Etxarri Aranazko irin fabrikari buruzko liburu elebiduna argitaratu du Juana Mari Jauregi Floresek. Apirilaren 22an, ostirala, 19:00etan, Etxarri Aranazko kultur etxean aurkeztuko dute.
Irin fabrikari buruzko liburu bat. Zergatik?
Zazpi anai-arrebena zen irin fabrika hartu zuen eraikuntza. Zazpien artean adostasunera iristea zaila zen. Eraikuntza enpresa bat eraikina erosi nahian etorri zen. Ikusi nuenean irin fabrika edozein momentutan desagertuko zela, pauso batzuk ematen hasi nintzen. Han zegoen makineria eta dokumentazio guztia jaso nuen. Niretako nire etxeko eta Sakanako historiaren parte bat zenez, kontserbatzeko lantxoak egiten hasi nintzen; gutxienez, zerbait Etxarri Aranazko Udalean eta, agian, inguruko udaletan halako testigantza bat sartzeko. 2005ean hasi eta orain arte egin ditudan lan guztien laburpen bat da, lortutako amets bat da liburu hau.
Garai bateko testigantza ere izanen da, ezta?
Bai. Irin fabrika gerra lehertu zenean hasi zen lanean, 1936an. Ordutik 1970eko hamarkadara arte, itxi zuten arte, hor bilduta dago ez bakarrik nire familiaren istorioa, baizik eta Sakanako nekazaritza eta historia polit bat.
Zuk idatzi duzu liburua?
Ni motorra, koordinatzailea izan naiz. Batzuk esaten dute arima izan naizela. Baina, egia esan, horrelako liburu bat egiteko ni bakarrik ez naiz gai. Laguntza eskatu eta oso laguntzaile onak opatu ditut bidean: Victor Manuel Egia Astibiak lan asko egin du; Marian Mendiola Barandallak asko lagundu dit, batez ere, liburuaren osaketan; Zuriñe De la Cueva Aiestaranek asko lagundu dit webgunearekin. Berak lan handia egin zuen aitak utzitako dokumentazioa antolatzen eta sailkatzen, eta asko zen. Guztia Iruñeko artxibategian sartu genuen. Egindako lanarekin De la Cuevak liburuaren osaketan ere lagundu dit. Sakanako nekazaritzaz oso dokumentazio gutxi opatu dugu Nafarroan. Nicolas Arbizu Gabirondo iturmendiarrarekin eta Ekhi Etxeberria Kaiuela bakaikuarrarekin adostasunera iritsi eta Mendiolak bien lanen antolaketa egin zuen. Eta hori liburuan jasoa dago. Ni gainean egon naiz: hau dago, hau egin behar da, bestea… Baina egia da bostek pila bat lagundu didatela.
Beraz, ez da bakarrik liburua, webgunea ere.
Sekulako lanak egin zituen De la Cuevak, pasada bat. Berak antolatu du www.sanmiguelirinfabrika.eus webgune guztia. Web orri hori nik ordaintzen dut urtero. Baina irits daiteke momentu bat ordaintzen ez baduzu bertan behera gelditzen dena. Euskal Herriko Wikipedia Elkartearekin harremanetan jarri nahi dugu, agian horko informazio asko Wikipedian geldi daitekeelako. Pentsatzen dut mantenduko litzatekeela eta balioko lukeela beste pertsona batzuek lan gehiago egiteko, edo hobetzeko.
Nola dago antolatuta liburua?
Hitzaurrea nirea da eta ondoren bi atal nagusi daude. Lehendabizikoa Egiak egindakoa da. Neumologo jubilatua da eta Nafarroako euskal hizkuntza, kultura eta historiarekin konpromiso handia du. Azken urteetan, batez ere, gelditu diren XIX. eta XX. mende hasierako industria zaharrak ondare gisa hartu ditu eta horren inguruan izugarrizko lana egin du. Egiak lehen atal horretan lan tekniko handiena egin du. Kokatu du nire familia, arbasoen jatorria (errotariak XVII. mendetik edo gehiago), ondoren Nafarroan zenbat irin fabrika zeuden, Etxarrin zentratu da eta industria beraren funtzionamenduan (sistema austrohungariarra).
Bigarren atala Etxarri Aranazko irin fabrikaren eta nekazaritzarekin zuen loturari buruzkoa da. Arbizuren eta Etxeberriaren lanen inguruan Mendiolak egindako antolaketa dago: Sakanako ekonomia, XVII. eta XVIII. mendeetatik ibarreko nekazaritza, basoak, basogintza, nolakoa izan zitekeen. Gaur egun arte. Lan xamurra da, baina interesgarria. Testigantzak ere badaude. Elkarrizketak egin dizkiegu Etxarriko adineko pertsonei, gehienak nekazariak izandakoak. Nekazaritzari eta irin fabrikari lotutako galderak egin genizkien. Etxarriko euskaran eman ditugu lekukotza horiek. Beste ataltxo batean eranskinak heldu dira: aitak jasotako dokumentazioa, makinen argazkiak eta halakoak.
Zeinek argitaratu du liburua?
Neronek. Nire poltsikotik ordaindu dut guztia. Nire ametsa zen. Ez daukat inongo asmorik dirurik irabazteko. Nire ingurukoek esaten didate gutxienez zerbait berreskuratu beharko nukeela. Horregatik salgai dago, eta laguntza eskatu dut udaletan. Nire asmoa zen testigantza bat sortzea eta hori udaletxeetan gelditzea.
Nork erosiko du horrelako liburu bat?
Segur asko, oso jende gutxik. Arbizuk esan zidan berak mandazainen liburuarekin sorpresa hartu zuela eta, agian, nik ere hartuko dudala. Liburu hauen salmenta nahikoa mugatua izanen da.
Baina tokiko historiak tira egiten du, ez?
Bai. Niretako liburua oso interesgarria da. Horregatik, batez ere. Nik izugarrizko garrantzia ematen diot jakiteari nondik heldu naizen, edo garen. Hori ez baldin badakigu, ez dakit gure burua ezagutzeko gaitasun handia izanen dugun. Niretako garrantzitsua dena, pentsatu nahi dut jende askorendako ere badela. Eta neurri horretan liburua oso polita da.
Zergatik joan beharko luke aurkezpenera?
Orain arte esandakoagatik: Etxarri Aranazko eta Sakanako historiaren zati bat da, eta maila horretan Euskal Herriko historiaren ale txiki bat da hor dagoena. Irin fabrikak beti lotzen dira Espainiarekin edo Nafarroa hegoaldearekin. Zeren garia, batez ere, han ekoizten zen. Baina nik beti sentitu dut Etxarriko irin fabrika euskalduna zela. Egiari esan nion: zuk ezagutzen dituzun irin fabrika guztiak erdararekin lotura dute, baina Etxarrikoak ez; nire familia erabat euskalduna zen. Nekazariak ikusten nituenean… Goierriko erosle asko genituen… Irin fabrika erabat euskalduna zen. Horren zatitxo bat nire herriari, Sakanari eta Euskal Herriari eskaintzen dizkiot. Fabrikaren funtzionamendua, austrohungariar sistema, izugarri interesgarria da. Ikusi behar zen funtzionatzen! Niretako artistikoa zen. Makinak burnizkoak eta egurrezkoak ziren, eta funtzionamendua zoragarria zen. Duela 200-300 urteko nekazaritzaren ezaugarri laburrak ere badaude, oso interesgarriak. Kokatzeko gu nolakoak garen eta aurrekoak nolakoak ziren. Historiarekin eta kulturarekin konpromisoa duten pertsonei joateko eskatuko nieke, interesgarria da eta.
Liburua non egonen da salgai?
Hitzaldiaren ondoren salgai egonen da. Hilaren 26an Liburuaren Eguna ospatu behar da Etxarri Aranatzen eta han ere salgai izanen da. Gainera, ibarreko liburu dendatan salgai egonen da.