Iker Elizegirekin bikote oso sendoa osatuta, Promozioko Binakako bere lehen finala jokatuko du Joanes Bakaikoak eta Binakako txapela janztea nahiko luke, aurretik dituen lau eta erdiko bi txapelekin eta Buruz Buruko txapelarekin Promozioko trilogia ixteko. Baina arerio oso gogorrak ditu: Javier Zabala eta Oier Etxeberria.
Lesio batetik atera berri, 2021eko azaroan Promozioko Lau eta Erdiko txapela lortu zenuen Altsasun, Iraitz Zubizarretari 22 eta 10 irabazi eta gero. Segidan Binakakoari ekin zenion, Iker Elizegirekin batera, eta sekulako txapelketa egin duzue.
Hasieratik gauzak oso ongi atera zitzaizkigun, lehenengo postuetan egon ginen eta ligaxka despeditzeko lau jardunaldiren faltan finalerdietarako sailkatuta geunden. Jokoz oso ongi eta oso gustura aritu naiz txapelketa osoan. Egin dugun txapelketarekin oso pozik nago.
Coronavirusarengatik bajaren bat izan zenuen, baina ez zenuen beheraldirik izan.
Hala da. Binakakoa oso txapelketa luzea da. Azaroan hasi ginen eta martxora arte hilabete asko dira. Normala da gorabehera batzuk izatea baina orokorrean arazorik gabe eta gustura aritu naiz. Azkeneko jardunaldietan eskuetan arazo txiki batzuk ere izan nituen, pare bat partida utzi behar izan nituen, baina guztiz osatuta nago, finalerako gogotsu.
Unai Lasoren prestatzaile Egoitz Carrionek oso ondo ikusten zaitu, lesio baten ondotik zeinen ondo itzuli zaren harrituta dago eta joko aldetik aurrelari gisa aurrera pauso bat eman duzula uste du. Zu ere horrela sentitu al zara?
Horretan saiatu naiz. Uste dut azken boladan aurrean hobeki ikusi dudala nire burua, erasokor, eta kanpotik ere hori ikusten badute, eskertzekoa da eta seinale ona. Erasokorrago jokatzen saiatu naiz, eta uste dut lortu dudala. Partida ezberdinak izan ditut, baina orokorrean askoz hobeto ikusten dut nire burua.
Binakakoa zerbait bada, erresistentzia txapelketa da: 14 jardunaldi, finalerdia eta finala. Finalerdian Victor eta Gaskue 13 tantotan utzi eta gero, pentsatzekoa da animoz gainezka iritsiko zaretela larunbateko finalera.
Bai, txapelketa oso luzea da eta edozer gerta daiteke, baina azken txanpa honetara une oso onean iritsi gara, une gozoan, eta finala jokatzeko gogotsu gaude.
Arerio latzak dituzue: Javier Zabala eta Oier Etxeberria. Txapelketa oso ona egitetik datoz, tartean ligaxkako azken partida gogoangarria, bi ordu pasa iraun zituen partida gogorra.
Zalantzarik gabe. Hasieran ez ziren bere mailan hasi, baina gero gora egin eta azkeneko boladan ikusi da konfiantza hartu dutela. Etxeberriak ez du batere huts egiten. Finalerdiko azken partida hori orain arte egon den partida luzeenetariko bat izan zen, 1.200 pilotakada jo ziren eta Oierrek ez zuen hutsik egin. Konfiantzarekin dago. Zabala konturatu da atzean pilotari oso ziurra duela, berak ere konfiantza hartu du eta ongi ari da. Oso huts gutxi egiten duten bikoa da, atzean oso indartsua dena.
Zein izango da zuen estrategia?
Edozeinen kontra gogorra litzateke finala, baina hauen kontra bereziki gogorra izango dela badakigu. Beraiek partida ez dominatzen, horretan saiatu beharra dugu. Atzera eta atzera hasten direnean, piloteoan, oso eroso sentitzen dira. Beraz, ekimena guk hartzen, dominatzen eta gure erritmoa ezartzen saiatuko gara, beraiek deseroso sentitzeko. Aurrean jokoa pixka bat nahasten saiatuko naiz, tantoak mugitzen, eta ahal bada beraiek beraien lekutik ateratzen.
Finala larunbatean da non eta Labriten, zure pilotaleku kuttunean.
Alde horretatik guztia bikain atera da. Oso pozik nago, inguruko jendeak finalera joateko aukera izango duelako. Lagunak eta ingurukoak Labriten ikusteak, eta gerta zer gerta ondoren beraiekin ospatzeak ilusio handia sortu dit.
Baiko Pilotarekin kontratua beste hiru urtez luzatu izana ere ospatu beharko duzu.
(Kar, kar…) Duela aste pare bat kontratua berritu nuen eta pozik nago. Horrek ere aurrera jarraitzeko lasaitasuna ematen dizu, ilusioz entrenatzen jarraitzeko eta hobetzeko gogoa.
Kantxetan beste etxarriar bat izango duzu bidaide, Asperekin berriki fitxatu duen Aaron Arbizu atzelaria. Beste etxarriar bat profesional izatea oso albiste ona da.
Bai, sekulako poza ematen dit. Duela urte batzuk Adur Lasarekin kointziditu nuen, orain Aaronekin eta pozik. Enpresa ezberdinetakoak garenez, ez dut uste batera jokatzeko aukera gehiegirik izango dugunik baina aldageletan topo egingo dugu eta ea partidaren bat Etxarri Aranatzen edo inguruan jokatzeko aukera dugun.
Promozio mailan hiru txapel dituzu, Buruz Buruko 2018ko txapela eta Lau eta Erdiko bi txapela, 2018koa eta 2021ekoa. Hau izango da Binakako zure lehendabiziko finala eta txapela lortuz gero, sekulakoa litzateke.
Finalera iritsita egindako txapelketarekin pozik gaude, baina irabaztea lortuko bagenu niretzat oso polita litzateke Promozioko hiru modalitateetan txapela lortzea. Badakit zaila izango dela, baina aukera izanda saiatuko gara eta larunbatean horretara joango gara.
Baikon bere garaian izandako arazoei buelta eman diozue. 2020ko pilotarien greban aktibo izan zinen, Unai Laso enpresara itzuli eta Binakako final nagusia jokatuko du… Egindako borrokak merezi izan duela ikustea handia izango da, guztiak giro onean baitzaudete.
Bolada txarra izan zen, buelta eman genion eta oso pozik. Unai laguna dut eta oso pozik nago ematen ari den mailagatik. Berak Bilbon jokatuko duen finalean ere bera animatzen egongo naiz.
Ea Bilbora zure txapela ematerik duzun.
Horretan saiatuko gara.
Larunbatean Labrit alde izango duzu eta sekulako giroa. Zorterik onena opa dizugu.
Bai, eskerrik asko!