Argiteria eta udal eraikinetan inbertsio nagusiak

Guaixe 2022ko mai. 26a, 13:01

Kanpinean padel pista eraikitzeko lanak aurreratuta daude. ETXARRIKO KANPINA

Etxarri Aranazko Udalak aurten argiteria publikoaren eraginkortasuna handitzeko pauso handia emanen du. Bestalde, musika eskolan igogailua jarri, kanpinean aldagelak berritu eta padel pista egin eta eskolan aldagelak eta sarrerako atea berritzea aurreikusi du udalak.

Aurten Etxarri Aranazko Udalak 2.387.655,82 euroko aurrekontua du, joan den urtekoa baino 13.117,88 euro txikiagoa. Silvia Marañon Chasco alkateak azaldu duenez, inbertsioetara 475.357,95 euro bideratuko dituzte. Zatirik handiena, 11.743,5 euro, argiteria publikoa eraginkortasun eta jasangarritasun baldintzetara egokitzera bideratuko dute. "IDAEri 2017an egin genion dirulaguntza eskaera. Orain jaso dugu baiezkoa, baina, dagoeneko, hainbat lan eginak ditugu. Horregatik, proiektua moldatu dugu; eginda dagoena kendu eta beste lan batzuk sartu ditugu. Orain 60.000 bat euroko dirulaguntza jasotzea espero dugu", esan du alkateak. Marañonek azaldu duenez, argiteria publikoko bonbillak LED argiengatik aldatzeaz aparte, Burundabide kaleko hargunea ere berrituko da. "Argiteria eraginkorragoa izateko pauso handia emanen dugu lan horiek eginda, gutxi geldituko da lan horiek guztiz despeditzeko", gaineratu du. 

Kanpinaren azpiegiturak berritzen joateko urtero inbertsioak egiten ari da udala. "Aurten aldagelak berrituko ditugu, beste premiarik ez bada sortzen behintzat". Baina, horrekin batera, Etxarri Aranazko Udalak kanpinean dagoen tenis pista eraberrituko du eta padel pista bihurtuko du. "Kanpina zerbitzu berri batekin hornituko dugu, baina etxarriarrendako zerbitzua izanen da. Igerilekuetan bezala, herritarrek izanen dute lehentasuna eta merkeago erabili ahal izanen dute" esan du Marañonek. Padel pista egiteko 25.000 euro bideratu ditu udalak. Ariketa fisikoarekin zerikusia duen beste inbertsio bat kalistenia parkea izanen da, Lazkoz eta Txikia kaleen arteko plazan, izarran, jarriko dena. Horrek 12.800 euroko inbertsioa eskatuko du. Plaza berean adinduek ariketak egiteko makinak daude. 


San Donato eskola publikoa.

Eraikinak 
Hiru udal eraikinetan ere inbertsioak eginen dira. Batetik, musika eskolan igogailua jarriko da aurten. Eraikina zaharberritu zenean igogailua jartzeko zuloa prest utzi zen eta orain hura betetzeko 30.000 euro bideratu ditu udalak. Bestetik, San Donato eskola publikoan udalak bi inbertsio eginen ditu: zaharkituta dauden komunak berritu eta sarrerako atea berritu. Udan eginen diren lan horietara 43.000 euro bideratuko ditu udalak, eta Hezkuntza Departamentuaren dirulaguntza jasoko du. Ikasnova ikasgelaren bigarren fasea ere egin nahi zuen udalak, baina laguntza faltagatik, 20.000 euroko inbertsioa eskatzen duen lan hori heldu den urtean eginen du. 

Hiltegian zatikatze gela egiteko lanak joan den urtean despeditu ziren. Aurten hura dagokion tresneriaz hornitzea tokatzen da. Horretarako, udalak Cederna-Garalurren bidez Europako funtsari dirulaguntza eskatu zion, baita jaso ere. Bestetik, EH Bilduk Nafarroako Gobernuarekin herrialderako aurrekontu akordioa lortu zuen joan den urtean eta haren bidez 75.000 euro bideratu ziren helburu horretara. "Garalurren dirulaguntzari uko egin diogu inbertsioaren %60 bat ordaintzen zuelako eta gobernuarenak %100. Guk inbertsioa egin ondoren jasoko dugu laguntza. Eta espero dugu gela udazkenerako martxan izatea", azaldu du Marañonek. 

Bideak eta beste
Udalak aurten dermioko hainbat bide hobetuko ditu, behar den zatietan porlanarekin. Gainera, sasiak garbitzeko lanak ere aurreikusi ditu. Horiek egiteko 52.557,3 euro ditu. Hilabete baino gutxiago gelditzen da San Adrian egunerako. Ohi bezala, garagarrilaren 16ko joan-etorriak erosoago egiteko bidea txukunduko du udalak. Alkateak aurreratu duenez, "San Adrian ondoren bidea konpondu eginen dugu, urtero txukuntzen ez ibiltzeko asmoz. Gehien hondatzen den bide zatietan porlana jarriko da. Lan horietarako 25.000 euro aurreikusi ditugu". 

Herriko aurrekontuetako berritasuna Solasean programa da, Sakanako Mankomunitatearen Anitzartean kulturartekotasun zerbitzuarekin eta Etxarri Aranatz aldeko Oinarrrizko Gizarte Zerbitzuarekin batera garatu eta udalak finantzatuko duena. Marañonek azaldu duenez, "migranteak seme-alabekin ikasturte erdian etortzen direnean, ikasleen errendimendua ez jaisteko eta harremanak sustatzeko helburuz jarriko da programa martxan". Egitasmo berri horretarako 4.000 euro jarri ditu. Etxarri Aranazko Udalak, bestalde, 43.000 euroko ekarpena eginen dio aurten Sakanako Mankomunitateari, "herriek gehiago ordaintzea erabaki dugu, bere ekonomia egoera ona ez delako eta aurreikusitako inbertsioetarako diru poltsa osatzen hasi behar delako". 

Gainontzeko udalen modura Nafarroako Gobernuaren Toki Azpiegitura Planera zer inbertsio aurkezten ari da udala. "Herrian uraren behe hornidurako sarean hobekuntzak egin ondoren, orain uraren goi horniduran egin nahi ditugu eta Amaiturrietako ur hargunea konpondu nahi dugu. Plana horretarako baliatu nahi genuen, baina Europako Next Generation deialdi bat sortu da eta hura baliatuko dugu", esan du alkateak. Planetik aurten 80.000 euro jasoko ditu udalak nahi duen inbertsioetan erabiltzeko, eta hurrengo urtetan 43.000 euro. 

Erlazionatuak