Maiatzaren 21ean ehun urte bete ziren Etxarri Aranatzek Nafarroako lehen Euskal Jaiak hartu zituela. Urteurrena baliatu nahi izan du Etxarri Aranazko Udalak Jose Luis Erdozia Mauleon euskaltzain urgazlea omentzeko. Plazan egindako ekitaldian Silvia Marañon Chasco alkateak Erdoziak egindako bilketa lana aitortu zuen, bai euskararen lanbidean, bai herriko kontuekin. Eta gogoratu zuen omenduak maite duela hiketan hizketatzea. "Zuk egindako lan izugarriarengatik, herriaren izenean, mila esker. Atzo izan zirenak, gero izango direnen eskutan utzi dituzulako, mila esker. Harribitxiak utzi dituzu gure eskutan. Baina ez lokartu, segi horrela. Oraindik beste hainbeste egin beharra daukazu eta". Alkateak Erdoziari lore sorta eta oroigarria oparitu ondoren, Etorkizuna dantza taldeko dantzariek aurreskua dantzatu zioten.
Erdoziak jakinarazi zuen lanean segituko duela, "nire zaletasunik handiena delako". Nabarmendu zuenez, "euskara ederra daukagu hemen, oso aberatsa gainera". Erdoziak gogorarazi zuen duela 45 urte hasi zela euskaraz alfabetatzen. "Hasieran hitz pila bat ikastaroetan ikasten nituela pentsatzen nuen". Baina jabetu zen etxean edo herrian entzunak zituela. "Eta meritu gutxi. Amaren tititik hasi nintzen euskaraz, eta aitaren eta hiru anai horien kolkotik ere bai. Ni baino zaharragoak dira eta pentsatzen dut besotan izango nindutela".
Omenduak hizkuntzak asko aurreratu duela azpimarratu zuen: "batuak asko lagundu du eta lagundu beharko du oraindik ere. Euskarari, zoritxarrez, erronka zailak etorriko zaizkio oraindik. Hobetzen saiatu beharra dugu. Batez ere erabiliz. Gero eta jende gehiagok daki euskara, baina erabilera ez da maila berdinean igotzen ari. Gure baitan dago euskarari bulkada ematea".
Euskaltzaindia
Hizkuntzaren akademiaren izenean Sagrario Aleman Astitzek hartu zuen hitza. Erdozia "egunerokoan euskararen alde egiten duzun lanagatik" zoriondu zuen. Euskaltzainak azaldu zuen duela ehun urteko euskal jaiaren antolatzaileak udala, Nafarroako Diputazioa eta Euskaltzaindia izan zirela. "Helburu argia izan zuten festa hura antolatzean: euskarari eustea, euskararen berrindartzea eta euskara zabaltzea". Alemanek azpimarratu zuenez, "gaur egun helburu horiek balio digute, oraindik ez baitugu lortu euskararen berreskurapen osoa".
Euskaltzainak 1923ko testuingurua ere izan zuen aipagai: "nabaria zen euskararen erabileraren galera. Euskara egiten zen herri batzuetan hizkuntza galdu edo galduxea zuten, Arakilen gertatu zen bezala. Ikusten zen beheraka zihoala, gero eta lurralde txikiagoa zuela euskarak". Azaldu zuenez, garai hartan euskarak aurrera egitea eragoztea egotzi zieten Altsasuko tren geltokiari eta Olatzagutiko porlandegiari. "Horretaz aparte, gauza franko zeuden tartean: euskararekiko mespretxua, deuseztea edo hizkuntzarekiko ematen zen gutxiespena".
Ehun urteren ondoren "gauzak aldatu" direla adierazi zuen. Euskaltzainak nabarmendu zuenez, "geroztik pauso sendoak eman dira euskara berreskuratzeko, euskarari indarra emateko". Euskara batuaren oinarriak 1968an jartzea izan zen haietako bat, "aurrerapauso handia ekarri zuena. Horrek ekarri zuen hango eta hemengo euskaldunak elkarrekin euskaraz aritzeko erraztasunak. Ekarri zuen euskara idatzia, horrek hizkuntzari galdua zuen prestigioa eman zion. Aldi berean, herriaren batasun bat lortu zen. Ondoren, euskara ordura arte arrotz zen hainbat eremuetan sartu zen: administrazioan, komunikabidetan, irakaskuntzan". Alemanek gaineratu zuenez, euskara batuaren beste lorpen bat izan da haur eta helduen irakaskuntzaren bidez "gero eta jende gehiago hurbiltzea euskarara eta, horren bidez, hiztun berriak lortzea. Gaur egun etxeko transmisiotik baino askoz ere hiztun gehiago irakaskuntzaren bidez heldu dira. Hor ere onura izan dugu". Horregatik euskara ikasten ari diren haur eta helduei eskerrak eman zien, "euskara ikasteko eta hobetzeko egiten duzuen ahaleginagatik".
Euskaltzainak ziurtatu zuenez, "euskararen egoera ez dago bere onenean. Lan mundua, aisialdia eta hainbat arlo badira euskarak presentziarik ez duena, edo oso urria duena eta espazioak behar ditu. Esaterako, pantailak. Hori ere irabazi beharra dago. Aurrera goaz, baina oraindik asko falta dugu. Ekin eta jarrai, lana badugu, segi dezagun horrela". Etxarriarrei ere hizkuntzaren erabilera eta transmisioagatik eskerrak eman zizkien.
Ekitaldia
Garagarrilaren 4koa udaleko Euskara Batzordeak antolatu zuen eta hura prestatzeko garaian 1923ko egitaraua izan zuten oinarri. Hala, hitzartzeen artean etxarriarren parte hartzea izan zen. Esaterako, Jaxone Mendiola eta Onintza Goñik noketan antzezlan txiki bat jokatu zuten. Horrela, Erdoziak Etxarri Aranatzen mendeurrenerako prestatutako antzezlana eta hitano irakasle lana uztartu zituzten. Naroa Ansok irrintzia bota zuen; bertsoa, berriz, Eneko Lazkoz Martinezek. Eskolako eta ikastolako ikasleek Jon Maiaren eta Castillo Suarezen olerki bana irakurri zituzten. Etxarri Aranazko abesbatzak, abesbatza txikiak eta Burundar Txistulariak ere parte hartu zuten. Hirurek elkarrekin Karlos Sanchez Ekizaren Iraun eta iraun obra kantatu zuten, abesbatzaren 50. urteurrenean mustu zena. Partitura hori Etxarri Aranazko zenbait melodia ezagunetan oinarrituta dago, eta igandeko ekitaldian txistulari eta akordeoilarien akonpainamendurako moldaketa mustu zen. Han jasoak daude: Dantzakia (Joseba Beltzak jarri zion letra), Urte berri doinu zaharra, Urte berri doinu berria (Patxiko Urrestarazu) eta Alabatua (Gabon kanta).
Duela 100 urte
Euskaltzaindia 1919an sortu zen eta lehen erabakietako bat izan zen Euskal Herriko eskualdeetan barna Euskal Egunak ospatzea. Haien helburua zen "galtzen ari zen euskarari eustea eta, aldi berean, gure hizkuntza indarberritu eta hedatzea". Lehendabiziko Euskal Eguna Durangon egin zen 1921ean. Etxarri Aranazko Udalak, Nafarroako Diputazioak eta Euskaltzaindiak 1923an Euskal Jaia antolatu zuten 1923ko maiatzaren 21ean. Garaiko prentsaren arabera inguruko ibar eta herrietan euskararen erabileraren galera oso nabaria zela. Egoera harri aurre egiteko antolatzaileek Etxarri Aranatz puntu estrategikotzat jo zuten. Bulkatzaileetako bat Damaso Intza izan zen.
Ospakizunak 09:00etan hasi eta 19:00etan despeditu ziren. Egitarauak hainbat ekitaldi jaso zituen. Alde batetik, Arruazu, Lakuntza, Arbizu, Unanu, Lizarraga eta Etxarri Aranazko haur, gazte eta helduek beraien herrietako kantak abestu zituzten. Bertsolariak eta irrintzilariak ere aritu ziren. Bestalde, zenbait haurrek buruz ikasitako olerkiak errezitatu zituzten. Haietako bat Margarita Mauleon izan zen. Hiru hitzaldi ere izan ziren. Lehenik, Marzelo Garziarenak, Irañetako erretoreak, hartu zuen hitza. Ondorengo hitzaldia Arturo Campion Jaimebonena izan zen eta, azkenik, Damaso Intza hizketatu zen, azken biak euskaltzainak. Eguneko diru kontuetan Juana Urrutiaren hitzaldia ere aipatzen da.
Bestalde, Damaso Intza aurretik ibilia zen eskoletako ikasleak euskaraz irakurtzera eta idaztera bulkatzen. Duela 100 urteko Euskal Jaian herrietako neska-mutikoek euskaraz nola irakurtzen eta idazten zuten neurtzeko azterketak egin ziren. Haietan Arruazu, Lakuntza, Arbizu, Ergoiena, Etxarri Aranatz eta Bakaikuko ikasleek parte hartu zuten. Onenek sari gisa liburuak eta Nafarroako Aurrezki Kutxako kartilla bana jaso zuten. Saritan 520 pezeta (3,12 euro) banatu zituzten. Herrien artean mailarik altuena izan zutenak arbizuarrak izan ziren.
Euskaltzaindiak ospakizuna antolatzen 1.378,30 pezetako (8,28 euro) gastua egin zuen. Gastuen zerrenda horren bidez jakin daiteke txotxongilo emanaldia izan zela, Etxarri Aranazko musikariek jo zutela eta herri kantak zituzten orriak banatu zituztela jendeak abestiak kanta zitzan.
Nafarroako Diputazioak antolaketan laguntza emateaz aparte, Lorenzo Oroz eta Ignacio Baleztena diputatuen egun osoko presentziarekin babesa eta bulkada eman zuen. Prentsak aintzat hartu zuen haien presentzia. Eta ospakizunaren ondorengo adierazpenean Euskaltzaindiak goraipatu zituen.
Etxarri Aranazko alkateak Madrilgo Euzko Etxeko lehendakari Arospidetar Jonen eskutitza jaso zuen. Euskal Jaian udala parte hartzeagatik haien atsegina azaldu zion. Resurreccion Maria Azkue euskaltzainburuak esan zuenez, "jai hura hain ederki atera zen", eta udalari bere prestutasuna eskertu zion.
Eneko Lazkoz Martinez.
Bertsoa
Euskararen militante
ta herritar ondradu.
Askori eskerrak ez da
euskara oraindik galdu.
Bizirauteko borrokan den
hizkuntza bat gara gu
Handien aldean txiki
eta txikian zapaldu.
Ta askok diote “euskara
bihotzean daramagu”.
Baina hitz egin ezean
horrek zentzurik ba al du?
Maitatzea ez da aski
zaindu beharra daukagu.
Eneko Lazkoz Martinez
Doinua: ETAren su etenetik