Astekaria

"Bizikletan eta aizkoran, bietan aritzen naiz gustura"

Maider Betelu Ganboa 2022ko ira. 13a, 13:00

Aritz Oiarbide Erdozia, Juanito aitona alboan duela, Nafarroako III. Mailako Aizkora Txapelketako kanporaketan. UTZITAKOA

Nafarroako III. Mailako aizkora txapeldunordeak igandean Muruetan Euskadiko Aizkolari Gazteen Txapelketako finala jokatu eta irabazi zuen Aritz Oiarbide Erdoziak. 

Txirrindularitza eta aizkora uztartzen ditu Aritz Oiarbide Erdoziak. Abuztuaren 14an Donamarian jokatutako Nafarroako III. Mailako Aizkora Txapelketan bigarren sailkatu zen eta Nafarroako II. Mailara igotzea lortu zuen. Bitartean, Sakana Group-Aralar junior taldeko txirrindulari gisa denboraldi bikaina ontzen ari da eta igandean Euskadiko Aizkolari Gazteen Txapelketako finala jokatu eta irabazi zuen. Finalean aritu baino lehen hitz egin genuen berarekin.

Kirolari gisa zer zaren galdetzen dizutenean zer erantzuten duzu?
Oraingoz, txirrindularia. Une honetan etorkizun gehiago ikusten diot txirrindularitzari aizkorari baino. Bietan gustura aritzen naiz, baina lehenago txirrindularia naizela esaten dut, eta gero aizkolaria.

Eta gustukoena?
Biak antzeko. Bietan aritzen naiz gustura.

Zein kiroletan hasi zinen?
Aizkoran, aitonarekin. Beranduago hasi nintzen bizikletan, eta orain tartekatzen ditut.

Bigarren abizena Erdozia duzu, aizkolarien familiakoa zara. Juanito aitona eta Juanjo osaba aizkolariak dira, eta osaba ere txirrindularitzan ibili zen Aralar taldean. Bere bidea jarraitu duzu. 
Bai, txirrindularitzan osabarengatik hasi nintzen. Nire lehengusua txirrindularitzan hasi zen, aitaren bidea eginez, eta gero ni hasi nintzen bizikletan. Aizkoran ere familiarengatik. Aizkoran aritzea zaila da, egurra eta materiala beharrezkoa delako. Aitona egongo ez balitz, oso zaila izango litzateke.

Aitona eta osaba Sakanako Aizkora Eskolako arduradunak dira, irakasleak. Zu ere eskolan trebatu al zara edo zure kabuz aritzen zara?
Sakanako Aizkora Eskolan aritzen naiz, baina eskolaz aparte ere aritzen gara, familian.

Aitonak beti esaten du gaztetxo bat aizkoran aritzea ikusteak ematen diola poz handiena, eta ahal duen bitartean eskolan jarraituko duela, gazteak trebatzen. Bilobek aizkoran zaudetelako pozik egongo da, ezta?
Bai, oso pozik. Aizkoran jarraitzen dugula ikustearekin izugarri pozten da. 

Aizkolari sena ikusten al dizuete?
Hori ez dakit (kar, kar). Pixka bat ibiltzen naiz eta oraindik asko falta da goraino heltzeko, baina nahiko ongi ibiltzen garenez, jarraitzera animatzen gaituzte.

Aurten eman duzu saltoa. Nafarroako III. Mailako Txapelketan aritu zara, Amets Aristizabal urdiaindarrarekin batera. Sanferminetako kanporaketan hirugarren sailkatu zinen, Endika Goiaren eta Patxi Igoaren atzetik. Amets bosgarren izan zen eta biak finalerako sailkatu zineten. Espero al zenuten?
Ez. Joan zen urtean ni txapelketan aritu nintzen, baina Ametsek ezin zuen, oraindik ez zituelako 16 urte bete. Ez nintzen finalerako sailkatu, eta alde askorengatik. Aurten, aldiz, ez nuen espero finalerako klasifikatzea ez horren ongi ibiltzea eta begira.

Agian presiorik gabe aritzeak mesede egin dizu?
Baietz uste dut. 2021ean oso urduri joan nintzen, eta horri gehituta gaizki hasten bazara, ba gaizki bukatzen duzu. Eta hori gertatu zitzaidan. Aurten lasaiago joan naiz eta askoz ere hobeto aritu naiz.

Finala Donamarian jokatu zenuten zuk eta Ametsek. Lehia oso estua izan zenuen Ibai Telletxearekin eta, azkenean, 18 segundoren aldearekin bera izan zen txapelduna. Goia eta Igoa, kanporaketako onenak, zuen atzetik sailkatu ziren. 
Kanporaketan bi kana erdiko erdibitu behar genituen eta finalean bi kana erdiko eta bi 45 ontzako. Lan luzeagoa izatean, agian guk sasoi edo fondo handiagoa genuen eta gehiago eutsi genion. Dena den, ez nuen espero horren ongi aritzea, aurreko aste guztia oporretan egon ginelako eta ez nuelako ezer entrenatu, eta txirrindularitzarengatik ere ez niolako behar zuen arreta eskaini.

Txirrindulariak udan denboraldi bete betean zaudete. Nola moldatzen zinen aizkoran entrenatzeko?
Aizkoran entrenatzeko ez dut denbora askorik izan. Uztail bukaeran Iruñeko Itzulian parte hartu nuen eta hura bukatuta egun batzuk hartu nituen aizkorarako. Pixka bat entrenatuta aurkeztu nintzen finalean, eta aurreko astean astebeteko oporrak izan nituen. Eta sanferminetako kanporaketarako ez nuen gehiegi entrenatu, lasterketak nituelako eta momentuz bizikletari garrantzia gehiago ematen diodalako.

Beraz, Sakanako Aizkora Eskolako neguko saioek bere uzta eman zuten.  
Bai. Dena den astean behin aizkoran ibiltzen nintzen, ez entrenatzen, sasoia eta bereziki teknika ez galtzeko, gehienbat.

Zer jaso zenuen opari?
Trofeoa, aizkora baten antza zuena, eta diru saria. Familia guztia joan zen, eta aitona han ibili zen, laguntzen. Oso pozik zegoen.

Txirrindularitzan juniorretan lehendabiziko urtea duzu eta Sakana Group-Aralar taldean denboraldi bikaina egiten ari zarete. 
Bai, oso ona. Mikel Uncilla eta Aimar Tadeo taldekideak nabarmentzen dira, garaipenak eta podiumak dituztelako, baina talde osoa, orokorrean, denboraldi ona egiten ari gara. Beasaingo Proban, esaterako, Mikel Uncilla bigarren izan zen. Lasterketa garrantzitsua zen, denboraldi bukaerako garrantzitsuena nire ustez, eta espainiar estatu osotik etorritako taldeak zeuden. 

Iruñeko Itzulian aritu zinela aipatu duzu. Uncillak gutxigatik ez zuen juniorren itzuli garrantzitsu hori irabazi.
Bi segundogatik ez zuen irabazi. Itzuliko lau egunetan berari laguntzen ibili ginen, eta lehendabiziko postuan egon eta gero amorru pixka bat ematen dizu horren gutxigatik ez irabaztea. Bi segundo. Baina, beno, bigarren postua ere oso ona da, eta egindako lanarekin pozik geratu ginen.

Uncillak eta Tadeok juniorren bigarren urtea dute, azkena, eta afizionatuetara salto egiteko duten maila erakutsi beharraren presioa. 
Juniorren bigarren urtean daudenendako urte zaila izaten da, hurrengo urterako talderik aurkituko ote duten, urduritasun hori izaten delako. Lehen urtekook aurten ez dugu presio hori, badakigulako datorren urtean taldea dugula. Horrek ere denboraldia lasaiago hartzen laguntzen du.

Nahiz eta talde-txirrindularien lana aitortu, liderren eta irabazleen izenak dira txirrindularitzan aipatzen direnak. Aizkora, aldiz, kirol indibiduala da. 
Agian, kirol filosofia gisa aizkorarena da eramangarriagoa. Nahi duzun eta ahal duzun lana egiten duzu. Txirrindularitzan, gerta daiteke zuk egun oso ona izatea, baina taldekide bat aurrean ihes eginda badago, tropeletik ezin mugitzea. Taldea da oinarria. Agian aizkorakoa da kudeatzen errazagoa. Beste lana ere polita da, baina ez da berdina. 

Txirrindularitza denboraldia berehala bukatuko da.
Bai, larunbatean Lukinen lasterketa dugu eta igandean Tafallan, baina ni ez naiz Tafallan ariko Euskadiko Aizkolari Gazteen Txapelketako finala jokatu nuelako Bizkaian, Muruetan.

Nafarroako III. mailako txapeldunordea zara egun, datorren urtean II. mailan lehiatuko zara eta orain Euskal Herriko saltoa egin nahi duzu.
Gazteendako txapelketa bat da, Euskadiko Aizkolari Gazteen Txapelketa, Euskal Herriko Herri Kirol Federazioak antolatzen duena. Manex Agirre bizkaitarra eta Igoin Pikabea gipuzkoarra izanen ditut arerio. Amets Aristizabalek Urrezko Aizkorako Gazteen Txapelketa jokatu zuenean bertan lehiatu ziren. Nik ez ditut ezagutzen. Lehendabiziko aldia da halako txapelketaren batean ariko naizela. Txirrindularitza denboraldia bukatzear dagoenez, aizkorari tarte handiagoa egingo diot. 

Zer espero duzu?
Ez dakit. Igandean ikusiko da, baina ongi aritzea espero dut. Orain arteko txapelketetan egindakoa baino lan luzeagoa izango da: bi kanaerdiko eta lau 45 ontzako. Nafarroako III. Mailako finalean baino bi enbor gehiago. Nik lan luzeagoak ditut nahiago, bizikletarekin arituta sasoi edo iraupen gehiago dudalako, aizkoran ere beharrezkoa dena. Dena den, aurkariak nola dabiltzan, horrek ere zerikusia du. Gainontzekoak azkarrago badoaz, zu ere saiatzen zara azkarrago aritzen, eta zure erritmotik ateraz gero, lehertu zaitezke. 

Txirrindularitza, aizkora eta ikasketak. Guztia uztartzea zaila al da?
Beno... Neguan okerrena izaten da bizikletarekin entrenatu ahal izatea. Goizean ikastera joan, laurak aldera itzuli eta gero entrenatzera atera... ez nuen denbora askorik. Aizkorarako ez dago arazorik, pabilioi barruan edozein ordutan aritu ahal zarelako, baina bizikletarekin aritzea da arazo handiena. Aurten, arratsaldean ikasiko dudanez, niretako askoz hobe. Goizean bizikletarekin atera, gero ikasketetako lanak egin eta arratsaldean ikastera. Mantenu lanen ikasketak egiten ditut, Goierrin. 

Zorte on igandean, ea Euskal Herriko saria ekartzen duzun!
Nahiko nuke, baina zaila izango dela uste dut.