Ekopasabide egitasmoa administrazio pausoak egiten ari da

Guaixe 2022ko aza. 17a, 10:02

Ekopasabidea errepide eta autobia gainean eginen den zubi moduko bat izanen da. ARTXIBOA

Alegaziorik ez zenez izan, behin betiko onartu da proiektua. Dagoeneko presazkoa izendatu dute ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, nahitaez desjabetzeko.

Nafarroako Gobernuak Etxarri Aranazko Aritzalko basoan egin nahi duen natur pasabidearen proiektua behin betiko onartuta gelditu zen hilaren 2an. Izan ere, jendaurreko epean ez zen alegaziorik aurkeztu. Ondorioz, ″Ekoduktua A-10 autobiako 22+000 KPn, Etxarri Aranatzen″ izeneko proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen titularrei dei egin diete abenduaren 15ean eta 16an Etxarri Aranazko udaletxera ager daitezen, okupatu aurreko aktak eta, hala badagokio, okupazio aktak egiteko. Etxarri Aranazko Udala eta familia bereko bost lurjabe dira tramite horretara Nafarroako Gobernuak deitu dituenak. 

Bestalde, asteartean presazkoa deklaratu zuten ekopasabidea proiektuko obrek ukituriko ondasun eta eskubideen okupazioa, nahitaez desjabetzeko. Ukitutako ondasun eta eskubide horiek eskuratzeko, 61.678,90 euroko gastua kalkulatu du Lurralde Kohesiorako Departamentuak. Ekopasabide egitasmoak 4.999.999,22 euroko (BEZa barne) aurrekontua du. Lanak heldu den urtean egin asmo ditu foru administrazioak.