Maiatzaren 13an 30 urte eginen ditu Pello Mariñelarena Imaz etxarriarra Parisko espetxe batean hil zela, "berandu eta gaizki" artatu baitzuten, nahiz eta gaixotasun larria zuen. Mariñelarena "sortzailea zen, sentibera, barne bizitza aberatsekoa. Gaitasun berezia zuen sakon-sakonetik irteten zitzaion barne bulkada hori margolanetan eta olerkietan islatzeko", azaldu dute senide eta lagunek. Espetxean hainbat gauza sortzen jarraitu zuen. Mariñelarenaren heriotzaren 30. urteurrena gogoan, Espetxea eta Sorkuntza egitaraua prestatu dute Etxarri Aranatzen. Jardunaldiaren barruan, maiatzaren 5ean, 6an eta 7an, Iñaki Pikabea Piti preso ohiaren Ekinaren Ekinez erakusketa izan zen Etxarri Aranazko kultur etxean. Maiatzaren 10ean berak eta Jokin Urain Kixkur-rek Sorkuntza eta Espetxea deitutako mahaingurua eginen dute.
Noiz hasi zinen artelanak sortzen?
Nik uste apaldiko gauza bat dela. Txikitan-edo hasi zen. Ogibide eskolan ikasi nuenean marraztea gustatzen zitzaidan. Hor sortu zitzaidan zaletasuna.
Espetxean artea sortzen jarraitu zenuen.
Espetxean lehenengo non zauden jakin behar duzu; zeure burua ondo kokatu behar duzu. Ordu asko dira eta egoera asko bizitzen dira, eta horren ondorioz, pixkanaka-pixkanaka gauzak sortzen hasten zara. Nik uste hori preso guztiek egin izan dugula, modu batean edo bestean; batzuek idazteari ekiten diote ... Nik ere zerbait idatzi nuen. Barruan duzuna kanporatu behar duzu.
Beraz, arteak laguntzen du?
Bai, asko. Bakoitzak berearekin, baina bai. Aukeren eta lekuaren araberakoa da. Leku askotatik pasatu gara, egoera desberdinak bizi izan ditugu eta berehala sentitzen duzu barrukoa kanporatzeko beharra edo gogoa. Poliki-poliki hasten zara.
Eta nola da espetxean sortzea? Materialak eta abar nola lortzen zenituzten?
Hasiera batean, gutxienekoarekin egiten nuen. Gero, bakoitzaren gaitasunaren arabera, erakusketan ikusiko da aguakate hezurrekin egindako artelan bat, adibidez. Halako batean, lanean hasi eta hezur batetik zerbait ateratzen da. Gauza bereziak egiteko eskaerak genituen eta ahal zirenak sartzen ziren. Espetxe guztietan ez zen berdin: batzuetan, aukera gehiago zenuen eta beste batzuetan,berriz, gutxiago. Istorioak. Gero, berriro espetxeratu nindutenean, Arte Ederretan matrikulatzeko aukera izan nuen. Horrek materiala lortzeko aukera gehiago eman zidan. Asko borrokatuta; pintzel bat edukitzea izugarrizkoa zen.
Estilo propioa sortu zenuen? Nola definituko zenuke?
Nik ez nuke esango halako estiloa edo bestelakoa dudanik. Nik denengandik jaso nuen zerbait. Ikasterakoan ikusi eta ikasi ahala probak egiten nituen. Niregan sortu zena. Esperimentazioa egin nuen, ez nuen kopiatzen, baina ikasitakoa jarraituz esperimentatzen nuen. Zergatik ez dut xaboiarekin egiten? Horrela. Denetatik pixka bat hartzen nuen.
Egoera horretan zure sormena handitu egingo zen, ezta?
Bai. Sormena eta komunikatzen eta garatzen jarraitzen duzu. Horrek ematen dizu beste ikuspuntu bat. Bizitutakoa, ikusitakoa, pairatutakoa... gauzatzeko eta adierazteko nahia.
Zertan datza 'Ekinaren Ekinez' erakusketa?
Hoberena ikustera joatea da. Baten batek esan dezake: "Nik egin dezaket hori". Noski! Nire ustez, garrantzitsuena da jendearekin partekatzea eta ikustea. Erakusketa ez da artelanak saltzeko. Zer ikus daiteke erakusketan? Leku guztietan ikusitako, bizitako, eta pairatutakoen margoak, formak eta collageak. Bereziki collageak izugarri gustatu zaizkit. Collageak egiteko sartzen zizkidaten aldizkarietatik rudiak hartzen nituen eta jolasten joaten nintzen. Orduan, laburbilduz, hori da erakusketa: barneko gogoa, egoera desberdinak gauzatzea edo azaltzea. Bizitzaren eragina ere bai. Gure gizartea, gizakiak eta ingurumena ikusteko modua ere bai. Nahiko agerikoa da.
Zenbat artelanek osatzen dute?
Gehienak nahiko txikiak dira. Barruan egonda ezin duzu gauza handirik egin. Xumeak dira, zuzenean egindakoak. Ez dakit zenbat egon daitezkeen eta lekuaren araberakoa izaten da.
Zein denbora tartetan sortutakoak dira?
Denboraldi desberdinetan egindakoak dira. Ezin dut data finko bat eman. Lan batzuk barruan egindakoak dira. Eskulturak, esaterako, barruan egin daitezke, baina horiek egiteko erabiltzen nituen leihotik pasatzen zizkidaten materialak. Adibidez, karton pluma delakoa. Dena aprobetxatzen nuen. Frida Kahloren bat egin nuen. Soberan geratzen ziren puxketak gordetzen nituen. Urrea bezala gordetzen nituen. Zurarentzat den kola txuriarekin kolatzen nuen, horrekin egiten joaten nintzen eta azkenean eskultura bat egin nuen. Kanpoan nengoela fundizio batera eraman nuen. Horrelako eskulturak egiteko egur zatitxoak, poliespana eta abar erabiltzen nituen, eskura etortzen zitzaidan edozer.
Material horietan zerbait ikusten zenuen?
Bai.
Artelanak sortzen jarraitu duzu?
Bai, gauzatxoak egiten ditut. Lehendik egindako zerbait ere berriz hartu izan dut. Jubilatuta nagoenez...
Nola lagundu dizu arteak?
Nik esango nuke besteen artean lagun izan dudala artea; pertsonez gain, lagun izan dudala. Maiatzaren 10ean 'Sorkuntza eta Espetxea' mahai ingurua eginen duzu Jokin Urain 'Kixkur'rekin. Zertaz hitz eginen duzue?Oraindik ez naiz Jokinekin egon, baina nik uste gutxi gorabehera hitz egingo dugula zer ematen dizun hau edo bestea egiteak eta zerk bultzatuta edo eraginda sortzen dugun. Neurri batean, bai idazleak, bai ni bezalakoek egiten duguna da kontraesanak edo gauzak agertzea.
Arteramiñe elkarteko kideak zarete, zer da?
Horrelako idazlanak eta gauzak landu dituzten presoak daude elkartean.
Pello Mariñelarena ezagutu zenuen?
Nik ez nuen ezagutu, baina gogoratzen naiz Etxarri Aranatzen atera zuten bere liburua irakurrita ohartu nintzela zenbait gauzatan bat egiten genuela. Mariñelarenak egoera asko adierazi zituen. Liburu horretan bistan da. Poesiaren oso zalea ere bazen, ikusi nuenagatik. Oso konpletoa. Bitxia da bazuelako horrelako joera bat: baditu lan asko berdin berdinak bata ikatzarekin, bestea oleo lana da...