Karreraren gradu erregresioen kontra egin dute

Guaixe 2023ko mar. 2a, 09:31

Manifestazioak aldarrikapenak herrian barna eraman zituen.

Sarek deituta, makina bat sakandarrek Espainiako Auzitegi Nazionalak preso etxarriarra berriro espetxeratzeko hartutako neurria salatu zuten.

Hilabeteko azken ostiraletan euskal presoen eskubideen alde eta haiek etxeratzearen aldeko bilkurak egiten dira makina bat herritan. Joan den ostiralean Sakanan deituak zeudenak bertan behera gelditu ziren eta sakandarrak Etxarri Aranatzen deituta zegoen manifestazioan parte hartzera deituak izan ziren. Mobilizazio horren bidez Espainiako Auzitegi Nazionalak Asier Karrera Arenzanari hirugarren gradua atzera bota eta espetxera bueltatu behar izana salatu zuten. Gaur egun Martuteneko kartzelan dago preso. 

Sareko kideek adierazi zutenez, “fiskaltzak, Espainiako Auzitegi Nazionalaren laguntzaz, legedi arrunta ezartzearen eta etxeratze prozesuaren kontrako oztopoak jartzen jarraitzen du. Berriz ere, herri honek behar dituen konponbiderako eta elkarbizitzarako bide horretan oztopoak jartzen ditu”.  Sareko kideek argi dute presoen graduen erregresioa haien hurrengo hilabeteetako aldarrikapen nagusienetako bat izanen dela.