Aritzalko basoan Sakanako Autobia (A-10) eta NA-2410 errepide gainean ekopasabidea egiteko lanak martxoko azken astean hasi ziren. Eraikuntza enpresako langileak basoan hainbat garbiketa lan egin ondoren, ekopasabidea egiteko zenbait haritz moztu zituzten joan den astean. Etxarri Aranazko Udalak jakinarazi duenez, zuhaitz horiek etxerako sutarako lote gisa banatuko dira aurten. Horretaz aparte, ekopasabidea dagoen tokian aurreneko Korrikan parte hartu ondoren etxerako bueltan zihoala eta auto batek harrapatuta hil zen Javi Eseberri Arrarasen oroigarria dago. Udalak eraikuntza enpresarekin hura errespetatzeko irizpideak lotu ditu.
Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuak lan horrekin Aralar eta Urbasa-Andia mendien artean faunarendako lotura eta pasabide seguru bat sortu nahi du. Horrekin ibilgailuek basa animaliak ez harrapatzea eta bi mendietako ugaztunen genetika trukea erraztea lortu nahi du departamentuak.