Irati Altzelai

"Muruzabali lana erraz ez jartzen eta bere mailan egoten saiatuko naiz"

Maider Betelu Ganboa 2022ko mai. 27a, 13:25

Irati Altzelai entrenatzen, Ruben Gelbentzu sparring duela. ARBIZU BORROKA KLUBA

Arbizu Borroka Klubeko Irati Altzelaik Etxarri Aranazko beilaldian debutatuko du

Ikusmin handia piztu du Joxe Vicente Eguzkiza borrokalari ezagunak sustatzen duen Burlatako Kanku Gym gimnasio ezagunak larunbatean, maiatzaren 28an 19:00etatik aurrera Etxarri Aranatzen antolatu duen boxeo, kick boxing eta K1 beilaldiak. Irati Altzelaik Sheila Muruzabal izango du arerio, boxeoan.

Sheila Muruzabalen kontra boxeoan borrokatuko zara. Zenbat roundetara izango da borroka? 
Nire borrokak 3 round izango ditu, bakoitza 3 minutukoa. Aroak baina denbora zerbait gehiago izango dut lan egiteko. 

Nola prestatu zara? 
Aroak esan bezala ia egunero entrenatu dugu azken hilabete hauetan; nire ustez, garrantzitsua izan da elkarrekin aritzea. Pisua jaistea ere tokatu zaigu, eta frustrazio momentuak egon diren arren, niretako elkarri emandako babesa ezinbestekoa izan da eta izaten ari da ibilbide honetan.

Zer espero duzu? Sheila aurretik ezagutzen al duzu? 
Ez dut Sheila Muruzabal ezagutzen, baina badakit nik baino esperientzia gehiago duela. Hori bere aldeko abantailatzat hartzen dudan arren, saiatuko naiz berari lana erraz ez jartzen eta bere mailan egoten. Espero dut nire lana egin ahal izatea eta borroka orain arte egin dugun lan eta esfortzuaren erakustaldi bat izatea.

Urduri al zaude? 
Aipatu dudan esperientziak eta Muruzabalen borroka estiloa ez ezagutzeak urduri jartzen nauela aitortzen dut. Baita zenbat sarrera saldu diren ikusteak ere, izugarria izan delako. Baina, ahal dudan hoberen egingo dut.

Etxean jokatuko duzu. Lagunak eta gertukoak zu ikustera joango dira? Zer esaten dizute? Animatzen al zaituzte? 
Bai, lagunak eta gertukoak bertan izango dira, eta hori oso pozgarria da. Denek animatzen naute, eta horrek babes handia ematen dit. Ama zalantzan dago oraindik joan edo ez, ni baino urduriago dagoelako, baina bere babesa ere badaukadala badakit (kar, kar).

Erlazionatuak

Ez dago sarrerarik

Maider Betelu Ganboa 2022 mai 27 Sakana