Ekopasabideko lanak apirilean hasiko dira

Guaixe 2023ko mar. 20a, 10:35
Itziar Gomez Lopez kontseilaria eta Silvia Marañon Chasco alkatea lanen arduradunekin batera. UTZITAKOA

Nafarroako Gobernuak sustatu duen lana Aralarko eta Urbasa-Andiako fauna lotzeko baliagarria izanen da.

Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuak Etxarri Aranazko Haritzalko hariztian eraikiko den ekopasabidearen lanak Obenasa enpresari eman dizkio. Lanengatik enpresak 6.079.598,62 euro (BEZ barne) jasoko ditu eta egitekoak urte erdian despeditu beharko ditu. Lanak REACT funtsekin finantzatuko dira. Itziar Gomez Lopez kontseilariak, Ingurumeneko teknikariekin eta Obenasako arduradunek proiektua aurkeztu zioten Etxarri Aranazko alkate Silvia Marañon Chascori ostiralean. 

Ekopasabide edo ekoduktua NA-2410 eta Sakanako Autobia (A-10) gainean zubia egitean datza. Ibilgailuak harrapatuta izateko inolako arriskurik gabe fauna alde batetik bestera pasatzeko funtzioa izanen du ekopasabideak. A10 autobiaren 22+000 kilometro puntuan eraikiko da, haren gainetik 7,13 metrora egonen da, 60 metroko luzera izango du, eta 45 metroko zabalera. 

Pasabide ekologikoa Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiaren ikuskaritzapean landareztatuko da. Zuzendaritza hori faunaren beharretara egokitutako landare-estalkia ezartzeaz arduratuko da, eta bi mendiguneetako haranaren hegaletako eta hondoko paisaia osatzen duten basoen, zuhaiztien eta zuhaixka-heskaien eraketei jarraipena emango die. Landaredi horrek behar besteko babesa emango dio faunari, ekobuluan zehar mugitu ahal izateko. Obra zibila amaitu ondoren ekingo zaio.

Adierazpenak 
Departamentuko teknikarien iritziz, Haritzalkon jasoko de azpiegitura funtsezkoa da korridore ekologiko bat egotea ahalbidetzeko, kontserbazio bereziko bi eremu diren Aralar eta Urbasa-Andia mendilerroen konektibitate arazoak konpontzeko. Zehazki, ekopasabideak Aritzalkoko hariztiaren bi eremuak lotuko ditu, eta, horrela, Natura 2000 Sarearentzat garrantzia handia duen konektibitate ekologikoko arazo bat konponduko du, EBko 2030erako Biodibertsitatearen Estrategiarekin lerrokatuta eta bi guneen kudeaketa planetan funtsezko elementu gisa identifikatuta.

Gomezek azaldu duenez, “ekoduktua eraikitzea pauso handia da biodibertsitatearen alde, Natura 2000 sarea lotzeko bide bat irekitzen dugulako, faunarendako oztopo fisiko nagusia den Sakanako Autobia (A-10) gaindituz. Konektibitate arazo bat konpontzen da, animalien joan-etorri askea erraztuz eta, ondorioz, lurreko ugaztunen populazioen arteko truke genetikoa eginez, epe luzera kontserbazioa erraztuko duena”. Gomez kontseilariak gaineratu duenez, “proiektua Navarra Green Estrategiaren barruan kokatzen da, biodibertsitatearen defentsari dagokion osagaian, eta bat dator EBko 2030erako Biodibertsitatearen Estrategiarekin”.

Gobernutik gaineratu dutenez, ekopasabideak “bide-segurtasuneko elementu” gisa ere hartu behar da, ibilgailuek basa-faunarekin talka egitearen ondoriozko istripu tasa murriztuko baita. Azken 20 urteetan, autobia horretan, Irurtzun eta Altsasu artean, 11 fauna espezieren hilkortasuna identifikatu da, horietako batzuk mehatxupean. 150 animalia baino gehiago aurkitu dira, eta horrek esan nahi du hilkortasuna askoz handiagoa dela, horietako asko ez baitira inoiz detektatzen.