Saretzen

"Gaztetan mundua ezagutu nahi nuen"

Guaixe 2023ko api. 5a, 08:30

Marcos Rocha Ultramarinos Razkin dendan.

Ultramarinos Razkineko langilea da Marcos Rocha.

Brasilgo Maringan jaiotako etxarriarrak 38 urte ditu. “Hemen herri handia da Maringa, baina Brasilen 400.000 biztanleko herri bat oso txikia da”. 

Non dago Maringa?
Brasilen, Argentina eta Paraguayko muga ondoan. Maringa toki tropikala da, normala da bero egitea, 11 hilabete udan gaude.

Noiz erabaki zenuen sorterria uztea?
Gaztetan mundua ezagutu nahi nuen, hondartza, ingelesa ikasi, beste kultura batzuk ezagutu. Lehenengo gurutzaontzi batean lan egin nuen, urtebete. Ondoren, Perura joan nintzen. 

Zergatik joan zinen Perura?
Nire emaztea perutarra delako. 

Perun zenbat denbora egon zinen? 
Hiru urte eta erdi bizi izan nintzen han. 

Nolaz bukatu zenuen Etxarri Aranatzen?
Nire amaginarreba hemen bizi zen. Alaba Perun jaio zen eta hona bizitzera etorri ginen. 

Zenbat daramazu hemen?
Sei urte daramatzat hemen bizitzen. Semea hemen jaio da. 

Etortzeko problemarik izan zenuen? 
Ez nuen izan problemarik. 

Tramite asko egin zenituzten?
Bai, normala da paper asko egitea. Beti bezala. Pazientziaz hartu behar! Denbora asko pasa zen paperak egiteko. 

Perura edo Brasilera joan zara bueltan? 
Ez. Pandemia etorri zen eta ez. Nire familia guztia han dago. Orain prezio guztiak igo dira, baina badaukat esperantza itzultzeko, Peru edo Brasil bisitatzeko. Bizitzeko ez, familia bisitatzera joango naiz. Hemen hobe txikiekin. 

Etorri eta lanera?
Bai. Familiaren dendan hasi nintzen lanean. Hemen bizi, eta euskara ikasten hasi nintzen. 

Euskara ikastera animatu zinen?
Bai. Seme-alabak ditut. Nire alaba etorri zen 18-19 hilabeterekin eta txikiarekin parkera atera eta batzuek ez zuten erdara ulertzen, besteak bai. Eta pentsatu nuen hoberena zela euskara ikastea, pixka bat hitz egitea. Alabarekin praktikatu dut parkean eta beste lekuetan.  

Zer moduz dendan? 
Jatekoak, edatekoak, garbitzekoak, txukuntzekoak eta denetarik saltzen ditugu. Azken urtean guztiaren prezioak igo dira. Guztia kontrolatzeko lan astun-astuna da. 

Pandemian zer nabaritu zenuten? 
Beste mundu bat zen. Desberdina da pandemia eta pandemia ondorengoa. Lehen bezala jendea normal etortzen da. Hasieran, musukoa atera eta jendea beldurrez zegoen. Baina hori normala da kasu batzuetan, pertsona musukoarekin etortzen bada, errespetatu eta aurrera. 

Lana eta familia kontziliazioa, zer moduz? 
Bai. Lanetik atera ondoren familiarekin parkera joaten gara. Eta etxean zerbait laguntzen dut, zerbait garbitu edo txukundu. Oso ongi moldatzen naiz. 

Zer moduz bezeroekin? 
Oso ongi, oso gustura. Oso ongi moldatzen naiz. Brasilgo ohituretatik desberdinak dira hemengoak, baina oso-oso pozik. 

Brasili buruz galdetzen dizute? 
Bai. Elurra egiten duenean esaten dute: Marcos, Brasilen ez dago horrelakorik! Brasil oso beroa da, baina euri asko-asko egiten du. Desberdintasunak daude.