Zabala hilik agertu zela 25 urte bete dira

Guaixe 2022ko mar. 25a, 11:35
Duela bost urte herri ekimena sortu zen gertatutakoaren egia ezagutu asmoz.

Bertsio ofizialaren arabera bere buruaz beste egin zuen. Baina etxarriarraren gorpua agertu zen tokian eta bestelako zantzuek hil egin zutela pentsarazten diote familiari. Zabala gogoratzeko bi ekitaldi eginen dira Etxarri Aranatzen larunbatean.

Auzitegiko medikuaren autopsiaren arabera Josu Zabala Salegi, Basajaun, 1997ko martxoaren 26an eman zuen azken hatsa. Mendizale batzuek opatu zuten ETAko kidearen gorpua Debako Mendata puntan. Bularrean tiro bat zuen eta aldamenean pistola bat zegoen. Bertsio ofizialaren arabera bere buruaz beste egin zuen 26 urteko etxarriarrak. 

Familiak ez du sekula onartu bertsio ofiziala. Izan ere, hainbat zantzuk Zabala hil zutela pentsarazten die: lokietan marka batzuk eta eskuetan lesioak zituen; bere ondoan azaldu zen pistolak ez zuen bere hatz markarik; pistolaren kanoian ez zegoen odol, azal edo oihal arrastorik; balarik ez zuten inon aurkitu; praketako poltsikoak bederatzi zigarro zituen tabako gorri paketea eta metxeroa agertu ziren baina Zabalak ez zuen erretzen eta haren oinetakoetan opatutako lurra ez zen hilik agertu zen tokikoa. Autopsiak gorpua aurkitu baino hamabi ordu lehenago hil zela ondorioztatu zuen, inguruan bizi zirenek tiro hotsik ez baina autoen zarata entzun zuten. Gerora, ETAk ohar bidez jakinarazi zuen Zabala erakundeko kide zela eta bahitu egin zutela. ETAk Zabalaren heriotzaren ardura Espainiako Estatuko Segurtasun Indarrei leporatu zien.

Kronologia laburra 

  • 1997-03-23 Josu Zabala Salegi eta Iñaki Bilbao Gaubeka Bilboko taberna batean ETAko kide batekin hitzordua zuten. Bilbao kanpoan gelditu zen, baina mugimendu sumagarriak ikusi zituen eta alde egin zuen. Bueltatu zenean ez zegoen Zabala, eta egun horretatik Josuren berririk ez zuela jakinaraziz deia egin zuen.

  • 1997-03-26 Autopsiaren arabera gau horretan hil zuten etxarriarra.

  • 1997-03-27 Josuren gorpua Debako Mendata puntan opatu zuten bi mendizalek.

  • 2000-02 Eibarko epaitegiak ebatzi zuen ETAko kideak bere buruaz beste egin zuela.

  • 2000-07 Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak aurreko epaia berretsi zuen.

  • 2001-03 Espainiako Konstituzio Auzitegiak familiaren helegitea ez zuen tramitera onartu.

  • 2001-08 “Instrukzio akatsak” oinarri hartuta, familiak Giza Eskubideen Europako Auzitegian  sumarioa aztertzeko eskatuz helegitea jarri zuen.

  • 2002-03-29 Familia eta lagunek Zabalaren kasua azaldu eta informazioa banatu zuten  Estrasburgoko katedraleko plazan.

  • 2002-07-03 Familiak Europako Legebiltzarrean Zabalaren auzia argitu gabe zegoela gogorarazi zuen.

  • 2002-12 Estrasburgoko auzitegiak atzera bota zuen familiaren helegitea.