Astekaria

Sakandarrak indartsu Triku Trailean

Guaixe 2022ko uzt. 4a, 10:30
Eukeni Goikoetxea, Lizarrustin.

Walther Becerrak eta Ainara Urrutiak erraz irabazitako lasterketan Eukeni Goikoetxea altsasuarra laugarren sailkatu zen eta eta Marina Zabala lakuntzarra hirugarren. Antolakuntza kontentu dago eta boluntarioen lana “bihotzez” eskertu du

Igandean Etxarri Aranazko kanpinean jokatutako Triku Trailean 247 korrikalari zeuden izena emanda eta horietatik 190 korrikalarik hartu zuten irteera, agian euria iragartzen zutelako, baina azkenean ateri mantendu zen, fresko, korrika egiteko eguraldi bikaina. Hori bai, lurra irristakorra zegoen probak zituen 21 kilometroetan (2.800 m desnibel +). Lasterketa Nafarroako Mendi Lasterketen Txapelketarako baliagarria zen. 

Hirugarren kilometrotik
Probari abiadura handiz ekin zioten korrikalariek. Guztien artean Whalter Becerra (Sestao) nabarmendu zen. Bizkaitarrak hegan egin zuen Triku Traileko ibilbide gorabeheratsuan, hirugarren kilometrotik aurreko astean Camille Extreme irabaztetik zetorren Ilunberriko Xabier Zarranzi aldea atera eta gero. Maitzegur dolmena eta Auntzetxe gaindituta, lasai asko iritsi zen Lizarrustiko hornidura gunera, Txaradigorritik Arginbutara jaitsi eta gero, eta hala jarraitu zuen aurrera. Segituan Txaradigorri dolmenera iritsi zen, goreneraino, lasterketako puntu gorenera hain zuzen ere, hura jaitsi, Etxarri, Bakaiku eta Ataun herrien muga den Hirumugetaraino igo, eta Jentilzulo, Iruiturrieta eta Bentatxarretik jaitsita, Iraigorriraino heldu zen, azken igoerari, Fagamendiri, ekiteko. Handik, haritzen bide ederretik barna iritsi zen Etxarriko kanpineko helmugara (1:45:34), han bildutakoen txalo artean. Becerrak ia hiru minutu atera zizkion atzean segika zuen Ilunberriko Xabier Zarranzi (1:48:26), eta Aimar Otxoteko lesakarrak osatu zuen podiuma (1:50:01), Lizarrustin hirugarrena zen Eukeni Goikoetxea altsasuarra gainditu eta hari segundo batzuk aterata (1:50:14). Podiumera igotzear geratu zen Goikoetxea. 

Alderik ez
Emakumezkoetan duela aste pare bat Lakuntza-Aralar irabaztetik zetorren Ainara Urrutia aretxabaldarrak ez zuen areriorik izan (2:08:00). 12 minutu atera zizkion Leire Elola tolosarrari (2:20:34). “Nire erritmoan aritu naiz, gustura. Ez da distantzia luzea, baina ibilbide oso gorabeheratsua da, gogorra, etengabeko jaitsierak eta igoerak daudenez ez du errekuperatzeko tarterik eskaintzen” azaldu zuen 41 urteko korrikalari beterano txapeldunak. Hirugarren Marina Zabala lakuntzarra izan zen (2:25:26), aurreko astean Lakuntza-Aralarren hirugarren sailkatzetik zetorrena. 

Bukaeran sari ematea izan zen Etxarri Aranazko kanpinean. Ohiko txapel eta trofeoez gain, antolakuntzak 1.200 euro banatu zituen sarietan, korrikalari bakoitzak jaso zuen produktu lotea kontuan hartu gabe. Beteranoetan Juanjo Igarzabal (1:53:52) eta Ainara Urrutia (2:08:00) gailendu ziren, eta Asier Estarriagak (2:03:18), helmugan hamazazpigarren, eta Eneritz Karasatorrek (2:31:09) jaso zituzten lehen etxarriarren sariak. 

Lasterketa abiatu bezain pronto, 60 neska-mutikok hartu zuten parte antolakuntzak kanpinaren inguruan antolatutako Triku Txikian. Guztia behar bezala antolatzeko 100 boluntario inguru aritu ziren lanean, Triku Trail taldeak “bihotzez” eskertu zuena, “euren laguntzarik gabe lasterketa ezingo baitzen antolatu”. Babesleen laguntza ezinbestekoa ere eskertu zuten. 

Sakandarren parte hartzea nabarmena izan zen. 43k lortu zuten Triku Traila despeditzea


Sakandarrak Triku Trailean (21 km)
Gizonak
1.Walther Becerra 1:45:34
4.Eukeni Goikoetxea 1:50:14
8.Javi Gasanz 1:54:06
17.Asier Estarriaga 2:03:18
21. Ander Unzurrunzaga I. 2:04:47
23.Asier Palacios 2:06:06 
25.Ander Unzurrunzaga G. 2:06:55
33.Ander Iraizoz 2:11:06
40.Javier Borrega 2:14:30
43.Joxeja Maiza 2:15:49
45.Aimar Araña 2:16:18
47.Juan Mariñelarena 2:16:36
49.Andoni Goikoetxea 2:17:44
54.Iñigo Orradre 2:19:43
61.Unai Razkin 2:21:37
62.Ibon Ubeda 2:21:48
64.Bernardo Garziandia 2:23:23
71.Ivan Lopez de Sabando 2:24:55
80.Jon Igoa 2:27:44
90.Ibai Arrese 2:32:52
98.Raul Moro 2:37:20
103.Pako Moreno 2:39:00
113.Javi Beloki 2:46:08
114.Axier Larrion 2:46:15
120.David Oroz 2:47:55
126.Mikel Arlegi 2:48:56
133.Aitor Salinas 2:52:01
135.Kaxi Estarriaga 2:53:43
141.Jon Goikoetxea 2:56:37
150.Alvaro Tapiè 2:59:23
151.Raul Lage 2:59:28
157.Rafa Lakuntza 3:03:30
159.Miguel Navarro 3:04:44
160.Adrian Jaka 3:05:09
165.Iker Zeberio 3:06:58

Emakumeak
28.Ainara Urrutia 2:08:00
73.Marina Zabala 2:25:26
87.Eneritz Karasatorre 2:31:09
92.Ainhoa Beraza 2:33:44
110.Arantzazu Larrañaga 2:43:28
118.Marta Irañeta 2:47:04
123.Raquel Sanchez 2:48:35
128.Erkuden S. Martin 2:49:36
131.Joana Senar 2:51:59
156.Gurutze Ubeda 3:03:30

Erlazionatuak