Emakumeen arteko sarea ehuntzeko eguna

Guaixe 2022ko aza. 18a, 11:34
Arbizuko emakumeak sareak ehuntzen topaketarako oihalak prestatzen. @ARBIZUKOUDALA

Azaroaren 27an, igandea, Sakanko Mankomunitateko Berdintasun Zerbitzuak Etxarri Aranazko EmHari joskintza taldearekin batera, ibarreko emakumeen arteko sareak ehundu topaketa antolatu du. 

Azaroak 25 Emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako egunaren harira, Sakanako Mankomunitateko Berdintasun teknikariak hainbat ekimen antolatu ditu eta haien artean Emakumeen arteko sareak ehundu topaketa "ikusgarri eta koloretsua" izanen da. Azaroaren 27an, igandea, 11:00etatik aurrera izanen da. 13:00etan ekitaldia eta Pantxika Lamurren "sorpresa" izanen dira.

Ekimenerako Sakanako herri guztietako joskintza talde, lagun talde zein norbanakoei 25x25 zentrimetrokok ohial zati bat prestatzeko eskatu die Berdintasun zerbitzuak. Ohial zati hau teknika ezberdinak erabiliz egin daiteke: gantxilloa, patchowork, gurutze puntua, estanpazioa eta abar. Behin oihal guztiak jasota, topaketan zati guztiekin Patchwork erraldoi bat egitea da helburua. Ehuntzearen bidez emakumeen aurkako indarkeria gaitzetsi ez ezik, eskualdeko emakumeen arteko sareak "indartzea eta ikustaraztea" da helburua. 

Ehuntze kolektiboa behar bezala antolatzeko herri bakoitzetik zenbat oihal zati jasoko diren jakin behar du Berdintasun zerbitzuak, eta horretarako azaroaren 22a baino lehen izena eman behar da berdintasuna@sakana-mank-eus helbidean.