Zabala gogoan izanen dute

Guaixe 2022ko mar. 25a, 11:14
Josu Zabala Salegi.

Omenaldia bihar, larunbata, eginen dute, Etxarri Aranazko plazan. Haren heriotzaren atzean estatua dagoela adierazi dute eta bertsio ofiziala gezurtatu dute.

Josu Zabala Basajaun-en omenaldiaren ekitaldiaren antolatzaileen iritziz, “Espainiar Estatuak eta bere mertzenario ustelek desagerrarazi zuten Zabala Bilbon, 1997ko martxoaren 23an”. Bularrean tiroa zuela hilik opatu arte lau egun desagertuta egon zela nabarmendu dute. Deitzaileek argi dute Zabalak “ez zuela bere buruaz beste egin, Josu, Euskadi Ta Askatasunako militantea zelako erail baitzuten”. Ekitaldia bihar, martxoak 25, larunbata, 13:00etan, izanen da, Etxarri Aranazko plazan. 

Gaineratu dutenez, Zabalak “ETAko beste hainbat militanteek bezala, herri honen askatasun nazional eta sozialaren alde borroka bururaino eraman zuen”. Haiendako “Euskal Herriaren
askatasunaren alde borrokatzeagatik” hildakoen efemerideak “oroitzapen egunetara mugatzea  ezinezkoa zaigu. Horiek, izaera politiko eta parametro iraultzailetan landu beharrezko egunak dira”. Gaineratu dutenez, “oraindik ere, Euskal Herria, klase zein nazio parametroetan zapaldua jarraitzen du, kolore desberdinetako txakurren bidez herri okupatua izaten jarraitzen dugu, eta asimilazioa bultzatzen ari den sasi bake prozesu batean murgildua gaude. 

Ekitaldiaren deitzaileen arabera, “zapaltzaile eta zapalduen artean ez dago adiskidetze edo elkar ulertzerik, Euskal Herri Langilearen etsaiarekiko elkarbizitzara zuzendutako planteamenduak iruzurra suposatzeaz aparte, porrotera kondenaturik baitaude”. Horregatik, “Euskal Herri Langileari geratzen zaion aukera bakarra konfrontazioa da. Azpiratuta mantentzen gaituztenoi, hortzak erakustea besterik ez zaigu gelditzen”. Hori dela eta, “Zabala eta gainontzeko eusko gudariek aurrera eramandako borroka dugu honen adibide nagusi”. Euskal Herriaren independentzia eta sozialismoaren alde antolatzera eta borrokatzera deitu dute.