Ikastetxeetako aniztasun gelek Korrikan parte hartuko dute

Guaixe 2022ko api. 5a, 08:49

Aniztasun gelako ikasleak gelan. ANDRA MARI IKASTOLA

D ereduko sei ikastetxeko behar berezietako ikasleak, profesionalak eta familiak gaur, 17:24ean, 1291. kilometroa laster eginen dute Azantzan. Aniztasun funtzionala duten ikasleak gainontzekoekin batera ikasteko bitartekoa dira gela horiek. Bide batez, behar berezietako zentroetan D eredua zabaltzea eskatuko dute.

Berako Ricardo Barojan eta Toki Ona ikastetxeetan, Iruñeko Hegoalde eta Iturrama ikastetxeetan, Sarrigurengo institutuan eta Etxarri Aranazko Andra Mari ikastolan daude D ereduko gela alternatiboak. Andra Mari ikastolan 2014-2015 ikasturtetik dago laguntza gela hori zabalik. Haren tutorea da Aiora Barandiaran Arrese. “Garai hartan oso gela gutxi zeuden. Baina Hezkuntza Departamentuak apustu handia egin du aniztasun funtzionala duten ikasleak beste ikasle guztiekin batera euren herrietako ikastetxeetan egoteko gela berriak irekiaz eta inklusioa bultzatuz. Gelen loraldi bat izan da eta 18 edo 19 gela daude gaur egun”, azaldu du Barandiaranek. 

Tutoreak azaldu duenez, “azken finean ikastetxe bat gizartearen antzera, lorategi bat dela esan genezake, eta lorategi bat eder egiten duena bertan dauden landareak eta landare horien zaintza izan ohi dira. Lorategia ederragoa izanen da zenbat eta landare mota gehiago eduki eta landare horiek zenbat eta lore gehiago izan”. Gizartean ere gauza bera gertatzen dela gaineratu du, “denak desberdinak baina denak bizidunak eta denak beharrezkoak gara”. 

Inklusioa 
Ikastolan “lorezaintza” hori nola egiten duten galdetuta, Barandiaranek azaldu du Andra Mari ikastolan behar berezietako sei ikasle dituztela DBHn. Tutoreak zehaztu duenez, “Nafarroan DBHko laguntza gela oso gutxi daude”. Ikastolako sei ikasle horiekin bi zaintzaile eta bi pedagogo-terapeuta egoten direla. “Ikasle bakoitzak bere erreferentziazko gela bat du, han daude beraien ikaskideak eta lagunak. Landu behar den gaiaren arabera ikaskideekin gelara joanen dira, baina beste materia batzuk laguntza gelan ikasiko dituzte”, argitu du Barandiaranek. 

Halako gelak aniztasun funtzionala duten ikasleendako onuragarriak direla azpimarratu du Barandiaranek: “ikasleak behar berezietarako ikastetxe batera joan beharrean, beraien ikastetxera joaten dira eta beraien herrian gelditzen dira. Horrela normaltasuna eta aberastasuna sustatzen da”. Horregatik, ez du bidezko ikusten zaitasunak dituztenak Iruñerrira joan behar izatea, “Sakanan eta Nafarroan, baliabideak izatea garrantzitsua da”, ziurtatu du. 

Aldarrikapen km-a 
Korrika aitzakia izanen da “askotan itzalean geratzen diren landare horiek eguzkitara
ateratzeko eta eguzkiaren argiarekin eta inguruko guztien besarkada, txalo eta aipamen politekin guztiak lore koloretsu bihurtzeko”. Azantzan asteartean laster eginen duten 1291. km-a, alde batetik, Pirritx, Porrotx eta Marimototsi esker ona azaltzeko izanen da: “hirukote horrek guregatik egiten duen guztiagatik, ekimen asko baitira gure eskubideen alde egin izan dituztenak”. 

Bestetik, ikasle, profesional eta familia horiek geletatik errepidera salto eginez ere aldarrikapen bat egin nahi dute: “Nafarroan dauden behar berezietako lau zentroetatik hiru gaztelaniaz dira eta batean D ereduko plaza gutxi batzuk daude. Ikastolatik ateratzen diren ikasleak plaza gabe geldi daitezke. Iruditzen zaigu euskarazko eskaintzak ere tokia izan behar duela zentro horietan”. Esker on hori eta aldarrikapenak Korrikan bat eginen dute eta D ereduko aniztasun geletako komunitateak bere “bizipoza korrikalari guztiekin partekatzeko asmoz” eginen du lasterka.