Oztopo proba bertan behera

Guaixe 2023ko api. 19a, 09:23

Apirilaren 22an, larunbata, jokatzekoa zen Nafarroa Oinezek antolatutako proba bertan behera utzi dute, gutxieneko partaidetza "lortu ez delako".

Andra Mari Ikastola ari da aurten lastailaren 8an ospatuko den Nafarroa Oinez antolatzen, eta aurretik ekimen ugari antolatzen ari da.Tartean Oztopo Proba antolatu zuen apirilaren 22rako, larunbata, Etxarri Aranazko plazako zabalgunea eta kiosko artean. Nafarroa Oineztik jakinarazi dutenez, proba bertan behera uztea erabaki dute, "bere egunean finkatutako gutxieneko partaidetza lortu ez delako". Nafarroa Oinezen webgunean irakur daitekeen ohar baten bidez azaldu dutenez, data duela zenbait hilabete zehaztu zuten, "jakina da udaberritik aurrera Euskal Herri luze zabalean hamaika jarduera, ekintza eta ekimen antolatzen direla eta, hala izanik, beste deialdi eta jarduera batzuekin bat egin du gure oztopo probak".

Beste data batean ospatzeko aukera aztertu dute, baina "oraingoan gertatzen den bezala beste deialdi batzuekin bat egingo lukeela ikusi dugu". Hortaz, asmatuko ez luketela uste dute. "Gauzak honela, Nafarroa Oinez 2023 antolatzen ari garen Andra Mari Ikastolako kideok zinez eta bihotz-bihotzez eskertu nahi ditugu oztopo proba antolatzearren laguntza eskatuta, ondoan izan dugun ororen ekarpena eta jarrera". Parte hartzeko izena eman duten lagunak eskertu dituzte ere.