Emakumezkoen arteko sareak josten

Guaixe 2022ko aza. 25a, 14:00
EmHarik Etxarri Aranazko plazako estalopean jarritako erakusketari jendea begira. ARTXIBOA

Etxarri Aranatzek ‘Sakanako emakumeen arteko sareak ehundu topaketa’ hartuko du igandeko 11:00etatik aurrera. Emakumezko sakandarrek aurkeztutako zati guztiak josi eta oihal erraldoia eginen dute. Haren bidez emakumezkoen kontrako indarkeria gaitzetsi eta ibarreko emakumezkoen arteko sareak indartu eta ikustarazi nahi da.

Sakanako Mankomunitatearen Berdintasun Zerbitzuak Etxarri Aranazko EmHari joskintza taldearekin batera antolatu du igandeko ekimena. Dagoeneko hainbat 25 x 25 cm-ko oihal zati jaso dituzte. Guztiak desberdinak eta haiek egiteko hainbat teknika erabili dituzte egileek: gantxilloa, patchwork, gurutze puntua, estanpazioa… Horiek guztiak elkarrekin josiko dituzte EmHari taldeko jostunek igande goizean. Horretan 11:00etan hasiko dira. 13:00etarako lana despedituta izanen dute, orduan ekitaldia eginen baita. Antolatzaileek, gainera, Pantxika Lamurren sorpresa iragarri dute. 

Sakanako berdintasun teknikari Oihana Gallo San Romanek azaldu duenez, ekimenak ″sekulako erantzuna izan du″. Nabarmendu duenez, haren helburua da ″Sakanako emakumezkoen arteko sareak ehuntzea eta indarkeria matxistaren kontra gure arteko ahizpatasun sarea sortzea″. Azaldu duenez, oihala bakarka prestatu duenik bada, baina baita emakumezko taldeetan edo etxean, familian, egindakoak ere. ″Esaterako, Arakilen josteko propio elkartu ziren eta Emakumeen Arreta zentroan lan egiten duen neska bat gonbidatu zuten, eta josten egon ziren bitartean hizketan aritu ziren″. Jakinarazi dutenez, Arbizun hilaren 17rako jarri zuten hitzordua. ″Bestalde, Urdiainen badago emakume talde bat josteko biltzen dena eta hainbat zati prestatu dituzte iganderako. Eta jubilatu elkarte batzuk ere mugitu dira″. 

Gallok jakinarazi duenez, igandean sortuko den oihal erraldoi hori herrietatik sortu da ″eta asmoa da sare hori herrietara bueltatzea. Martxoaren 8aren bueltan izanen da. Eskertzeko modu bat izanen da, baita emakumezko sakandarrek ehundutako sare hori irudikatzeko modua ere″. Teknikariak eskerrak eman dizkie EmHari joskintza taldeko kideei eta, bereziki, ideia proposatu zuen Alazne Juaniz Ezpeletari.