Astekaria

Txakur kros bikoitza Etxarri Aranatzen

Maider Betelu Ganboa 2022ko abe. 20a, 10:35

Etxarri Aranazko Txakurkroseko bi partaide, irteteko prest. MIREN ARREGI

Igande goizeko Etxarri Aranazko Txakurkrosari bezperako iluntzeko txakurkrosa gehitu zion Triku Trail taldeak. Iosu Varona, Marina Von Podolsky eta Josu Galvez izan ziren protagonista nagusiak. Bi sakandarrek hartu zuten parte, Juan Bautista Urtasunek eta Igor Lanzek

Txakurkrosa maite duten kirolariek gozatu ederra hartu zuten asteburuan Etxarri Aranatzen. Triku Trail taldeak antolatutako Etxarri Aranazko Txakurkrosak aurten bi lasterketa izan zituen: ohikoa, igande goizean jokatutakoa, eta estreinakoz bezpera iluntzean antolatutakoa. Izan ere, txakurkrosean parte hartzen duten kirolari asko bezperatik etortzen dira Etxarri Aranatzera eta horregatik, bezperan proba berezia antolatzea bururatu zitzaien Triku Trailekoei, distantzia laburragoan eta ilunpean jokatu zena. Esperientziarekin “oso kontentu” daude parte hartzaileak eta antolakuntza.  

Txakur krosa txakurrei lotuta egiten den lasterketa bizi eta ikusgarria da. Hainbat modalitateetan jokatzen da, eta Etxarri Aranazko bi probatan hiru modalitatetan jokatu zen: scooter –kirolaria patin antzeko batean doa igota eta txakur bat edo bi hari tiraka–, bikejoringa –parte hartzailea bizikletan doa eta txakurra hari lotuta– eta txakur krosa –txakurrari lotuta korrika egitea–. Ez dago esan beharrik ere kirolarien eta euren txakurren arteko erlazioa eta elkar ulertzea estua eta ezinbestekoa izan behar duela. 

Gauean, estreinakoz
Bi lasterketek Etxarri Aranazko kanpina izan zuten irteera eta helmuga eta inguruko baso zoragarrietan jokatu zen, bihurgunez, bidegurutzez eta aldapaz jositako zirkuitu teknikoan.  Larunbat iluntzean 4 kilometroko distantzia osatu zuten proban parte hartu zuten 65 kirolariek. Atzean antolakuntzako quadeko fokuak argiztatzen zien bidea, eta sentsazioa “bitxia, ederra eta berezia” izan zela diote gehienek. “Oso dibertigarria izan zen” azaldu zuen bikejoring eta scooter modalitateetan parte hartu eta bietan gailendu zen Iosu Varona donostiarrak. Egia esan, irudi ikusgarriak utzi zituen gaueko probak. 

Txakur krosean aritzeko primerako eguraldia zegoela –txakurrekin korrika egiteko eguraldi hotza ezinbestekoa da– jokatu zen proba. Bikejoring modalitatean zazpi partaide sailkatu ziren eta Iosu Varona (9:10) eta Sant Pere de Ribesko Marina Von Podolsky (16:06) izan ziren azkarrenak. Scooter mailan lau kirolariren artean Iosu Varona (8:49) izan zen azkarrena eta Juan Bautista Urtasun urdiaindarra hirugarren sailkatu zen (11:36). Azkenik, txakur krosean lehiatu ziren 54 korrikalarien artean Ruben Perez arrigorriagarra gailendu zen, 4 kilometroak 13:12an osatu eta gero. Emakumezkoetan Itsaso Erauskin hondarribiarra izan zen azkarrena (16:03). 

Varona eta Von Podolsky nagusi
Igandean laster hasi ziren Etxarri Aranazko Txakurkroseko probak. Aurretik, txakurrek albaitarien kontrolak gainditu behar zituzten. Hotza handia zen, baina ez zuen euririk egiten eta sailkatu ziren 104 kirolariak gustura ibili ziren. 

Bezperako iluntzeko proban bezala, igande goizeko bikejoringeko protagonista nagusiak Iosu Varona donostiarra eta Marina von Podolsky izan ziren. Igandean 6 kilometroko proba luzeagoa zuten aurretik, eta Varonak 13:05 minutu behar izan zituen bikejoring proba osatzeko. Von Podolskyk, 9 minutu eta erdi gehiago (22:39). Sakandarrei dagokienez, Igor Lanz satrustegiarra zortzigarren sailkatu zen (31:15). 

Scooter edo patin proba lau kirolarik osatu zuten, Iosu Varona buru zela (14:57). Juan Bautista Urtasun laugarren sailkatu zen (17:41). Txakur krosa izan zen probarik jendetsuena. 92 korrikalarik osatu zituzten 6 kilometroak, euren txakurrez lagunduta. Josu Galvez eskoriatzarrak (18:46) eta Olatz Zabala irundarrak (21:32) egin zuten denborarik onena. Iluntzeko probako irabazleei dagokienez, Ruben Perez hirugarren sailkatu zen (20:16) eta Itsaso Erauskin zazpigarren emakumea (24:20). 

Finean, beste behin arrakastatsua izan zen Triku Trailek antolatutako proba, bai parte hartzaileei begira, baita eskainitako ikuskizunari begira.