbladatik pasa dien zenbeitt kideen testigantzetan oñarrittutakue. Eziñezkue da kide guzien testigantzak biltzie, beye generaziyo guzien ordezkayen  testigantzak biltzen gailtze biare”. 

Ikus-entzunezkoa egiteko “iye-iye bi urte yamaten ttugu material bilketan. Ta egiye esan jendian erantzune oso ona izendua, ta izeten seitzen dau. Argazki ta bidio mordue bildu diau guaikos” azaldu dute EGAkoek. Alde guzietara ere, “EGAkin lotutako yozin material beti de ongi etorriye izenen da dokumentalien sartzeko”. Halakorik duenak eta dokumentalerako eman nahi duenak gazte asanbladako kideren bati jakinarazi eta “disko gorra utziko lakiyoke, o norbeittek nehi izeneskio, gaztetxeko korreo elektronikua bieltzeko aukera daka: gazteetxarri@gmail.com”. 

Aurkezpenarekin pozik 
EGAk aurten 40 urte eta gaztetxeak 15 urte egiten dituztela eta, apirila bitarteko egitaraua aurkeztu zuten ilbeltzaren 21ean. EGAko kideek esan dutenez, “aurkezpena oso ongi fan zan. Izan e, jende asko jeitxi zan gaztetxia, adin desberdiñetakuek geñas (heldubek, gaztiek, haurrek...) ta aurkeztutako egitarauek ta dokumentalan trailerrak jendian artien oso harrera ona ureittu zebien”. 

Apirila bitarteko egitaraua lotuta badute ere, urte guztirako plangintza osatzea dute buruan EGAko kideek, baina kexu dira: “egun bizi diaun osasun egoeran aitzakipien jartzen ai dien lege ta murrizketak egitaraue erabat lotzia asko zeiltzen dau. Hale de, meyetzako ta garagarrilleko dinamike ta hainbet ekimen lotzen hasik gaude, urte guzien barna hainbet planteamendu yonen die”. Bakarren batek EGAri proposamenen bat egin nahi izanez gero “yozeinek asanbladeta fan o asanbladako kidiei planteamendu o hainbet ideia yamatie gonbietzen ttugu, idea guziek ongi etorriyek die”. Izan ere, EGAko kideen iritziz, “urte bereziyontan herriyan parte hartzie ta inplikeziyue biherreskue izenkua, beita hemendik aurria dee”.