Etxarri Aranatzen sortutako ipuina aurkeztu du Arrietak

Guaixe 2022ko ots. 14a, 12:05

'Hamazazpigarrenean aidanez' liburuaren aurkezpena. @TRONKESEA

Udalbiltzaren 'Geuretik sortuak' ekimenean sortutako lana 'Hamazazpigarrenean aidanez' bilduman jaso dute

Etxarri Aranazko egonaldian jasotakoarekin Estekak sortze lana egin zuen Yolanda Arrieta idazleak. Geuretik sortuak Udalbiltzak sustatutako kultur ekimenaren barruan parte hartu duten idazleek sortutako idazlanekin bateran Hamazazpigarrenean aidanez bilduma osatu dute, eta aurreko otsailaren 3an Yolanda Arrietak Etxarri Aranatzen liburua aurkeztu zuen.

Yolanda Arrieta bidaiari bat bezala iritsi zen Etxarri Aranatzera, bertan ikusten zuen guztiaz jabetzeko. Herrian aurkitutakoarekin Estekak ipuina idatzi zuen. Izenburu irekia da, ez zekielako zer aurkituko zuen. Arrietaren lana ez ezik, Hamazazpigarrenean aidanez Geuretik sortuak ekimenean parte hartu duten hamasei idazleen lanak jasotzen ditu.

Ikastaroa

Bestetik, Yolanda Arrieta otsailaren 22an Etxarri Aranatzera itzuliko da Nano ipuinak egiten ikasteko lantegia eskaintzera. Euskara ikasleendako eta mintzakideendako ikastaroa izanen da, eta bi saio eginen ditu: 09:30etik 11:00etara eta 19:00etatik 20:30era. Izena ematea: Itsasi euskaltegian (sakana@aek.eus) eta Sakanako Mankomunitatean (euskara@sakana-mank.eus).

Erlazionatuak

Etxarri, ipuin bateko herria

Eneida Carreño Mundiñano eta Erkuden Ruiz Barroso 2021 eka 09 Etxarri Aranatz