Zabalaren heriotza argitzeko Sekretu Ofizialen Legea indargabetzea eskatu dute

Guaixe 2022ko mar. 25a, 11:25
Josu Zabala Salegi oroitzeko egindako ekitaldia. ARTXIBOA

Egiari Zor fundazioak 'Josu Zabala, 25 urte egiaren bila. Egia jakiteko garaia da' ekitaldia eginen du bihar, larunbata, Etxarri Aranazko plazan. 

Josu Zabala Salegi Debako Mendata punta hilik agertu zela 25 urte betetzear direla eta,”haren heriotzaren inguruabarrak oraindik argitu gabe” daudela adierazi dute Egiari Zor fundazioko kideak. Horregatik, “bertsio ofizialen kutxa iluna ireki beharra” nabarmendu dute, eta, horretarako, ezinbesteko jo dute “Sekretu Ofizialen Legea indargabetzea, egia jakiteko dugun eskubidea ezinbestez ahalbidetu behar zaigu”. Bihar, martxoak 25, larunbata, 19:00etan, Etxarri Aranazko plazan ekitaldia eginen du Egiari Zor fundazioak. 

Fundazioko kideen iritziz, “Zabalaren heriotzari buruzko bertsio ofiziala, hurrengo egunetan egindako frogen emaitzen ondorioz erori bazen ere, egun oraindik itzalez eta argitu gabeko galderez inguratua jarraitzen du kasu horrek”. Eta hainbat froga gogorarazi dituzte: heriotza eragin zuen jaurtigaia ez zen aurkitu gorpua agertu zen lekuan; Zabalaren gorpuaren ondoan aurkitutako pistolak ez zuen haren aztarnarik, ezta inolako arrasto organikorik ere; gorpua agertu zen lekuan ez zegoen odol arrastorik, bihotzaldean bala-zauria izan arren eta haren oinetakoetan aurkitutako lur hondarrek kolore eta konposizio mineralologiko ezberdina zuten aurkitu zen lekuko lur laginekin alderatuta.