Hiltegia handitzeko lanak hasi dira

Guaixe 2021ko mar. 24a, 14:30

Sakana hiltegia.

114,89 metro karratuko azalera eraikiko da. Han barruan eraldatze zentroa eta triperia gela jarriko dute. Gainera, hotz-ekipoak berrituko dituzte. 202.225,58 euro inbertsioa eginen da (BEZ barne).

Etxarri Aranazko hiltegian eraldaketa gunea egiteko proiektuaren atzean daude Etxarri Aranazko Udala, Sakanako Garapen Agentzia, Belardi ekoizle elkartea eta Sakanako hiltegia kooperatiba. Eraldaketa zentroa izanik abeltzainek han haragia zatikatu edota manipulatzeko aukera izanen lukete eta osasun-zigilua jasota zuzenean salgai jartzeko aukera. Gaur egun hiltegian behi- eta ardi-azienda hiltzeko baimena dute. Behin lanak despedituta, zaldi- eta txerri-azienda zatikatzeko aukera izanen da Sakana hiltegian, beti ere, beste hiltegi batean hildakoak. 

Sakanako Estrategia Planean jasotako egitasmoa da. Sakanako Garapen Agentziako elikadura teknikari Nerea Vianak azaldu duenez, “hiltegia sektorearendako erreminta baliagarria izatea nahi dugu, eta ahalik eta gehien dibertsifikatzeko helburuarekin bulkatu dugu handitzea”. 

Lanak 2018an egitekoak ziren, baina Nafarroako Gobernuak emandako dirulaguntza berandu iritsi zen eta espero baino txikiagoa izan zen. Finantziazioa eskuratuta, Etxarri Aranazko Udalak hiltegia handitzeko lanak Erki Construccion Sostenible SM enpresari eman dio, 122.212 euroren truke (BEZ kanpo). Berak hiltegira atxikitako eraldatze zentroa eta triperia gela eraiki beharko ditu. Zehazki,  zatikatze- eta ontziratze-gela bat (29,89 m2), bi hotz-kamera (16,69 m2 eta 12,29 m2), haizatze-kamera bat (4,44 m2), garbitze gela (4,44 m2) bidalketa-eremua (24,30 m2), garbiketa-gela bat eta zerbitzu-biltegi gela (4 m2) egin beharko ditu. Solairu bakarreko 114,89 metro karratuko azalera duen eraikina da, hiltegiaren eskuin aldean jasoko dena. Isuri bateko teilatua izanen du. 

Horrekin batera, hiltegiko hotz-instalazioa berritu eta hobetzeko lanak ere eman ditu Etxarri Aranazko Udalak. Tarre SA enpresak egiteko horregatik 44.916,58 euro (BEZ kanpo) jasoko ditu. Aurreneko enpresak hiru hilabete ditu bere lanak despeditzeko eta atzenak, berriz, hilabete eta erdi. Garagarrilaren 25erako lan guztiak eginak egon behar dute. Horregatik, aste honetan hasi dira. Lanak egiten diren bitartean hiltegiak ez du bere martxa etengo. 

Hiltegiaz 
Sakana hiltegia kooperatiba-sozietatea da hiltegia kudeatzen duena. Ibarreko harakinek osatzen dute nagusiki. Etxarri Aranatzeko Udalak 1995ean eraikitako udal-jabetzako hiltegia kudeatzen du. 1999. urtean, hiltegiko kortak handitu ziren. Ondoren, 2001. urtean, hobekuntzak egin ziren saneamendu-sisteman, eta, berriki, administrazio- eta zerbitzu-gune bat egin da.